Ez, gaurkoa ez. Hilabete hauetan argitaratutako zutabeak irakurri eta ño! "Horixe tipo tristea hori, argazkiko bizar-txuri ozpindu hori!", pentsatuko du batek, "Kexa eta negarra besterik ez du-eta!". Eta ez, ez da horrela. Ez dira kexak eta ozpindura nahastu behar, irri-algarak eta bizipoza nahastu behar ez diren modu berberean.
Gaurkoa poza azaltzekoa da. Poza eta esker ona. Esker ona, 8. Antzerki Astearen lehenengo egunean, desfilea bertan behera geratu ondoren, Kultur Etxea lepo bete zutenei eta, bereziki, sartu ezinean geratu zirenei. Edo, hurrengo ostiralean, desfilea ikusteko kaleak bete zituztenei. Edota egunero aretoa bete zutenei. Aretoa bete eta, ejem, ez da inportanteena baina badu inportantzia, irteeran jarritako itsulapikoei kasu egin zietenei. Sortzekoa zen diru-zuloa berdintzen lortu duzue! Poza eta esker ona, beraz.
Ez da poza iturri bakarra, ordea. Duela pare bat asteburu, antzerkizaletasuna suspertzeko sortua den Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) bere I. Batzarra burutu zuen Villabonan, gure herriko partaidetza nabarmena izanik. Eta gauza bera gertatuko da datorren 22an, Bilbon egingo den aurkezpen-jaian; autobusa alokatu eta kofradian joanda, taula gainean arituko dira guretako dozena batzuk. Ari gara beraz, korrontea kontra edo alde baina ari gara...
Tira, uda pasa ondoren kexaka bueltatuko naiz berriro; ez ozpinak jota, e! ez, ez, ez; kexaka bakarrik; arrazoi ugari dago eta. Itzaletik ibili.