Erkizia txapeldun squashean

Txintxarri Aldizkaria 2010eko ekainaren 14a

Larunbat arratsaldean jokatu zen kiroldegian herriko XXII. Squasheko Txapelketa sozialaren finala. Berriro ere, iazko bikote berberak zuen jokoan txapela, Agustin Erkizia oriotarrak eta Alberto Udabe usurbildarrak.
Iaz Agustin Erkiziak finala utzi behar izan zuen bi set jokatu ondoren, abduktorean min zuelako, baina aurten, ia ordu bete iraun zuen partidan garaile suertatu zen eta txapela etxera eraman zuen 3-2ko emaitzarekin.
Lehen bi set-etan 10-15 eta 14-15 nagusitu zen Alberto Udabe, baina hurrengo hirurak Erkiziak irabazi zituen 15-7, 15-8 eta 15-9ko puntuazioarekin.
Arratsalde horretan final nagusiaren aurretik, beste bi final ere jokatu ziren, Kontsolazioa eta 3. eta 4. postuak. Bi final hauek berriz, ez ziren hain borrokatuak izan, biak 3 set-etan erabaki ziren.
Kontsolazioko partida, Javier Serranok eta Oswal Cañedok jokatu behar bazuten ere, Oswalek ezin izan zuen etorri eta Jose Ramon Urruzolak jokatu zuen bere ordez. Garaile Javier Serrano izan zen, 3-0eko emaitzarekin.
Hirugarren Iker Cañedo geratu zen eta laugarren berriz, Kinin Calvo. 3-0 irabazi zuen Cañedok.