Asteburuan

Txintxarri 2010eko ekainaren 25a

Aurten jaiak kontzentratu egin dira. Asteburuan bildu, kiribildu eta biribildu. Asteburu bero eta eroa izango da. Asteberuan ibiliko dira sanpedrotan bat edo beste. Aste hau ez da aste. Nahastea bai. Nahaste borrastea. Sanpedrotako ekitaldi gehienak asteburuan bildu dira, asteburuan biribildu dira. Asteburu borobilaren bila ibili dabil herritar bat edo beste kiribilduta. Gehiagoren eske. Sanjuanak (ez sano juanak) eta Sanpedroak elkartu egin dira asteburu beruan. Asteburu biribila, eta astea hila. Astelehen eta astearteko egitaraua, aurten, berez nahiko hustua zen, asteburuan dute herritar gehienek jai eta asteburuan bildu dituzte jai ekintzak, eta greba deialdiarekin are hustuago geratzeko arriskua zegoen. Baina jaiak ez du grebarik egiten. Eta greba egiteko deia zabaldu duten sindikatuek ere ez dute sanpedrotako egun nagusian okerrik, atsekaberik edo nahigaberik eragin nahi: “Jaiak bai borroka ere bai” leloari heldu eta “Greba bai, jaiak ere bai” egingo dute. Beraz Lasarte-Orian, hilaren 29ak bietatik izango du: greba eguna (arratsaldeko 18:00etan manifestazioa aterako da Sorgin Jaien gunetik), eta San Pedro eguna izango da, festatako eguna, (garai batean egun nagusia). Greba deitu duten sindikatuek ondo ikusi dute egunean zehar taberna eta jatetxeak zabalik izatea, baina arratsaldeko 18:00 eta 19:00ak bitartean ixteko proposatu dute, manifestazioak irauten duen bitartean.
Ondo ibili eta burua erabili, asteburu eta aste, nonahi baina aske, Lasarte-Orian bada martxa, bat ase arte.