Atez ateko bilketaren jaioterrira bisita

jon-altuna 2010eko ekainaren 14a

San Markos eta Debagoieneko mankomunitatetako ordezkari talde batek Italia iparraldea bisitatu du aurreko astean. Lonbardia eta Piamonte eskualdeak atez ateko zabor bilketaren aitzindariak dira: Milan ondoko Albaraite herrian sortu zen hondakinak biltzeko sistema hau eta Italia iparraldean hedatu da gerora. Piamonten hondakinen ehuneko 90a biltzen da modu honetan. Italian izan den 42 laguneko ordezkaritzan, atez ateko bilketa abian jarri duten Usurbil, Hernani eta Oiartzungo alkateak, hamaika herritako zinegotziak, atez ateko bilketa bultzatzen ari diren plataformetako ordezkariak eta zenbait kazetari ziren.

Imanol Azpiroz San Markos mankomunitateko lehendakari orde eta Usurbilgo zinegotziak argi du zein izan den Italiara antolatu duten bidaiaren ikasgaia: “Italiara etorri gara zaborra nola gutxitu ikusi nahi genuelako. Hori da benetako helburua, ez atez atekoa, hau lanabesa da, hori lortzeko erreminta bat". Italia iparraldean oso zabaldua dago atez ateko bilketa eta Gipuzkoako ordezkaritza zabalak zenbait herrietako esperientziak ezagutu ditu, hondakin organikoarekin konposta egiteko bi lantegi ere bai eta Torinoko Cinemambiente zinemaldiaren sari banaketan ere parte hartu zuten 42 bisitariek.
Ordezkari politikoak 19 ziren ANV, Alternatiba, Aralar, EB, EAJ eta PSOE alderdietakoak, tartean atez ate bilketa sistema martxan jarri duten hiru herrietako alkateak Hernaniko Marian Beitialarrangoitia, Usurbilgo Xabier Mikel Errekondo eta Oiartzungo Aitor Etxeberria; bestalde Urnietako Mikel Eizagirre alkatea eta Buruntzaldea, Donostialdea, Oarsoaldea eta Debagoienako hainbat zinegotzi, Antzuola, Arrasate, Donostia, Errenteria, Eskoriatza, Lasarte-Oria, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbilgoak.
Lasarte-Oriatik Ricardo Ortega EBko zinegotzi eta San Markos mankomunitateko presidentea, Txanpi Baztarrika ezker abertzaleko zinegotzia eta atez atekoaren aldeko plataformako Ainhoa Ortega eta Aitziber Urruzola ordezkariak joan dira atez ateko bilketa sistemaren sorterrira.
Aurreko larunbatean ekainaren 5ean iritsi zen Italiara taldea eta atez ateko bilketa sistemaren jaioterrian, Milan ondoko Albaraite herrian egin zuten lehen bilera. Herri honetan hasi ziren sistema hau erabiltzen 1995ean eta ordutik Italiako iparraldean asko zabaldu da. Baita hiri handietan ere. Esaterako, 900.000 biztanle dituen Torinoko auzoetan atez ate biltzen da zaborra.

Konpostegietan

Besteak beste, plastikoa, papera eta bidrioa bereizita jasotzeaz gain, hondakin organikoa etxez etxe jasotzen dute eta gero konpostegian lehortu. Hondakin organikoen desegitea azkartzeko teknikak ezagutzeko aukera izan zuten bisitariek Albaraiten bertan. 150.000 lagunen hondakinak, urtean gutxi gorabehera 30.000 tona tratatzen dira bertan, gero konposta nekazariei doan oparitzeko.
Normalean usteltzeko ia bi urte behar dituzten gaiak, bi hilabetetan konpost bihurtzeko prozesua ezagutu zuten. Horrela lurretik jasotakoa lurrari itzultzen zaio. Horretarako, hondakin organikoari parte berdea deitzen dioten, zur puska, hosto, belar... gehitu ondoren, ura eta airea besterik ez dute erabiltzen eta inguruan usain txarrik ez zabaltzeko, bio filtroak: gaztainondo azala esaterako. Material organikoa nabe batzuetan jarri eta etengabe airea berritzen dute. Airearekin batera kanporantz doazen mikroorganismoz betetako urak bio filtroko material porotsuetan gelditzen direnez, airea ia garbia ateratzen da. Albaraiteko proiektua aitzindaria da Europan, 1995etik dago martxan konpostegi hau.
Astelehenean Asti herrian konpostegi handiagoa ikusi zuen, 210.000 biztanleren hondakinak, urtean 90.000 tona zabor, tratatu eta 23.000 konpost egiten dituena.
Italian egon diren lau egunetan ERICA, ingurumen arloko, hezkuntza, ikerketa, informazio eta komunikazio kooperatibako ordezkariek eman dizkiete hango hondakin tratamenduaren berri eta koperatibako kideen laguntzarekin hainbat udaletako ordezkariekin izan ziren hango proiektuak ezagutzeko. Kooperatiba honek atez ateko proiektuak zuzentzen ditu munduan zehar, besteak beste Frantzian, Katalunian, Hego Amerikan eta Afrikan. 26 langile ditu eta 30 laguntzaile 1.500 herritan.

