Aldaketen urtea da aurtengoa, ohiturak aldatzeko urtea. Izan ere, 2010eko jaiak, bihar, ekainaren 26an txupinarekin hasi eta San Pedro egunean, asteartean, bukatuko dira zezen suzkoarekin.
Baina hori ez da aldaketa bakarra, San Pedro egun bezperan egiten ziren danborrada, sorgin dantza eta zikiro afaria, besteak beste, larunbatean egingo dira, lehen bezala festetako lehen egunean, eta umeen eguneko haur danborrada, igande eguerdian. Bestetik, azken bi urtetan, jaiei amaiera eman dien Maketa Lehiaketako kontzertua, asteartean arratsaldeko 20:00etan izango da.
Herriko elkarteek, zein Udalak antolatuta, adin guztietarako milaka ekintza egongo dira lau egun hauetan zehar. Haurrentzako parkeak, herri kirolak, txu-txu trena, dantzakiak Isla plazan, gazteen kontzertuak Andatza plazan... Aurten, gainera, Lasarte-Oriako kaleetan zehar jai giroa zabaltzeko Udalak kaleko ekintza ugari antolatu ditu, esate baterako, kale antzerkiak, mariatxien kalejira edo Oriako txaranga.
Honetaz gain, ohikoa den moduan, Sendoki elkarteak eta Udalak egiten duten omenaldia ospatuko da San Pedro egunean. Omenduak, 1671an, gure herrira iritsi zen erlijio ordenako kideak dira, Brigitar mojak.