Musika eta dantza nagusi Rocioko Erromerian

Txintxarri Aldizkaria 2010eko ekainaren 14a

Semblante Andaluz elkarteak antolatuta ospatu zen atzo Andatza plazan XVIII. Rocioko Erromeria.
Hainbat ekitaldi antolatu zituzten egun osorako. Hasteko meza ospatu zuten Arantzazuko Amaren parrokian Semblante Rociero abesbatzarekin batera.
Meza amaitutakoan denak Andatza plazara hurbildu ziren, ekitaldiekin jarraitzeko. Herriko talde batek eman zion hasiera plazako ekitaldiei, Sentimiento taldeak. Ostean Oreretako Aljarafe abesbatzak hartu zuen lekukoa. Bildutako guztiekin ohorezko ardoa hartu ondoren, Arrasateko Alegria de la Sierra taldearen emanaldia izan zen. Bazkaltzeko garaia iritsita, batzuk etxera joatea erabaki bazuten ere, asko izan ziren plazan bertan geratu zirenak. Hainbatek etxetik eraman zuten janaria eta beste batzuk aldiz, bertan prestatzen ari ziren paellaz gozatzeko aukera izan zuten.
Bazkaldu eta gero Semblante Andaluz eta gonbidatutako elkarteen ekitaldiak hasi ziren. Oreretako Concha Rociera abesbatzak hasi zuen arratsaldeko ekitaldien tanda. Andoaingo Triana eta Zuena taldeak izan ziren jarraian. Irungo Embrujo Andaluz taldearen ostean, herrikoen txanda izan zen.
Arratsaldeari amaiera emateko, herriko Semblante Andaluz elkarteko hainbat taldek hartu zuten parte: Gitanillos, Zambra,,, gazte zein heldu oholtzara gustura igo ziren.
Giro polita sortu zen Andatza plazan, adin guztietako jendea gerturatu zen eta dantzara animatu ziren ikusle moduan joandakoak ere.•