Araudia lagungarri

Atez ateko bilketak bultzada handia izan zuen Italiako ingurumen ministro izan zen Edo Ronchi eta bere dekretuari esker. 22/97 lege dekretuak, (Ronchi dekretua bezala ezagutua) birziklatu beharreko kopuru bat (%65, 2012) jartzen du helburu, lortzen duten udalerri edo udal elkarteak sarituz eta helburuaren azpitik daudenak zigortuz.
Honelako alege dekretu bat nahiko lukete San Markoseko ordezkariek. Imanol Azpirozen ustez, "inbidia sentitzen dugu: legedia zaborra ahalik eta gehiena gutxitzearen alde daukate. Lege orokor bat gutxieneko gaikako bilketa kopuru batzuk derrigortzen dituena. Horrek mugiarazi egiten ditu erakunde guztiak zaborra gutxiarazteko eta bilketa eraginkorrak, hau da, atez ateko bilketa bultzatzeko. Inbidiaz ikusi dugu herrialdeko erakundeek atez ateko bilketa jartzeko eta tratamendu azpiegiturak egiteko laguntzak ematen dituztela ere. Gure kasuan guztiz kontrakoa da, batere laguntzarik ez eta askotan trabak besterik ez ditugu jasotzen" esan zuen Italiatik bueltan.
Zabor bilketa Udal Elkarte bakoitzak bere erara arautzen du Italian, eta iparraldeko toki gehienetan, atez ateko sistema derrigorrezkoa da tokian tokiko Udalak edo partzuergoak erabakita. Eskualde batzuetan oso aurreratuak daude eta hondakinak gutxitzeko zenbait ekimen bultzatu eta arautu dituzte. Esaterako zenbait udalek nekazal gunetako biztanleak etxean bertan autokonposta egitera derrigortzen dituzte edo beste batzuetan ehuneko 20ko hobari edo beherapena dute etxean konposta egiten dutenek.

Doglianiko esperientzia

Birziklapenean maila oso altua duelako sarri saritua izan den Dogliani herrian hondakinak gutxitzeko martxan jarritako ekimenak zuzenean ezagutu zituzten bisitariek. Ehuneko 76a birziklatzera heldu dira herri honetan. Atez atekoa jarri aurretik, 2003an egoera kontrakoa zen: ehuneko 16 birziklatzen zen eta ehuneko 84 eramaten zen zabortegira.
Herri honetan esnea kalean makinatan saltzen da; inpresorako tintak jasotzeko edukiontziak, zakur kakarentzat ontziak, hautsontziak eta paperontziak jarri dituzte kalean, edo behin eta berriro berrerabiltzen diren pardel edo pixoihalak banatzen dituzte. Publizitateari ere garrantzia eman diote eta hainbat kanpaina egin dituzte: besteak beste, iturriko ura edateko proposatuz, publizitate inpertsonalik postontzietan ez jasotzeko pegatinak edo erosketa poltsak banatuz, festatan plastikozko baso, plater eta mahai-tresna biodegradableak erabiltzeko eskatuz.
Lonbardia eta Piamonte eskualdetako herri askotan, atez atekoa jartzeko erabakia hartu zutenean herritarren kexak izan zirela, jakinarazi zieten bisitariei. Beraz, han ere hasierak gogorrak izan ziren herritarrak ohitu arte, baina gerora oso ondo funtzionatzen dutela aipatu zuten hainbat udaletan. "Ikusi dugu herritarrei ohitura aldaketa bat eskatzen zaiela erakundeen aldetik, baina era berean hauei eskatzen zaie maila bereko konpromisoa, zerbitzu on bat, behar den maiztasuna, eta tasa zuzen eta justua, bakoitzak sortzen duen arabera ordaintzea zaborra".
Euskaldunek Italian ezagutu zituzten hainbat ekimenen interesgarrienetarikoa, norberak sortzen duen hondakin kopuruaren arabera ordaintzeko modua ezagutzea izan zen. Bi toki ezberdinetan bi sistema desberdinen berri izan zuten. Dogliani herrian urtero tasa ordaintzean errefusa ateratzeko poltsa kopuru bat banatzen diote biztanle bakoitzari urte osoan erabiltzeko. Behin hauek agortu eta gero erosi egin behar dituzte poltsak, beraz saiatzen dira urtean zehar poltsak ondo beteta ateratzen, biltzaileen lana erraztuz.
Torinon aldiz, mikrotxiparen bidez kontrolatzen dute. Edukiontziak txipa darama eta husten den aldiro, kontatu egiten du. Herritarrak hustu duen kopuruaren arabera ordaintzen du, sarriago hustu badu gehiago. Beraz saiatzen dira edukiontzia ondo beteta dagoenean ateratzen.
Italiakoak ikusita, zabor organikoa biltzeko Usurbil, Hernani eta Oiartzunen jarri den atez ateko sistema oso egokia dela uste dute San Markoseko ordezkariek. Kalitate oso oneko hondakin organikoa biltzen dela nabarmendu dute Lapatxeko Konpostegiko langileek. Organikoa ez dena ehuneko 1a da hemen. Italian aldiz, organiko zabar xamarra ikusi dute bisitariek, Albaraiteko konpostegikoak ehuneko 5eko zikina (batez ere plastikoa) zuen, eta Astikoa ehuneko 11koa.

