“Ezezaguna zaren merkatu batean burua sartzea oso zaila da”

itxaso-moreno 2010eko ekainaren 21a

Igor Artamendi lasarteoriatarra eta Unai Bengoa donostiarrak [i]Neurtu[/i] enpresa sortu zuten duela urte eta erdi. Irungo FPko Bidasoa Institutuan topografia ikasketak burutzen ari zirela hasi ziren [i]Neurtu[/i]ren nondik norakoak ezartzen. [i]Urrats bat[/i] erakundeak ekintzaile gazteak laguntzen ditu euren proiektua gauzatzeko. Horretan murgildu eta azkenean, Gipuzkoako enpresa onenaren saria eskuratu zuten.

Enpresa berria dugu oraindik Neurtu proiektua. 2008/2009 ikasturte bitartean sortutakoa eta martxan jarritakoa. Ilusioz ekin zioten Neurturi Igor Artamendik eta Unai Bengoak. Baina merkatu ezezagun batean sartzeak eta krisi ekonomikoak, gauzak zailtu egin dizkio. Hala ere, hor ditugu aurrera ateratzeko ahaleginean. Gu Igorrekin bildu gara Neurtu zer den ezagutzeko, eta jasotako sariaz jarduteko.

Zer da Neurtu?
Eraikuntza sektoreko hainbat enpresei, nahiz erakunde Publiko, Foru Aldundi, Udal eta partikularrei zerbitzu topografikoak eta delineazio zerbitzuak eskaintzea helburu duen enpresa. Topografia klasikoa, modernoa eta famatuak bihurtzen ari diren GISak egiten dituena.

Zer dira GISak?
Geografi informazioa ematen duen sistema da. Plano politagoak dira, erakusteko modu erakargarriagoa, inbentario batekin doazenak. Datu baseen antzera funtzionatzen dute, kontsultak egiteko aukera emanaz. Sistema berria bada ere, guk zerbitzua eskaintzen dugu.

Eta zer da topografia?
Jendeak askotan galdetzen digu. Zuek zer zarete tripode batekin ibiltzen zaretenak? Ba bai, horiek gara gu. Gure lanean distantziak eta angeluak neurtzen ditugu. Lehen zailagoa zen, kalkulagailuarekin ibili behar ginen distantziak neurtzeko, baina orain aparatu berriekin dena errazagoa da. Botoiari eman, eta bulegora joaten zarenean pantailan jada puntu guztiak ateratzen zaizkigu. Puntu guzti horiek elkartu, eta azkenean, bezeroari aurkezten diogun planoa ateratzen da.

Noiz sortu zen Neurtu?
Orain dela urte eta erdi sortu genuen Urratsbat erakundearen laguntzarekin. 2008ko urrian eratu genuen. Merkatu azterketa egin eta gero.
Zikloko ikasleak ginen Unai eta ni, eta hasieratik geneukan pentsatuta zerbait egitea. Nahiko argi izan genuen sortu nahi genuen enpresa tipoa.
Ikasten ari ginela primeran zihoan enpresa, lan pila izan genuen, baina krisia hasi zenean behera etorri zen

Zer da Urrats Bat?
Gazte ekintzaileak laguntzen dituen erakundea. Txarla ematen dizute zure proiektua aurrera eraman ahal izateko. Halaber, erakundeko koordinatzaileak zure gainean dituzu habian jarri behar duzun proiektuan babesa eta laguntza emanez. Sortzeko dauden enpresei aholkularitza ematen diete. Lan munduak nola funtzionatzen duen ere esplikatu egiten dizute. Beti ere, FPko ikasleei zuzenduta.

Gipuzkoar enpresa onenaren saria irabazi duzue, zorionak! Espero zenuten?
Ez genuen espero baina ondo hartu genuen. Nahiko urduri jarri ginen. Jende aurrean hitz egin behar hori, gure proiektua ahoz guztiei azaltzea...
Enpresa asko aurkeztu ziren, baina gehienak itxurazko enpresak ziren, eta hauentzako sari txikiak izan ziren. Gurea martxan zegoen jada, eta Bizkaiko eta Arabako beste bi enpresekin gu izan ginen saridunak. 3000 euro, sari polita da.

Nolatan aurkeztu zineten?
Gure Urrats Bateko koordinatzaileak esan zigun lehiaketa bat zegoela eta bertan parte hartzeko. Egia da esperantza gutxi genituela. Gure enpresa sortzeko egindako txostena txukundu, buelta bat eman eta hobetu genuen. Merkatuaren ingurukoak jada ezagutzen genituen.

Diru saria inportantea...
Baina guk diru saria baino errekonozimendua espero genuen, publizitatea. Saria irabazi izan hori nahiko gordea geratu dela iruditzen zaigu. Azkenean, FPko ikasleak gara garaileak, eta badirudi horrek sariari balioa kentzen diola.

Zer eskaintzen du Neurtuk?
Denetatik eskaintzen dugu. Adibidez, lur sailak dauzkan batek, bere ondokoarekin arazoak baldin baditu mugak non diren adosteko, guk neurketak egin eta bakoitzaren zatiaren mugarriak zeazten ditugu.
Lur eremuen planoak eta distantziak neurtzen ditugu.

Nola jarri daiteke jendea zuekin kontaktuan?
Web orrialde bat daukagu, www.neurtu.com.
Bertan orain arte egin ditugun lanen aurkezpena egiten dugu, gure instrumentuei buruzko argibideak eta nortzuk garen azaltzen dugu. Kontakturako modua ere azaltzen da.

Aipatzeko lanik?
Lan batzuk egin ditugu, baina gehienak kolaborazioak izan dira. Gurekin kontaktuan, zuzenean oso gutxi jarri dira, beste enpresen bitartez lortu ditugu lanak. Zaila da ezezaguna zaren mundu batean sartzea.
Lasarte-Orian lan batzuk egin ditugu. Adibidez, DIA inguruan egin behar dituzten etxebizitzen terrenoari buruzko estudio topografiko bat eskatu ziguten. Oria ibaian uholdeak sortzeko arriskua ere aztertu genuen.
Orain lan garrantzitsu baten zain gaude, GIS horietakoa izango litzatekeena.

Lasarte-Orian duzue egoitza...
Pentsatu genuen Donostian jartzea, bertan diru laguntzak ematen dituztelako, baina azkenean nik hemen etxea nuenez hemen jarri genuen.

Nola ikusten duzu enpresaren etorkizuna?
Aipatu bezala 2008an hasi ginenean gauza primeran zegoen, aurten nahiko geldi geratu da dena. Eta orain, ematen du berriro mugitzen hasi dela merkatua. Momentu hauetan beste topografoei esker ari gara lanean.
Baina hasierak zailak baldin badira, eta aurrera egitea lortu badugu, orain ere lortuko dugu .