Santa Brigitaren babesean gertatutako itsasoko gorabehera horrek, birjina horri buruzko jakinmina sortu zion Miguel de Okendori.
Valladoliden Brigitarrak deituriko mojak zeudela jakin zuen. Bertan moja euskaldun asko zegoenez, Gasteizen sortu zuten beste komentu bat. Hara jo zuten okendotarrek, euren etxean komentu bat eraikitzeko intentzioa erakutsiz. Okendotarrek ermita txiki bat eraiki, komentua eraikitzeko lursaila eman, eta kongregazioko mojei eskaini zieten gurtza egiteko. Hauek onartu, eta 1671ko urtarrilaren 7an inauguratu zen herriko komentua.
Santa Brigitarren komentua habian jarri zenean, Okendotarrek bi alaba moja sartu zituzten, Maria Teresa eta Antonia Francisca. Haiekin batera beste bost moja sartu ziren komentuan, bertako lehenengo komunitatea eratuz.
Inperioa handituz
Itsasgizonen eta baserritar familien alabak sartu ziren Brigitarren komentuan. Hauen mantenurako, familiak dotea ematen zuen. Familia boteretsu eta garrantzitsuen alabak sartu ziren herriko komentuan eta horrek hasieran okendotarrek emandako lurren dohaintza handitzea ekarri zuen. Pixkanaka, Brigitarrak, jabetza aldetik oso boteretsu bihurtu ziren. Aberatsak bezala ezagutzen ziren mojen artean.
Eskuratu zuten indar horren isla, Azkoitian eurak sortutako Brigitar komentu berriaren sorrera da. Herri horretan, Okendotarrek beste jauregi bat zeukaten, bere alabengatik dotean emandakoa eta hauek kongregazioa handitzeko erabili zutena.
Indianoak
Indianoek ere eragin handia izan zuten Brigitarren komentuaren handitze horretan. Ameriketara joan ziren ogibide bila, eta han lortutako diruaren parte bat bidaltzen zuten eliz kontuetarako.
Diru hori Santa Brigitaren omenez eraikitako baseliza atondu eta txukuntzeko erabiltzen zuten.
Eliz eta komentu aberatsa izan behar zuen gureak hainbeste urtetan jasotako dote eta aberastasunengatik, baina garaian egon ziren guden ondorioz, komentua eskastu egin zen, txirotu. Lapurreta ugari egon ziren. Gaur egun, komentuko eliza da alde txukunena.
Arte-ondare
Barroko estilokoa da Brigitarren komentua eta eliza. Euskal Herriko arte-ondare bezala dago izendatuta. Garai bat, estetika bat islatzen edo erakusten digu. Baina zoritxarrez, kalitatezko ondasun gutxi aurkitzen ditugu bertan. Bere garaian izan bazituen ere, XVII-XIX mende bitartean desagertu ziren guden arpilatze eta suntsipenei esker.
Gure mojak ere komentua uztera behartuak izan ziren, iparralderantz eginez. Baina, Baionan atxilotuak izan ziren.
Ihes egitea lortu zutenean Donibane-Lohitzunen babestu ziren. Mendian zehar Oiartzungo baserri batera iristea lortu zuten eta han, ostatu hartu.
Apaltasunean sortutako komentu hau indartsu eta esanguratsu bihurtu zen. Eta horregatik izan zen askotan lapurtua eta kaltetua.
Herriaren eragile
Aipatu bezala jabetza asko izatera iritsi ziren Brigitarrak. Dotean emandako aberastasunei esker indartsu bilakatu eta herriaren eraketan lagungarria eta eragile izan ziren.
Lasarte-Oria ez zegoenean oraindik herri bezala eraikia, guraso eta elkarteek institutu bat eraikitzeko gogor borrokatu ziren. Leku baten beharra zuten eta mojak izan ziren azkenean Goiegin zituzten lur batzuk dohaintzan eman zituztenak.
Aberatsak izan ziren moja hauek ondasunei zegokionez, gauza asko jaso zituzten, baina eman ere egin zuten Lasarte-Oria herri bezala eraikitzen laguntzeko. Herriarekin oso lotuta egon diren mojak izan dira Brigitarrak. Herriaren sorreran lagungarri izan dira.
Kulturalki, gizartearekiko eta hezkuntzarekiko eragingarri ere izan dira.
