Italiatik atez atekoaren aldeko mezua

jon-altuna 2010ko eka. 18a, 02:00

Italia iparraldean egon dira lau egunetan San Markos mankomunitateko ordezkariak eta bertako udalerrietako zinegotzi batzuk, tartean, Txanpi Baztarrika eta Ricardo Ortega Lasarte-Oriako zinegotziak, zabor-kudeaketan Piamonte eta Lonbardia eskualdeetan duten esperientzia ezagutzeko. 1995ean hasi ziren hondakinak atez ate jasotzen eta hainbat herri eta hiritara zabaldu da proiektua. Bidaiaren ondoren, herriko bi zinegotziek atez ateko bilketa oso baliagarria dela aldarrikatu dute eta han ikusitakoa hemen ezagutzen ez denez esperientzia hori zabaltzearen garrantziaz mintzatu dira. Bi zinegotziek luzatu dute, gainera, igandean, Donostian eguerdiko 12:00etan Bulebarrean hasita erraustegiaren aurka burutuko den manifestazioan parte hartzeko deia.

Txanpi Baztarrika Ezker Abertzaleko zinegotzia

“Konbentzituta gaudenak etxean autokonpostajea egiten hasi gaitezen“

Txanpi Baztarrika ezker abertzaleko zinegotziarren ustez, oso interesgarria izan da Italian zaborraren kudeaketaren inguruan martxan diren proiektuak ezagutzea
.
Italiako iparraldera egin duzuen bidaiaren zein inpresio orokor dakarzu?
Ona, gauza batzuk bagenekizkien eta beste gauza batzuk berriak izan dira.

Zer nabarmenduko zenuke gauza berri horietaz? Zerk inpresionatu zaitu gehien?
Gauza berrietan, lehenengoa eta nahiko garrantzitsua beraiek gaia legez arautua daukatela da, lehenengo pausua emanda dute.
Eta bigarrena, bakoitzak sortzen dituen hondakinen arabera ordaintzearena. Hau oso ondo ikusten dut, kutsu hezitzaile handia dauka. Atez ateko bilketarekin errefusaren muga gutxi gorabehera ehuneko 20koa bada, ordainketa modu honekin hondakina gehiago gutxitu daiteke. Garrantzitsua da heziketa hondakin kopurua murrizteko orduan, beti ahalik eta gehiena gutxitzen saiatzea.
Bilketa eta atez ateko sistema, aldiz, nik uste Usurbil, Hernani eta Oiartzungo herriek, zenbait arlotan, Italian baino garatuago daukatela, edo txukunago egiten dutela. Beste era batera.

Hiru herri hauetatik zabalduko al da beste tokietara? Interesgarria izango al da hori?
Bai, ikusi dugu behin baino gehiagotan teknikoki posible dela. Zein da arazoa? Erabaki politikoa. Hori argi dago. Momentu honetan hiru herri konkretu hauetan hasi da bilketa era hori, eta zabaltzen ari den neurrian, besteei ere erakusten zaie edonon posible dela. Batzuek zergatik ez duten egin nahi? Mila interes egon daitezkeelako, baina teknikoki posible da, baita hiri handietan ere.

Zergatik da zure ustez hobea atez ateko bilketa sistema?
Batetik osasuntsuagoa eta garbiagoa delako, argi eta garbi. Erraustegiarekin zalantza handiak daude, botatzen dituen toxinengatik,...
Bigarrenez, hezitzailea ere bada atez ateko bilketa: norberak bereizi behar du zaborra, norbera konturatzen da hondakin gutxiago sortu behar duela eta sortzen duena sailkatu egin behar duela. Gutxiago sortzeko gainera, interesgarria da bakoitzak sortzen duenaren arabera ordaintzea...
Aldiz erraustegiari zaborra sortzea komeni zaio errentagarria izateko, jartzen bada, emandako guztia jango du, desagertu egingo du zaborra eta pertsona orok nahi beste zabor sortzeko ez du arazorik izango.
Eta hirugarrenez, ekonomikoago dela ere esan digute. Hemengo datuak ere aterako dira, eta ikusiko da: ez bilketa bera, baina prozesu osoa ekonomikoagoa da. Zenbat eta gehiago sailkatu eta birziklatu Udalek diru gehiago eskuratzen dute, eta prozesu osoa onuragarriagoa da.
Eztabaida zabaldu egin behar da, Gipuzkoa eta Euskal Herri mailan: herri batzuek atez ate biltzen ari badira, posible da. Datuak hor daude eta herri batzuetan ondo badoa, zergatik ez jarri beste batzuetan?

