Generoa bertsogintzan (II)

Txintxarri 2010eko ekainaren 14a

Neska-mutilei bertsolaritza irakasten aritzen dira Unai Muñoa eta Amaia Agirre ikastetxetan eta generoari buruz ari dira elkarri mokoka posta elektronikoz. Aurreko asteko hausnarketen jarraipena da hau. Datorren astelehenean gehiago.

Unai Muñoa


Saludos de corazón, morena
Eskertzen dinat hain goxo erantzutea, eta ni ere zintzoa eta gardena izaten saiatuko naun.
Estitxuk aipatzen duen motxila horren izateaz jabetu nindunan neu ere orain urte gutxi batzuk. Aurreko mailan, generoa norberaren karga dela esaten ninanean, horretaz ari nindunan hain zuzen ere. Sekulako pisua duen karga, gainera. Zorionaren bizkarrezurra minberatzeraino. Zeren, gezurrak sinetsarazten zizkiguten.
Lehengo batean, konszientziaren eta kontzientziaren arteko diferentziaz aritu nindunan lagunekin. Kontzientzia, denok barruan omen dugun epaile hori zela esaten geninan, eskolatik, etxetik, telebistatik, kaletik… jasotako etika eta balore batzuetan oinarritutako epailea. Bere polizia eta guzti. Ustez egin behar edo izan behar ez dugun hura kontzientziaren auzitara eraman, eta ondo zakinagu nola zigortu geure burua. Utzikeria eta pasotismoa zer dira ba? Edo depresioa? Konszientzia, aldiz, egiaren jabetzea bezala ulertzen geninan. Hau da, garenaren eta egiten dugunaren jabe eta arduradun izatea, horrek suposatzen duen guztiarekin.
Generoaren gaiarekin lotuta, kontzientziaren subjektibotasunaren konszientziatik arinduko gaitun aipaturiko motxila horren kargatik. Neska ala mutil izateak zertan baldintzatzen duen gure izatea determinantea delako nor izateko, eta bereziki, zorion orekatu batean surfeatzeko bizitzaren olatua, bere oztopo eta opari guztiekin.
Adibide praktikoetan. Azaltzeko oso luzea den arrazoi batzuengatik, duela hilabete batzuk bizilagun batek sekulakoak eta bi bota zizkidanan oso tonu agresiboan. Ni erabat txikitu nindunan, eta berak ongi baliatu zinan aukera nire gainetik jartzeko eta bere bestelako frustrazioak eta amorruak kanalizatzeko. Ni zapaldua izan nindunan, eta zer erakutsi digute gizonoi? Ausartak izan behar dugula, oldarkorrak. Nork salbatu behar du ba printzesa? Adibide honetan, neska ala mutila izan, berez, nork bere lekutik duin defendatzea komenigarriena izango zunan, baina, ni beldurtu egin nindunan, eta ondorioz neure burua zigortu, zetozen egunetan nire gizontxoari ahuldaderik ezin onartuta. Lasai, bizitzak jarriko zizkidan aukera gehiago eta hurrengo batean ez naun hainbeste txikituko, neure lekuan egoten saiatuko naun. Hori bai, bitartean hutsuneak izateko baimena emango zionat neure buruari, gizon oso izaki. Inoiz matxinatuko naun neure kontzientzia manipulatuaren kontra. Afera honetan ere kartzelak apurtzea helburu. Nork bere kartzela.
Bidea ez dun samurra, baina gratifikantea bai.

Amaia Agirre


Hik, saludos de corazón, eta nik hau galdetzen diat: zer moduz la salud del corazón?
Uda badator eta hi ere ez haiz biharamunik sufritu gabea izango.
Logikoa bada, posible duk. Posible bada, izan daitekek. Izan edo gerta badaiteke, hobe duk prestatuta egotea. Zein erreza eta era berean zein zaila zaien agintea egiatzat hartu dutenentzat. Ez al zaik iruditzen? Hiri gertatutakoa logikoa da? Posible zuan, baina zilegi? Agian hire bizilagun horrentzat bai. Hi isilik geratzeak egin zian bera indartsu. Botereak eman zioan arrazoi.
Gogoan diat hirekin konszienziaren eta kontzientziaren inguruan hitz egin nuela. Ulertzen nian zer esan nahi huen, baina ba al dakik? Hitz berbera omen dituk, moxolo. Latineko conscienciatik zetorrek conciencia. Hire bereizketa, hala ere, primerakoa eta primeran iruditzen zaidak.
Balore batzuen arabera epaitzen diagu gure eta besteen jarrera bat egokia eta zuzena izan den. Balore horiek gure motxilan itsasten joan dituk, ados, baina gure ongizatea eta ondo sentitzea ere horren araberakoak izaten dituk ia beti.
Aurreko batean aitarekin hizketan aritu ninduan, eta erabat sentibera nengoen eguna izaki, negarrez bukatu nian. Errespeturik galdu gabe eta elkarri ahotsik altxa gabe, baina ezin elkar ulertu. Mundua ikusteko modua ez zekiat hain ezberdina dugun, baina sentimendu, jarrera eta egoera bertsuei ez geniean modu berean deitzen. Aitak oso garbi zian kalte egingo zion arriskurik ez zuela hartuko. Damutzeari beldur ote dio? Nik gauzak neure kabuz ikusi eta esperimentatu nahi ditudala esan nioan, eta beste mila bider damutu behar izateak ez ninduela beldurtzen. Momentuko arriskuaren plazerrak tiratzen ninduela esan nioan. Ez zian ulertzen gerora damutzeko arrisku handia egon arren nola egiten dudan aurrera.
Neure sentimenduei uko mila bider egin niezaiekean, baina ez zieat egin. Bestela, ez nindukek ni izango. Mila bider isildu nauk arrazoirik ez zutenen aurrean, eta damu nauk, eta damua mamu bihurtzen duk askotan. Ausartagoa izan nahi diat, baina horretarako kontzientzia ondo atondu behar diat lehenengo.
Horrelakoetan ez zekiat neska edo mutila izan alderik badagoen. Gizarteak agintzen al du rol hori? Ez hadi inoiz kikildu, mutiko, gizontxo, motel, gizonkote! Hire hitza beti nabarmendu. Horregatik ote dira politiko, enpresari, ertzain eta militar ia guztiak gizonezkoak? Emakumearen hitzak zer nolako pisua du? Zer nolako eragina? Boterea maskulinoa ote da? Harrigarria duk gaztelaniaz "el" artikulua eta "la" artikulua zein hitzek duten ohartzea. Harritzetik larritzerainokoa. Egin ezak aproba. Hori ere kasualitatea ote? Edo kausalitatea?
Bazekiat etxeko gizon eginda hagoela, eta etxerako lan hauek ere errez egingo dituk. Zaindu hadi!