Torino hiriburuan

Bestalde, Torino hiriburuan beste zenbait ekimenetan parte hartu zuen taldeak, batetik igande gauean Cinemambiente, ingurumenarekin lotutako filmen zinemaldiaren amaierako ekitaldian izan ziren eta astearte eguerdian Piamonte probintziako (hemengo Foru Aldundiaren pare) Roberto Ronco ingurumen buruarekin bildu ziren. Honek jakinarazi zuen 2013rako zabortegiak itxi eta erraustegi bat egiteko proiektua dutela. Hain juxtu Gipuzkoako Foru Aldundiak bezala. Dena den Torinon, duela urte batzuk bost erraustegi egiteko asmoa zuten, baina atez ateko bilketa zabaltzen joan den heinean erraustegien beharra ere gutxitu egin da.
Imanol Azpiroz bidaia antolatu duen Mankomunitateko ordezkariaren ustez, borondate politikoa izanez gero Gipuzkoan atez ateko sistema zabaltzea oso erraza da, "beste aukerarik ez dugu, baina abiatu besterik ez gara egin. Italian beste maila bat dagoela ikusi dugu: 18 milioi biztanle ari dira dagoeneko atez ateko sistema erabiltzen, Gipuzkoa osoa adinako hiriak, eta esan digute teknikoki edozein tamainatako herritan egin daitekeela".

Sei urteko parentesia

Imanol Azpirozen ustez helburua Gipuzkoa "zero zabor" lurraldea bihurtzea da eta atez atekoa hori lortzeko tresna da. "Pentsatzen dugu lortuko dugula, denbora eskatzen dugu gaikako bilketa bultzatu dezagun eta ez dezagun gure etorkizuna hipotekatu. Sei urteko atzerapena eskatu genuen eta hau ikusita berriz ere moratoria hori eskatzeko erabakian indartu egiten gara".
Azpirozek adierazi zuenez Gipuzkoak dituen dimentsioak kontutan izanik, 700.000 biztanle eta 180.000ko hiriburua, posible da erraustegirik gabe moldatzea organikoa birziklatzen bada. Erraustegia egiteko erabakia, 2002an hartu zen organikoa birziklatzeko aukerarik eman gabe. Oraindik gehiena nahastuta biltzen da, baina atez ateko sistema jarrita "argi ikusten da zaborra ehuneko 15-20ra jaisten dela, eta errefus hori tratatzeko eta gutxitzeko aukerak ere badirela, behin ere ez dugu lortutakoarekin konforme gelditu behar, errefusa ehuneko 10era jaitsi daiteke eta horrela, erraustegia ekonomikoki ere ez litzateke bideragarria izango".
Argi dauka Azpirozek, "tamalez, errauste planta eta birziklapena euren artean lehian daude, erabaki bat da: eliminazioaren alde egiten da edo birziklatzearen alde; osasunaren alde edo kutsaduraren alde".