Italian udal ordezkari eta ingurumen teknikariak dira bultzatzaileak, goitik behera ekiten dute...
Nik uste biak uztartu behar direla; batetik legea, legea indarrean baldin bada pausu garrantzitsu bat emanda daukazu, eta bestalde beharrezkoa da behetik gorako eztabaida partehartzailea. Zein izaten da arazoa? Prozesu partehartzailea martxan jarri eta muga batera iristean, interes batzuekin topo egiten duzula. Hor mozten da prozesua.
Zuk prozesua azken muturreraino eraman nahi baldin baduzu ere, gure gizartean, prozesu hauek sarri marketin hutsa izaten dira.
Zorionez ez da eta ez da izango Usurbil, Hernani, Oiartzun eta etorriko diren herrien kasua. Hor daude datuak.

Eskoletako Heziketa garratzitsua da, ezta?
Oso garrantzitsua, eskoletan lantzen eta ikasten dutena gero etxera eramaten dute eta. Heziketa joan etorrikoa da. Umeek eurek komentatzen diete gurasoei eskolan ikasitakoa,... Informazio trukaketa hori oso interesgarria da batetik eta bestalde, gerora ere, kontsumoaren gaiari buruzko beste ikuspegi bat izango dute. Eskolak hezitzaile izan behar du zaborra gutxitzeko helburuarekin.

Lasarte-Orian posible ikusten al duzu atez-ateko sistema?
Erabaki politikoa aldatzen bada bai, bestela ez.

Zaila al da ba jendea konbentzitzen?
Jendea konbentzitzea ez, agintariak dira arazoa. Inkesta bat badago Aztikerrek Lasarte-Orian egina, datu oso onak emandakoa.
Dena den, herrian, beste prozesu bat egin beharko genuke. Konbentzituta gaudenak autokonpostajea egiten hasi eta sare hori zabaldu. Konpostajea egiten dutenek hobaria izatea da aukera, herritarrengan interesa sortuko luke eta honek Udal Gobernua ezbaian jarri.
Pausu handi bat izango litzateke hobariarena hurrengo urteko aurrekontu edota tasatan sartzerik balego, baina zaila dago. Tasen azken eztabaidan proposamen hori egin genuen baina atzera bota zuten.

Igande eguerdiko manifestazioaz, zer esango zenieke herritarrei?
Joateko. Atez ateko bilketa sistemarekin demostratuko dugu erraustegirik ez dugula behar. Zertarako gastatu 400 milioi euro zaborrari irtenbiderik eman ez eta gure osasuna arriskuan jartzen duen proiektu batean? Alternatiba badago, hori atez atekoa da eta demostratuko da gerora.

Esne makina jarri dute kalean, lehengora itzultzen ari al gara?
Gauza askotan ari gara lehengo ohituretara itzultzen, honetan, jateko ohituretan,... zergatik? Zuloaren muturreraino joan garelako eta ikusi dugulako pixka bat aurrerago joanda bagoazela zulora. Orain atzera egiten ari gara.
Bizitza honetan gauzak jendearen borondatearen esku utziz gero, tamalez, ez dute funtzionatzen.

Ricardo Ortega EBko zinegotzia / San Markoseko presidentea

“Zalantzak dituenari errealitatea objetiboki aztertzeko minutu bat eskatuko nioke”

Ricardo Ortega EBko zinegotzi eta San Markos Mankomunitateko presidenteak Italiara egindako bidaiaren bueltan atez ateko bilketaren garrantzia eta beste herri batzuetara zabaldu beharra azpimarratu zituen.