Udaletxea komentuan bertan egindako ospakizun batekin inauguratu zen, eta herriko lehen plenoa ere bertan ospatu zen. Ana Urchueguia, herriko lehen alkatea eta lehenengo korporazioko kideak komentuan aukeratuak izan ziren. Herriaren eraketan monumentu garrantzitsuena Brigitarren komentua zen eta horregatik aukeratu zuten ospakizunetarako.
Herriarekin oso lotuak egon dira. Klausurakoak izan arren, eta bizitza otoitzera bideratuta eduki arren, herriarekin egin dute bat. Herritarrekin hartuemana tornuaren bidez beazeukaten ere, elkarri lagundu diote. Gizarteari aurrez aurre begiratu ez bazioten ere, herriaren parte bihurtu ziren.
Xabier Andonegi / Lasarte-Oriako parrokoa
“Pozik, baina sorpresaz hartu dute omenaldia”
Urte ugari pasa dira moja Brigitarrak herrian ezarri zirenetik. Egunerokotasunean aldaketa gutxi eman diren arren, oinarrietan eta bizimoduan ez da horrela izan. Udalak egingo dien omenaldia aitzakiatzat harturik bere egunerokotasunean murgildu nahi izan gara. Horretarako, Xabier Andonegi, herriko parrokoarekin hitz egin dugu.
Klausurako mojen bizitza nahiko ezezaguna da...
Ulertu behar da lehendabizi bai emakume, bai gizonezkoetan, eta baita edozein erlijiotan; budistak, islamistak, katolikoak... komentuko bizitza, egoitza barnean otoitzari, kontenplazioari, meditazioari emandako bizitza dela. Lanean eta otoitzean bizitzea, hau guztia mantendu ahal izateko.
Eta horren barruan, gure herriko mojak berezitasun bat daukate, euren sortzaileak emandako izaera. Hau da, kristau guztien (katoliko, protestante...) batasunaren alde otoitz egitea. Ekumenismoa, hain zuzen.
Orazioa eta autoekoizpena?
Hori da. Oso antolatuta daukate dena. Orain gauzak asko aldatu dira, baina lehen jateko baratza eta animaliak zituzten. Oso garrantzitsua zen dependentziarik gabe, mantentzea. Etxebizitza oso antolatuta, naturala eta ekologikoa zeukaten.
Hori lehen, eta orain?
Beraiek esanik, orain inoiz baino hobeto bizi dira. Zaharrak dira, jubilatuak eta dirua ingresatzen dute. Diru-sarrera baxua bada ere, oso garrantzitsua da beraientzat. Oso apal bizi dira.
Osasun arazoengatik, ezin dute baratza lehen bezala zaindu, baina oraindik hor ibiltzen dira.
Lehen ez zeukaten, ezta gizarte segurantzarik ere.
Baratza, animaliak, baina ogibidea ere aurkitu zuten...
Jostun moduan espezializatu ziren. Batez ere, umeentzako soinekoak egin zituzten, eta dirudienez, bere garaian, oso ospetsuak izatera iritsi ziren herrian. Donostiako denda batzuentzat egiten zuten lana.
Ni orain dela 10 urte etorri nintzen herrira, eta oraindik lan honetan ikusi nituen. Nik dakidanez, azken lana Maria Cristina hotelerako ohe-gaineko estalkiak izan ziren.
Nolakoa izaten da beraien egunerokotasuna?
Esan bezala otoitzean eta egunerokotasuneko lanetan jartzen dute gogoa.
Goiz-goiz jaikitzen dira, goizeko 06:00etan, eta egiten duten lehenengo gauza otoitza da. Elizaren koroan bildu eta ordu beteko meditazioa, kontenplazio moduan. Elkarrekin egiten duten arren, isiltasunean ospatzen da.
Hori egin eta 07:00etan elkarteko errezoa ospatzen dute, elkarrekin abestuz. Hauei maitinak deitzen diegu, goizeko otoitz aldia.
Ondoren, gosaltzen dute. Energiak hartuta, gelak txukundu eta lanean hasteko momentua da. Gela handi bat daukate horretarako. Lana pertsonalki egiten bada ere, gela komunitario batean egiten da.
Goizeko 11:00ak aldera, eguneko meza inportanteena dator. Gainera herrian berezitasun garrantzitsu batekin, meza herriarekin ospatzen dela. Antzinatik datorren ohitura dugu hau. Komentu itxiak edo klausurakoetan normalean meza hauek barrukoak izaten dira, komentuko apaizak mojentzat antolatutakoa.
Meza ondoren, eguerdiko errezoa egiteko ordua da, bazkal aurrekoa.
