Jaietako programa aurkeztu du Udalak

Txintxarri 2010eko ekainaren 14a

Hamabi egun geratzen dira San Pedroetako jaiak hasteko eta lehengo ostiralean, programaren auzkezpena egin zuten Jesus Mari Zaballos Lasarte-Oriako alkateak, Marisa Zubiri Gazteria eta Festetako saileko lehendakariak, Xabier Goitia eta Rosa Illarramendi teknikariek.
Azaldu zuten bezala, festa egunetan dago berrikuntzarik handiena. “Herritarrek eta tabernariek urtetan eskatu duten aldaketa da, festek asteburua izatea eta horrela egitea erabaki genuen,” aipatu zuen alkateak.
“Adin guztierako festak izaten saiatu gara eta iazko aurrekontuarekin, gainera,” azpimarratu zuen.

Aldaketak

Egun aldaketak ohiko programan eragina izan duela azaldu zuten. Esate baterako, heldu eta haurren danborradak.
Helduen danborrada San Pedro bezperako gauean atera beharrean, larunbata gauean ibiliko da herriko kaleetan zehar; haurrena, berriz, igande goizean egingo da. “Igande goiza betetzeko eta aurreko urteetako beroa ekiditeko ordutegi aproposa iruditzen zitzaigun haurren danborradarako,” esan zuen alkateak.
Beste aldaketetako bat, Maketa Lehiaketako kontzerturen ordua da. Azken bi urteetan jaietako amaiera kontzertua izan da, baina aurten arratsaldeko 20:00etan izango da.
Azkenik, txozna eremua ren aldaketa daukagu. Aurten herriko lanak direla eta, frontoi berri aurreko aparkalekuan egongo dira.
Horregatik, eremuko bizilagunei jaietako eragozpenak barkatzeko eskutitza bidali zaiela eta jai egun horietan, bertan aparkatzen dutenek osasun zentroko aparkalekua izango dutela jakinarazi zuen alkateak .

Berrikuntzak

Honetaz gain, ekintza batzuk programaziotik kendu eta berriak txertatu dituztela azaldu zuten.
Txupinaren osteko maskleta edo asteleheneko goizeko bigantxen ordez, zezen edo zaldi ikuskizuna eta paintball-a antolatu dituzte Atsobakarreko eremuan.
Era berean, larunbata goizean ez da haurrentzako parkerik egongo, “jaien hasierari, txupinari garrantzia emateko era bat da,” aipatu zuen alkateak.
“Gainera, azken urtea izango da, balkoi honetan txupina botatzen dena, hurrengo urtean Okendo plazan udaletxe berrriko balkoian egitea espero dugu,” aurreratu zuen.

Kaleko ekintzak

Marisa Zubiri Gazteria eta Festetako lehendakariak aipatu zuenez, “kaleetan musika eta ekintza ugari egingo dira, herritarrek hala eskatuta.”
Honela, egunean zehar, kale antzerkiak, Zo-Zongo kale ikuskizuna, mariatxien kalejira edo Oriako txaranga eta jaiei amaiera emateko, Mania Perkutoria musika eta piroteknia batzen dituen ikuskizuna.

Kontzertuak

Iaz bezala, Udalak antolatutako kontzertuak bi eremuetan banatuko dira, batetik helduentzako dantzaldiak Isla plazan eta gazteentzako kontzertuak Andatza Plazan.
Azpimarragarria da, aurten herriko hiru taldek kontzertua eskainiko dutela igande gauean, 22:00etan.

Herritarren partehartzea

Jaia praktikoak eta parte hartzaileak izango direla adierazi zuten. “Herriko elkarteek parte hartu dute jaiak antolatzen. Ekintza parte hartzaile ugari dago gainera,” aipatu zuen alkateak.
Marisak aipatu zuenez, “Ttakunekin batera, Sorgin dantzan haurren zortzikotea eratu eta hauen jantziak finantzatu ditugu.”
Era berean, ekainaren 17an, kultur etxean irekiko den herriko etxe zaharren maketa erakusketa azpimarratu zuen. “Egun ez dauden eraikuntzak dira, gehien bat bertan egongo direnak,” adierazi zuen.
Eta ezin ahaztu, Sendoki elkarteak San Pedro egunean antolatzen duen omenaldia.
“Aurten, Brigitar mojak dira omenduak. Normalean pertsona omentzen da, baina aurten instituzioa hau omentzea proposatu zuen Sendokik. Urte asko darama Brigitarren komentuak herrian eta elkarlana handia izan da Udalarekin,” aipatu zuen alkateak.