Zer moduz Italiara bidaia?
Ondo atera da: errealitate ezberdinak ezagutzera etorri gara eta aukera izan dugu denetarik ikusteko, planteamendu, bilketa eta kudeaketa ekonomiko edo kobraketa aldetik. Jende oso interesgarriarekin egon gara Italian ERICA kooperatibakoek lagunduta, esaterako, Torinoko probintziako ingurumen diputatuarekin ere egoteko aukera izan dugu.
Batzuekin ados egon gaitezke, beste batzuekin ez horren ados, baina guztien ikuspegiak ezagutzea ere komeni zaigu errealitatea zein den jakiteko.

Gauza berriak ikusteko aukera izan duzue, zer nabarmenduko zenuke?
Lehenengoz, ikusi dugu legedi egokia daukatela, -Piamontek gainera estatukoa baino lege zorrotzagoa dauka, isunak ezartzen dituena- eta horrek eragin handia izan duela, pizgarria dela eta etorkizunean izango dela. Atez ateko ezarketarako diru laguntzak ere badaudela jakin dugu eta horretaz baliatu izan dira bisitatu ditugun zenbait herri.
Azpimarratzekoa da zenbait tokitan bakoitzak sortzen dituen hondakinen araberako tarifa indarrean daukatela. Ikusi beharko dugu, nola egokitzen den gure errealitatera, baina nik uste bide horretatik joan beharko dugula etorkizunean.

Atez atekoa Gipuzkoan zabaltzea, posible eta egokia ikusten al duzu?
Bai dudarik gabe. Italia guztian 18 milioi pertsona ari dira atez ateko bilketa sistemarekin funtzionatzen, Italia osoko ehuneko 25a da hori, eta hiri, handiak, oso handiak, txikiak, ertainak, denetarikoak sartzen dira hor.
Gipuzkoan, eta oro har Euskadin jendeak ez du ezagutzen errealitate hori, eta beraz nik uste mezu hori zabaldu behar dugula.

Eta Lasarte-Orian jartzea ikusten duzu?
Gaiak interesa pizten du, zalantzarik gabe, eta parte hartzea ere interes horren araberakoa izango litzatekeela uste dut. Borondate politikoa falta da.

Zergatik da atez atekoa beste sistemak baino hobea?
Borondatezko sistemak nola funtzionatzen duten aurretik ere ikusi izan dugu eta aldiz, gure inguru hurbilean, Usurbilen edota Hernanin ikusi dugu atez ateko sistemarekin zein emaitza onak lortu diren.
Bestalde, bosgarren edukiontziaren bidez lortzen diren emaitzak, nolabait esateagatik barregarriak edo oso kaskarrak dira, ridikuloak. Birziklatzeko hondakinak gaika bereiztea borondatezko lan bezala hartu dute eta horrela ezin da. Lan hori, hiritar guztion bete behar bat dela onartu eta asumitu behar dugu. Atez ateko sistema jarri den tokietan argi ikusi da denak jartzen direla lan hori egiten.
Italian ere ikusi dugu atez atekoa martxan jarri eta nola bilketa selektiboaren kopuruak izugarri igo diren, toki batzuetan gehiago beste batzuetan gutxiago baina aldea nabarmena da.

Kontrako iritzia edo zalantzak dituenari zer esango zenioke?
Begiak zabaltzeko eta guk ikusi dugun errealitatea objetiboki aztertzeko minutu bat eskatuko nioke.

Joan daiteke ezagutzera Usurbil, Hernani eta Oiartzunen jarri diren proiektuak, ezta?
Bai ez daukate Italiaraino joan beharrik. Emaitza onak lortzen ari dira Usurbil, Hernani eta Oiartzunen.

Igandean manifestazioa dago erraustegiaren aurka, zerbait esatekorik ba al duzu?
Deia luzatu, jakina, hiritar guztiei bertara joateko. Argi dago errauste planta inork ez duela nahi, inposatu nahi digutela eta beraz oso garrantzitsua dela moratoria eskatzea.

Beste zerbait...
Bidaian sortu den giroa oso polita izan dela nabarmenduko nuke. Gehiegi ez, baina etorri dira konbentzituta ez daudenak ere, eta etorri direnek agertu dute ikasteko gogoa eta jakin-mina.