Somotori buruzko ikerketa batzordearen funtzionamendu okerra salatu du Ezker Abertzaleak

Txintxarri 2010eko ekainaren 21a

Somotora bidali ziren laguntzak ikertzeko Lasarte-Oriako Udalean martxan jarri den batzordearen funtzionatzeko modua salatu dute Ezker Abertzaleko Txanpi Baztarrika eta Joxe Goikoetxeak.
Bi zinegotzien ustez, Somotoko auditoriaren informea eta dokumentazio guztia jaso arte itxaron beharko litzateke, zenbait pertsonen galdeketa eta agerpenekin hasi aurretik, informazio interesgarria izango dela uste dutelako. Hori proposatu zuten ekainaren 8ko bileran eta batzordearen buru den Encinas PPko zinegotziak kasurik ere egin ez zienez, bileratik joan egin ziren.
Hain juxtu, PPko zinegotziari errespetua eskatzen diote , "ez gara zenbaki bat, batzordera lanera gatozen zinegotziak gara".
Baztarrika eta Goikoetxea zinegotzien ustez, batzordearen lana argigarria baino harrigarria da, gertatutakoa argitu baino, eurak harritu egiten dituela funtzionatzeko moduarekin: martxoaren 23tik bi hilabete eta erdian batzordea bildu gabe egon da. Hala ere, idazkaria eta kontuhartzaileari galdeketak egiteko prest dira Somotoko auditoria eskura izan gabe. Ezker abertzaleko kideek ez dute parte hartu bileran, ez daudelako ados batzordeak hartu duen norabidearekin.
Hasieratik izan dira Lasarte-Oriako Udal Gobernuan diren PSOEko kideen eta oposizioaren artean tirabirak. Somotora bidalitako diru laguntzak ikertzeko eskatu zuen oposizioak eta PSOEk aldiz azken urteotan Udalak emandako diru laguntza guztiak ikertzeko.
Ikerketa batzordea osatzerakoan zortzina kide izan dituzte PSOEk eta oposizioak PPko zinegotzia kontatu gabe. Beraz, PPko Encinas ordezkariaren papera funtsezkoa da, bera da batzordeko buru gainera. Eta bere lana gogor kritikatu dute ezker abertzalekoek ez dituelako "ezertarako ere kontutan izaten, ez gaitu begien aurrean ere ikusi egin nahi. Berarentzako ez gara, Joxe, Txanpi eta Itziar zinegotziak. Berarentzako zenbaki bat gara" Batzordera lanera doazen pertsonak direla aldarrikatzen dute zinegotziek eta beraiek batzorde-buruari dioten begirune berdina eskatzen diote berari ere.
Bestalde, batzordea zuzentzerakoan duen jokabidea ere kritikatu du ezker abertzaleak "harrokeria kutsua ere ikusten diogu, dena arautua du, zein ordenatan hitz egingo duten, zenbat aldiz, erantzuteko aukera izango duten ala ez,... Aurreko batzarrean ez zion alkateari erantzuteko aukerarik eman, jada aurretik hitz egin zuela esanaz. Guri noski ez digu ezer uzten".
Somoton, bost urtetako laguntzen auditoria egiteko eskatu zuten, soilik bi urtetakoa egin da baina informazio interesgarria aterako dela uste dute bi zinegotziek.