Ezagutu dezagun
Tokian tokiko telebisten nortasuna, gertutasuna baldin bada, honez gain, telebista honetan Euskal Herria izango da erreferentzia.
Guztiona eta guztiontzat egina, pentsaera ezberdinak islatuz, ideologia guztiak izango dute presentzia orain hiru aste herrian emititzen hasi zen Hamaika Telebistan.
Ez du inongo erakunde publiko edo alderdi politikoren ildoa jarraituko, independentea izango da. Halaber, profesionala eta kalitatezkoa izateko ilusioarekin jaio zen, beti ere bere xumetasunean, kalitatea eskainiko duen telebista dela jakinda.
Telebista guztietan bezala ateak zabal zabalik edukiko dituzte herritarrek, euren parte hartzea ezinbestekoa baita telebistetan.
Aurrerakoia izatea dute helburu: gizarte arloan jarrera aurrerakoia hartuko duen telebistan bilakatu nahi dute. Beraz, gizartean pilpilean dauden gaietan sakonduko dute: gai konprometituak jorratuko dituzte, lan arlokoak, genero aferak, etorkinen arazoak, ekologikoak eta hizkuntza kontuak, besteak beste.
Indartsu izatea helburu
Hamaika telebistaren helburua, komunikabide parte-hartzaile, dinamiko eta herritarra egitea da. Egun oso garrantzitsua da tokiko telebista euskaldun bat izatea, eta herritarren parte hartzearekin komunikabide indartsu bat egitea lortu nahi da. Maiatzetik aurrera, ETB1en aparte, euskara hutsean emititzen duen beste kate bat daukagu.
Tokian tokiko komunikabidea izanik, hurbileko informazioa izango du erakusle.
Akziodunen bila
Euskarazko komunikabide, elkarte... guztiak bezala, proiektu hauek aurrera atera ahal izateko euskararekiko sentsibilitatea dutenen artean, akziodun bila dabiltza, Lasarte-Orian ere bai.
Gaur egun oso garrantzitsua da tokiko telebista euskaldun bat izatea, eta akziodunen bidez komunikabide indartsua lortu nahi da. Horregatik, Hamaika Telebistak egitasmo hau gizarteari eta beste enpresa batzuei ireki nahi die. Kapital handitze honetan, 600.000 eurotara heltzea dute helburu eta horretarako 200 eta 1000 euroko akzioak jarri dituzte salgai.
Bi urtez lanean
Hamaika Telebistaren egitasmoa duela 2 urte sortu zen TDTren lizentzien lehiaketarekin. Komunikazioari lotutako 6 enpresek apustu sendoa egin zuten euskarazko tokiko telebisten alde. Euskaltel, Elkar, Bainet TV, CMN TV (Deia, Diario de Noticias, Diario de Noticias de Álava eta Noticias de Gipuzkoa), EKHN (Gara eta Le Journal) eta EKT (Berria eta Hitza) dira Hamaika Telebista sustatu duten enpresak.
Euskal Autonomi Erkidegoan zehar zabalduko den 10 tokiko telebisten sare baten lehenengoa izango dugu proiektu hau. Sare honetan Hamaika Telebistak sortutakoez gain, gaur egun emititzen ari diren beste 5 telebistek ere parte hartuko dute. Goiena Telebista, Goierri Telebista, Erlo Telebista,28 kanala eta Oizmendi Telebista.