Gaur piztuko da San Joan sua

Txintxarri Aldizkaria 2010eko ekainaren 23a

Gaur da urteko gaurik motzena, San Joan bezperako gaua.
Gau magikoa omen da, oroitzapen txarrak erre eta horiek ahazteko gaua. Eta horretarako, Euskal Herriko bazter guztietan San Joan Sua pizten da.
Gure herrian ohitura den legez, hainbat ekitaldi burutuko dira gaur hori ospatzeko.

Dantza eta kalejira

Lehenik, eguraldiak laguntzen badu, 21:30ean, Udaletxe aurrean Zortzikoa dantzatuko dute Erketz DTko lagunek.
Ostean, Udal zinegotzi eta dantzariek Andatza plazara kalejira egingo dute haiekin biltzen diren herritarrekin batera.

Sokadantza eta sua

Ohikoa denez, Andatza plazako sua piztu baino lehen, Erketzeko dantzariek soka-dantza eskainiko dute eta jarraian, fandango eta arin-arina dantzatzera gonbidatuko dituzte bertan bildutako herritarrak.
Ostean, sua piztuko dute eta kalejira egingo da.
Suaren garretan erreko dituzte herritarrek urte honetako gauza txarrak, eta bide batez ahaztu ditzakete.