Batzordeko kideekin batera, txosna gunean egingo diren ekintzen elkarteetako ordezkariak egon ziren, hala nola, Ostadar, Ttakun edo Bertso eskola, baita gazte jendea ere.
Gune duina
“Herria sorgintzeko sekulako gogoekin gatoz. Izandako oztopo eta arazo guztien gainetik herria animatu, jai giroan sartu eta ilusioz bete nahi dugu,” adierazi zuten.
Aurten jaiak, urte bete herriko erdialdetik aldenduta ospatuko dituzte, “herri guztia obretan eta hankaz gora den honetan” eta duela bi astera arte, gune duinik ez zutela salatu zuten. ”Baina herriak erakutsi du bere duintasuna eta guztion artean, hemen aurkitzen garen elkarte eta herritarren artean, gune duin samarra lortu dugu,” jakin arazi zuten.
Elkarteen ekintzak
Batzordeko kideek egitarauari errepaso bat eman baino lehen, elkarteek haien ekintzak azaldu zituzten.
Honela, bertso eskolako kideek bertso saioa eskainiko dute astelehen arratsaldean.
Ostadarrek, berriz, igandean goitibehera txapelketa eta kronoeskalada antolatu ditu. “Goitibeheratan parte hartzen dutenek kaskoa eraman behar dute” gogoratu zuten Ostadarreko kideek eta berrikuntza bat aurkeztu zuten kronoeskalada proban, Sorgin jaien gunetik hasiko dela.
Ttakunek Sorgin dantzak txosna gunean dantza egingo duela jakin arazi zuen. Era berean, Zikiro afaria eta Laiotzen kontzertua gunean egingo dituela.
Egitaraua eta greba eguna
Ekintza hauei urtero antolatzen diren ekitaldi parte hartzaileak, mus txapelketa, Oria ibaiko jaitsiera, etab., gehitu behar zaie. Baina, horietaz gain, aurten jaiei hasiera emateko, larunbatean 11:30ean, kuadrillen jaitsiera antolatu dute, “jaiei hasiera koloretsu eta alaia emateko.”
Txupinazoa 13:30ean izango da Sorgin jaien gunean. Eta bazkariaren ostean, olinpiadak izango dira, “aurten Gabiri eta Lizarrako herriak izango dira gonbidatuak.”
Gauean, berriz, talde sorpresa egongo da, Laiotzen emanaldiaren bukatzean.
Beste berrikuntza batzuk izango dira, igande eguerdian, entsalada lehiaketa eta sagardo dastaketa.
Arratsaldean ere, erromeria izango da Trikihots eta Hitzartu taldeen eskutik eta gauean, Danba, Emon eta 3gabe2 taldeeen kontzertua.
Astelehenean, umeen eguna ospatu nahi dute Sorgin Jai gunean eta horretarako, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia, haurrentzako bazkaria, jokoak eta danborrada antolatu dituzte.
Heldu eta gazteentzat, aldiz, Oriako jaitsiera, mus txapelketa, DZren emanaldia, Sorkunen kontzertua eta karaokea.
San Pedro egunean, “Sorgin Jaiak gehiengo sindikalak deituriko greba deialdiarekinbat egiten du, eta langilegoari kalera ateratzeko deia luzatzen dio.” Aurrera begira, egun horretan egingo denaren berri emango du batzordeak.
Sorgin Jaietako gunean jarrera sexista, xenofobo edo faxistarik ez dela onartuko gogoratu zuten. Eta, azkenik, herritarrei jaietan parte hartzeko deia egin zieten.