Gauak

Txintxarri 2010eko ekainaren 25a

Bertso sorta honekin Ane Labakak Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan lehen saria eskuratu zuen maiatzean.

Doinua: Martxa baten lehen notak (Maialen Lujanbiok Euskal Herriko azken txapelketan bakarkako lanetan erailia)

Ordulariak orratz txikia
hamaikatik hamabira
mugitu du ta idatzi nahi dut
linterna honen argira
izar iheskor baten atzetik
eman ditut mila bira
ipurtargiak ere iluna
argiz janzten ari dira.
Gauez zerua laztandu asmoz
etorri ohi naiz mendira,
batzutan gure mundutik ihes
egitea komeni da.
Bertsoz adierazi nahi nuenez
gauen berezko dizdira
egunsentiak harrapatu nau
ilargiari begira.

Larunbat gaua iritsi da ta
ez nago aldarte lasaiz
hona etorri ta idazteak
egingo ote dit ba gaitz?
Sentitzen nintzen lagunengandik
pixka bat aldentzeko nahiz
nire barrua askatu asmoz
nire indar eta dohaiz.
Berdin zaienez gaugiro eder
edo trumoiezko ekaitz
mozkortu eta etxera triste
itzuli izan dira maiz
gaur tabernetan lagun guztiak
dabiltza aurpegi alaiz
ni lehen aldiz ez naiz hara joan
ta arraro sentitzen naiz.

Gazteak gara eta alkoholak
sarritan ohi du lagundu;
beldurrak, kezkak eta damuak
alkohol artean bigundu.
Nahiz ta farolen argitasunak
sarri erotzen gaitun gu
argia gauez lortzen duenak
etorkizuna ilun du.
Gauak minutu bihurtzen dira
ta minutuak segundu,
larunbat gaua, igande goiza
aurkako diren bi mundu
goizean jeiki eta ajea
aspirinekin leundu
gauak argitu egiten gaitu
eta egunak ilundu.