Ttakunek antolatzen duen Solaskide programaren barruan zegoen Mintzodromoa. Ikasturteari amaiera emateko ekitaldi aproposa aukeratu zuten, euskaraz aritzeko ekitaldia.
Solaskide programaren helburua euskara ikasten ari direnei euskaraz aritzeko aukera ematea da, erabilera sustatzeko eta ikasitakoa praktikan jartzeko. Horretarako zer hobe taldean bildu eta gustura gai ezberdinetaz solasean aritzea baino. Ba hori izan zen ostiralean egin zutena Mintzodromora hurbildutakoek.
Eguraldi kaxkarra zela medio, ezin izan zen Mintzodromoaren I. Edizioa kalean egin eta antolatzaileek Jalgi taberna barrura eraman behar izan zituzten mahaiak eta bertan, giro onean burutu zen ekintza.
Magiaz beteriko aurkezpena
Magia eta euskara batu ziren ostiralean Jalgin egin zen Mintzodromoan.
Hogeita hamar lagun inguru bildu ziren mahai ezberdinetan solasean. Baina aurretik, Porrotx pailazoaren magia ikuskizuna ikusi ahal izan zuten bertan zeuden guztiek. Gainera Mintzodromoaren amaieran Porrotxek antolatzaileen izenean eskerrak eman zizkien bertan parte hartu zuten guztiei eta programan jarraitzeko animatu zituen. Gainera opari bana eman zien, Irrien lagunak CD bana.