Egunen batean, EZ da berri honen beharrik izango; imajinatzen duzu?

Nerea Eizagirre 2010eko ekainaren 21a

ATZEGI elkarteak 50 urte daramatza adimen urritasuna duten pertsonen aldarrikapenen alde lanean. Urteurren honi begira, kanpaina berezia jarri dute martxan, honi buruz eta egungo egoerari buruz gehiago jakiteko elkarteko kide diren Yrma Ayerra eta Alex Tetuanekin bildu gara.

Egunen batean ez dugu kartel honen beharrik izango, Imajinatzen duzu? lelopean ATZEGI elkarteak. Helburua adimen urritasuna duten pertsonen gizarteratzea lortzea dela azaldu digu Alexek, “utopia bat da baina hori islatu nahi da. Imajinatu guztiekin harreman normalak eta koadrila izatea.”
Era berean, “duela 50 urte elkartea sortu zuten pertsonei omenaldia ere bada” atxiki du Yrmak, ”lanean hasi zirenean imajinatu ezin izan zutena lortu da. Haiek zerbait oinarrizkoaren alde egiten zuten; egun gauza asko lortu da eta askotan nahikotzat jotzen dugu.”
Baina, kanpaina hau bultzada bat dela onartu du, “etorkizunean lortu nahi dena ikusteko” “Pausuak ematen dira, baina helburu finala lortzeko asko geratzen da oraindik,” gogoratzen du Alexek.

Lan mundua eta hezkuntza

Biek diotenez, lan munduan eta hezkuntza mailan momentu garrantzitsua da gaur egungoa.
“Lehen Hezkuntzan gauza asko lortu da, ikasgelan laguntza dute. Baina Bigarren Hezkuntza geratzen zaigu, hori inorena ez den lur batean egotea da urritasuna duten haurrentzat” adierazi du Yrmak.
Izan ere, aitortu duenez, “helburua ez da nire haurra unibertsitatean egotea. Nire helburua hark dituen gaitasunen arabera aukeratu ahal izatea da. Esate baterako, ez da normala Pablo Pineda bat izatea.”
“Europa mailan, Pablo Pineda bakarra da Unibertsitatera joan eta bi karrera egin dituena. Izan ere, guri hitzaldi batean azaldu zigutenez, gehienez pertsona normal baten gaitasunen %60a garatzen dute” azaldu du Alexek.
“Salbuespena da, baina horrek ikusarazten digu, agian baten batek ahal duela. Zergatik ez?,” atxiki du Yrmak.
Lan munduari dagokionez, Udalarentzat lanean dagoen Jon Roncero herritarraren kontratazioa aurrera pausu bezala ikusten dute, “nahiz eta urte beteko kontratua izan eta lanaldi laburra gizarteratzean pausu bat da.”

Harremanak

Izan ere, biek onartzen duten bezala, urritasuna duten pertsonek familiako kideekin dute harremana.
“Ezin da gizartea aldatu. Gizartea indibidualista da gurea eta selektiboa,” adierazi du Alexek.
Horregatik, haurrek ezagutzen dituzten eremuak dira garrantzitsuak, “eskolan agian izkina batean dago eta gelakoek eta irakasleek ongi ikusten dute, baina hori ez da ona. Besteekin harremanak izatea litzateke onena,” azaldu du Yrmak, “Izan ere, nik nire haurrak aukera dezala nahi dut, bere lagunekin ateratzea, familiarekin egotea...”
Era berean, Alexek gurasoen garrantzia azpimarratzen du ere, “asko babesten dituzte haien haurrak. Haurrak mugatuak daude eta gurasoek ere mugak jartzen dizkiete.”

Bolondresak eta Atzegizalea

Elkarteari eta urritasuna duten pertsona hauen gizarteratzean laguntzeko, kanpainan edo ekintza berezia batean parte hartu, zure denbora eskaini, dirua eman dezakezu edo Atzegizale izan zaitezke. Lasarte-Orian esate baterako, “50 bazkide daude, 47 laguntzaile eta 101 Atzegizale, iazko datuen arabera”.
“Besteak beste, bolondres edo laguntzaileak oso garrantzitsuak dira gure elkartean. Horregatik, iazko kanpaina haiei eskerrak emateko egin zen,” aipatu digu Yrmak, “gauza txikiak dira batzuetan eta bakoitzak hartzen du nahi duen konpromisoa. Bolondresek gauzak ezeren truke egiten dituzte eta diru ordaina ez dagoenena, gauzak beste era batera egiten dira.”
Izan ere, ATZEGIko aisialdiko txokoetan, Txolarteetan lan garrantzitsua egiten dute. Baina ez hori bakarrik, gauza puntualetako bolondresak era badira, “adibidez, gure mutiletako bat Realaren bazkide zen eta bolondres bat zegoen futboleko jarraitzaile sutsua zena. Lagunak egin eta Reala ikustera doaz,” aipatu du Yrmak.
Honela, udako bidaietako laguntzaileak behar dituztela jakin arazi digute, “Gipuzkoako taldea asko mugitzen delako.”
Bestalde, Atzegizalea izatea zer den azaldu digute, “ez da konpromisoa, jarrera bat da. Oinarrizkoa laguntza ematea, kalea gurutzatzen laguntzea agurtzea da. Honek gizarteratzean laguntzen du.”

Urteurreneko ospakizunak

Baina kanpainaz gain, ATZEGIk 50. urteurrena ospatzen du aurten eta horretarako hainbat ekitaldi egingo ditu.
“Elkarteak jarri dituen kartelen erakusketa egingo da, Gipuzkoan zehar ibiliko dena. Elkartearen beharrak eta pausuak zeintzuk izan diren ikusi daiteke horien bidez,” azaldu du Yrmak.
Erakusketa herrian egiteko asmoa azaldu dute eta Alexek “karteletan, gainera, bi lasarteoriatar daude, Jon Roncero eta Asier Berraondo,” azpimarratu du.
Honetaz gain, urte amaieran, Kursaal aretoan jaialdia antolatuko dute.
Elkarteari buruz eta kanpainari buruz, informazio gehiago nahiez gero, www.atzegi.org orrialdean aurkitu dezakezue.

IMAJINATZEN duzu?


“Nere herriko lantegiren batean lan egiteko modua izango dudalako”

“Zer ikasi nahi dudan aukeratu ahal izango dudalako”

“Senargaiari musu emateko modua izango dudalako kalean, inor ere harritu gabe horregatik”

“Babes Ofizialeko etxea izateko modua izango dudalako”

“Jendeak nirekin hitz egiteko modua izango duelako; jakingo baitute, nire erara, ulertu eta erantzungo diedala”

Sar zaitez www.atzegi.org orrian eta babes ezazu pertsona hauek imajinatzen dutena, edo esan zer imajinatzen duzun zuk.