Atez ateko bilketari bultzada emango dio herrian Lasarte-Oria Bizirik-ek

Txintxarri Aldizkaria 2010eko ekainaren 18a

Lasarte-Oria Bizirik taldeak dokumentu bat ezagutarazi du aste honetan zenbait eskaerarekin: erraustegiaren proiektua sei urtez gelditzeko moratoria, "zero zabor" ekimena, udalak gaikako bilketa bultzatu dezala eta materia organikoaren konpostajea behingoz martxan jarri dadila. Gainera herriko elkarteei aldarrikapen horiekin bat egiteko eskatu die. Lasarteoriabizirik@yahoo.es da euren helbide elektronikoa.
Taldeko kideek gogoratu zuten duela bi urte udalak erabaki zuela gaiari buruzko inkesta egitea eta atez ateko bilketaren froga bat martxan jartzea, baina gero PSOEk bere kabuz erabaki hori bertan behera utzi duela. Apirilean elkartu ziren Jesus Zaballos alkatearekin eta berriro biltzeko geratu baziren ere ez omen dute haren aldetik interesik ikusten.
Inkestaren emaitzak oso onak izan zirela ere azpimarratu zuten, "%51 atez atekoa martxan jartzearen aldekoak ziren eta %87k sistemara errez egokituko zirela zioten. Gehienek oso nabarmen erraustegiaren aurkako iritzia zuten gainera". Taldeko kideen ustez interesgarriena zera izan zen, herritarrak erraustegiaren aurkako jarrerarekin batera, zerbait egiteko prest agertu zirela.
Zabor-bilketa Udalaren eskumena denez, plataformaren ustez, hondakinak beste era batera bilduta argi geratuko litzateke erraustegia ez dela beharrezko. Gainera herritarrek bat egingo lukete, "jendea ohituraz aldatzeko prest dagoela uste dugu, erraustegiari ez esatea baino gehiago egiteko prest".
Liburuxka bat argitaratu dute, Lasarte-Oria bizirik taldearen sorrera, historia eta gaur egungo ekimen eta eginahalak laburtzen dituena. Gainera, aurkezpena baliatu zuten Donostian igandean errausketaren aurkako plataforma ezberdinek deitu duten manifestazioan parte hartzea eskatzeko. Eguerdiko 12etan abiatuko da bulebarretik "Osasunaren alde, errausketarik ez" leloarekin.