Generoa bertsogintzan (III)

Txintxarri 2010eko ekainaren 21a

Eskoletan bertsolaritza irakasten jaso duten esperientziaz aritu dira hiru astetan generoari buruz Unai Muñoa eta Amaia Agirre. Bi hausnarketa hauekin eman diote amaiera momentuz elkarren arteko jardunari.

Unai Muñoa


El corazon? Inoiz baino osasuntsuago!
Nik ez zekinat konszientziatik datorren edo ez kontzientzia hitza, baina erabat desberdinak direla fijo, bai funtzionalki behinik behin.
Emakume-gizon arteko botere-harremanak oso markatuak ditun kulturalki eta politikoki. Funtzioak eta rolak banatu zaizkigun gisan, gure jarrerak eta estrategia pertsonalak egokitu dizkinagu horretara, besteak beste, hori irakatsi digutelako. Esanguratsua egiten zaidan, aukera guztiak posible direla ematen duen gizarte faltsu honetan, nola heltzen diogun lehengoari, geure ongizatea aintzat hartu gabe. Zeren, auzi honetan, ez dun klabea berdintasunaren aldarri politikoa eskaparatetik kanpora; hori ere bai, baina, benetan funtsezkoak norbere zoriona eta garapen pertsonala ditun, gizon zein emakume. Horrek motiba gaitzaken aldaketara, norbere hutsuneak direla jabetzeak.
Aldarrikapenak eta ideologiak hainbeste pisu duen herri txiki honetan inkoherentziak barneratzea eta onartzea errazegia egiten zaigula iruditzen zaidan. Zertarako balio du pankarta baten atzean jartzeak norbera ez bada mugitzen? Esaldi ponpoxo eta borobilek baino gehiago seduzitzen din ereduak, eta hortik ez ote gabiltza eskas antzean? Bertsogintzaren munduan aukera paregabea dinagu bestelako egiak mahai gaineratzeko. Garenetik eta hitzetik, ez dun erronka makala gero. Bertso-eskoletan lan handia dinagu egiteko.
Gehiegitan erruari begiratzen zionagu, eta, nire uste apalean, horrek ez din ezertarako balio. Logika dun erreparatu beharrekoa, norbere ibilbidearen logika eta horren baitan egun garena, bizitutakoaren ondorioak, alegia.
Egun gutxi dira Avatar pelikula ikusi dudala eta bigarren aldiz ikusteko irrikan nagon. Pandoran, guztia konektatuta zagon. Landareak, gizakiak, animaliak, zuhaitzak, gizakia… Azken batean, Natura eta haren baitan murgiltzen eta mugitzen den guztia dun beharrezkoa izate oro posible izan dadin, tximeleta bakarraren joerak ekosistema osoa baldintzatu dezakeelako. Beldurrarentzat ez zagon tarterik, egunerokoa bizirauteko borroka dun eta alferrikakoak pajeo mentalak. Sena eta instintua ditun norbanakoaren oinarri eta, edo azkar ikasten dun edo hireak egin din: "El orden natural de las cosas no es casualidad."
Gureak botere-harremanak ditun, esplizituak zein inplizituak. Bakoitzak neurtzen eta aukeratzen din non kokatzen den, nahiz inkontzientea izan askoren hautua. Zergatik menpekoak erakartzen du boteretsua? Elkar behar dutelako. Dena konektatua zagon eta, ni mugitzen banaiz, ezinbestean inguruak mugitu beharko din.
Iraultza kolektiboa iraultza pertsonaletik hasten dun, eta hori ematen ez den bitartean jarraituko dinagu diskurtso eta iritzi-artikulu ederrak eskaintzen munduari. Batzuek ez zakinagu futbolaz, eta zerbaitez hitz egin beharko dinagu, ezta?

Amaia Agirre


Apa Berrobi!
Baloia mundua bezain borobila delako mugitzen ote du mundu erdia? Haizatutako esfera batean bizi gaituk gu ere, eta ez zekiat ba! Nire pasio handienetako bat izan duk urte askotan futbola, baina ez ikusteko, jokatzeko baizik. Makina bat jugada egiten zizkigutek bizitzan, eta guk horiei buruz hitz egingo diagu, ezta? Ondo zegok.
Dena konektatuta dagoela esaten duk, baina konexioa eten egiten duk askotan. Hire ingurua hirekin batera mugitu arren, askotan ez duk hire norabide berean mugitzen, ezta abiadura berean ere.
Menpekoak botereduna erakartzen omen dik, baina baita menpekoek elkar ere. Biok gaituk irakasle, eta ez al zaik horrelakorik ikustea gertatu? Seguru baietz. Horretan ere nik baino esperientzia handiagoa daukak. Menpekoak goikoa elikatzen dik, baina bi oilar oilategi berean eramangaitza duk. Umilazioak umilduta daudenek, aldiz, elkar babesten ditek.
Norbanakoaren iraultzan sinisten duk hik. Fede handia duk horretan, eta gurtu egiten duk ahalegin hori. Hi pauso hori ematen ari haiz eta emaitzak ikusten dituk, eta bejondeiala Unai! Iraultza=revolución omen duk. Ni horrek ez naik asebetetzen, baina lurra ere irauli egiten ditek baserrietan, eta hori maite diat. Simaurra bota eta irauli. Golde asko falta dituk gure bizitzan, ordea.
Simaurra ongarri ezinbestekoa duk gure baserriko baratzetan, baina asfalto eta zementu gainean ere simaur asko zabaldu zigutek, eta hori ez duk ongarri.
Nik uste diat, Unai, gure egoari hegoak falta zaizkiola gure egitean, ekitean, elitean. Askotan exit-ean gaudek. Umilatuak izateko beldurrez umildu egiten gaituk, eta umiltzetik amiltzera pauso bat baino ez duk egoten sarri.
Gaur jostari jaiki nauk, hitzekin jolas egiteko premiaz. Nire begi-ninietan NI ikusteko desioak jota. Zer iruditzen zaik?
Aurreko batean Virginia Imazek Soledad Fellozari egindako elkarrizketa irakurri nian, eta gure elkarrizketa honekin gogoratu ninduan. Guri zenbat aldiz galdetu zigutek "bertsolaria egin edo jaio"? Ipuin-kontalaria edo narratzailea egin ala jaio? Horixe zuan galderatako bat, eta hona hemen erantzuna: Creo que las palabras son tan generosas que aceptan que nazcas en ellas o que seas adoptado. Ellas buscan bocas que las hagan viajar y les da igual que llegues recién nacido o maduro decrépito.
Gure baitan ere hausnarketa berriak jaio dituk eta oihartzun egin zigutek izatearen barne-hormetan. Garenaren eta izan nahi dugunaren artean bizitzera kondenatuak omen gaudek. Guk ere lugorritik luberrira pasa behar diagu. Goldea ez gorde.
Pozten nauk, Unai. Eskerrik asko niretik hitz egiteko aukera emateagatik, eta entzuteagatik. Geure buruari hainbeste opa eta zor genioan, ezta? Izan funtsa!