Alboka, Alboka-txiki eta Txepetxa abesbatzen kontzertua igandean

Txintxarri 2010eko ekainaren 18a

San Pedroetako jaiak hurbiltzen doaz, horren seinale Alboka, Alboka-txiki eta Txepetxa abesbatzek igandean 12:30ean Ama Brigitarren komentuan eskainiko duten kontzertua da.
Igandeko egitarauan folklorea izango da nagusi, bai euskal doinuak, baita atzerrikoak ere. Alboka-Txiki eta Txepetxak Joseba Tapiaren Maitatzen zaitudalako edo David Azurzak moldatutako Gaztelugatxe eta Japoniako, Eskoziako edo Zelanda Berriko abesti herrikoiak abestuko dituzte.
Helduen abesbatzaren eskutik, Arambururen Kitolis edo Porrusalda euskal doinuak, galegoz R. Mato egilearen Lela eta atzerriko hainbat abesti, Rosas Pandan Filipinako doinua edo H. Villa-Lobos egile brasildarraren Balaio meu bem eta Olha a rosa amarela entzungo dira brigitarren komentuan.
Hala ere, abesti erlijiosoek ere bere lekua izango dute. Biebl-en Ave Maria, Grieg-en Ave Maris Stella edo Molfinoren O Sacrum Convivium ere eskainiko baitu helduen abesbatzak egitarauaren barruan.