ISU Leihoak taldeak ez zuen igoera lortu

Txintxarri 2010eko ekainaren 18a

Azken bi asteburuetan, ISU Leihoak Euskal Ligara igotzeko aukerak izan ditu.
Gipuzkoako Ligako finala jokatu zuen, ekainaren 5ean, eta Gipuzkoako bigarren sailkatu bezala, igoerako postua eskuratzeko, Euskadiko hiru ligetako bigarren sailkatuen txapelketan parte hartu zuen.

Bi partida asteburuan

Arestian aipatu bezala, ekainaren 5ean, Eskolapioen aurka Gipuzkoako ligako finala jokatu zuen Lasarte-Oriako taldeak.
ISUk ezin izan zuen talde tolosarraren aurka. Bi eta huts galdu zuen Oiartzunen jokatu zen partidan eta Gipuzkoako txapeldun orde izan zen.
Bestalde, Arabako Izarra Gorri, Bizkaiako Ibaizabal eta hirurek, hau da autonomia bakoitzeko bigarrenek txapelketa jokatu zuten.
Larunbatean, maiatzaren 29an, Izarra Gorri taldeak Ibaizabalen aurka galdu zuen 7 eta 4.
Ekainaren 6, igandean, ISUren aurka jokatu zuen talde arabarrak. Nahiz eta Molinaren taldeak aurreko egunean partida izan, partida berdindua izan zen.
Azkeneko minutuetan, erabaki zuen Lasarte-Oriako taldeak. Zazpinako berdinketa zegoen markagailuan eta kontraeraso batean ISU Leihoa taldeak 8. gola sartu zuen.
Orduan, arabarrak behera egin zuen animikoki eta Molinaren taldeak beste bi gol sartu zituen eta azken markagailua 7 eta 10 izan zen.

Igoera esku artetik joan

Era honetara, ISU eta Ibaizabal taldeak berdinduak zeuden kopuruari zegokionez, beraz, larunbatean, ekainaren 12an, Lasarte-Orian irabazten zuenak igoera lortuko zuen.
ISU lehiakor hasi zen, baina Ibaizabal taldea aurreratu zen markagailuan.
Lasarte-Oriako taldeak ez zuen amore eman eta 13. minutuan berdinketa lortu zuen eta atsedenaldirako 2 minutu falta zirenean, markagailuan aurretik jarri zen.
Atsedenaldiaren ostean, Ibaizabaleko bi jokalari kaleratu zituzten eta, hala ere, berdinketa lortu zuen.
Amaiera arte berdinketak jarraituko zuela zirudien, baina ISUK ez zuen zortea lagun izan eta minutua falta zenean, bere atean sartu zuen gola.