Goizean, taloa eta txorizoa eskaini zuten Sasoeta-Zumaburun eta ikusgarria izan zen emanaldi zabala ere. Hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izan zuten bata bestearen atzetik: perkusioa eta dantza afrikarra, gimnasia erritmiko erakustaldia, 4. eta 5. mailakoen bestsoak, Hipo eta Tomax pailazoen “Beldurraren etxean” ikuskizuna eta guraso, irakasle eta ikasleen dantzen aurretik ,Koru Etxeberria omendu zuten.
Arratsaldean aldiz, karaokea, puzgarriak, zezen mekanikoa eta festa amaieraren aurretik diskoteka izan zuten.
Landaberri ikastolan ere, aurreko astean ez zen giro bikain eta umorerik falta izan, ikasturte amaierako ospakizun-jaialdian. Gurasoek ederki pasa zuten euren haurren musika eta dantza emanaldiak ikusten.
Zuzendari aparta, emakume zoragarria
Sasoeta Zumaburu ikastetxean larunbatean burutu zen jaialdian, 16 urtez zuzendari izandako Koru Garmendia
irakaslea omendu zuten. Ondorengo testua eskaini diote agurtzeko.
1987ko irailean zure ibilbide profesionalarekin jarraitzeko Lasarte-Oriako herrian Sasoeta izeneko ikastetxera iritsi eta bertan haur hezkuntzako ikasleekin lehen urratsak ematen hasi zinen. Ziur atzo izan balitz bezala gogoratzen dituztela neska-mutiko haiek andereño jator haren irribarre, muxu eta lana! Atzo izan balitz bezala gogoratzen ditugu geuk ere, zurekin batera lan egin genuenok, zure kezka eta ilusioa!
Urteak pasa ahala eta adoretsu zure konpromisoari heldu diozu beti eta zuk hainbeste maite dituzun herria eta hizkuntza bultzatu asmoz, ausart eta beldur gabe eskolako zuzendari izatera igaro zinen. Eskerrik asko!
16 urte zuzendaritzan egin ondoren zaila da deskribatzea egin duzun lan itzela orri ziztrin honetan, zure lanak liburu bat merezi baitu gutxienez, zeinak pozez, negarrez, kezkez, beldurrez, irriz, algarez, nekez, haserrez, ilusioz eta konpromisoz beteko lituzkeen edozein irakurleren bihotzak.
2010.urtera iritsita, zu zaren kide, lagun ona eta emakume zoragarriak kapitulu berriak erantsi behar dizkio oraindik bukatu ezin den liburuari.
Aro berri honetan, zorte on, Koru!