12:30ak aldera, bazkalordua dute. Goiz jaikitzen direnez, goiz bazkaltzen dute. Ez dute sukaldaririk, beraz, eurak txandaka sukaldatzen dute.
Guztiak elkarrekin bazkaltzeko toki berezia dute. Eta bazkaria isiltasunean egiten da ere.
Isiltasunean?
Bai, isiltasunean. Baina normalean eramangarriago egiteko irakurle bat dago eta erlijioz aritzen zaie.
Hala ere, jai egunetan, urtebetetzeetan edo zerbait berezia dagoenean ez da irakurketarik egiten, bazkari librea izaten da, girotua. Eta egun horietan, kapilaua ere gonbidatzen dute, ni kasu honetan.
Eta bazkari ostean?
Bazkalosteko atsedenaldirako tartea dute. Bakoitzak bere gauzetarako du tarte hau.
Atseden hori eta gero errosarioa errezatzen dute. Eta gero, gau bezperako errezorik garrantzitsuenaren ordua da, bezperak bezala ezagutzen direnak. Arratsaldeko 19:00etan kanpaiak jotzen ditugu gogorarazteko.
Ondoren, afaria dator eta ohera joan aurretik, otoitza berriro ere, completa bezala ezagutzen dena. Izan ere, errezo honekin eguna osatu dute.
Lana eta otoitza nagusi dute, beraz?
Ordutegiz antolaketa zehatza daukate. Lana eta otoitza puntu garrantzitsuenak izanik. Gainerako gauzak horren inguruan antolatzen dira.
Betidanik bizimodu berdina eraman al da Brigitarretan?
Bizitzeko modua edo estiloa ez da asko aldatu, baina formak aldiz, bai.
Herriko mojak klausurakoak, oso itxiak izan ziren bere garaian. Komentuan sartu eta familiarekin, herritarrekin, lagunekin... zituzten lotura guztiak hausten zituzten. Zentzu guztietan itxi egiten ziren.
Komentuan sartu eta harresi baten barruan geratzen ziren, harresi horren beste aldekoarekin kontaktua ezabatuz.
Kontaktua bakarrik moja mojekin. Gainerakoek ezin zituzten aurrez ikusi.
Bizitza sakrifikatua...
Beldurra ematen zuten. Baina hau aspaldiko garaietan elizan zegoen mentalitatearen ondorioz gertatu zen. Egunerokotasunak edo jendearen gorabeherek jainkoaren kontenplaziorako egin beharreko orazioetan eragin zezakeela uste zen eta hoberena mundutik aparte bizitzea zela. Horri fuga mundi deitzen zaio. Oso hertsirik bizi ziren.
Egun gauzak asko aldatu dira, ez?
1965an, elizan kontzilioa egon zen, legeak eta antolamenduak aldatzen hasi ziren eta berrikuntza ugari etorri ziren.
Lasarte-Oriako mojak zorionez asko ireki ziren. Jende heldua oraindik harritu egiten da eman zuten aldaketagatik. Lehen ezin ziren kalera atera, eta orain egun guztia kalean zehar ikusten ditugu.
Orain, eginbehar eta betebeharrak dituzte, baina modu askeagoan.
Zer ekarri zuen Vatikanoko kontzilioak?
Filosofia erlijiosoaren aldaketa. Eliz gizon eta emakumeak munduko gauzez egiten dute otoitz, baina hau ezagutzen ez badute... Errealitatea kontenplatu egin behar da, guztia ez da abstrakzioa. Munduan zer gertatzen den jakin behar dute. Lehen irratiak, egunkariak, telebistak... debekatuak zituzten, egun badauzkate eta munduan gertatzen direnetaz jabetzen dira.
Eta aurten, San Pedroetako omenduak dira, nola hartu dute?
Pozik, baina sorpresaz. Momentu hauetan, osasunari dagokionez, adinduak daude. hamaika moja daude orotara, hiru mexikar eta gainerakoak gipuzkoarrak.
Brigitarrek Mexikon beste egoitza dute eta hemengoak laguntzera etorri ziren. Izan ere, hemengoak 80-96 adin tartean daude. Adinekoak dira, eta batzuk gaixo daude.
Urte asko bizi dira, beraz.
Bizitza oso erregularra eraman dutelako, eskerrak horri. Hor dago urte asko irautearen gakoa.
Beraien janari oso naturalak eta eurak landutakoak jan dituzte eta horrek bizi itxaropen handiagoa eman die. Zoritxarrez, egungo gaixotasunek eragiten diete.
Zahartzaroan egingo zaie omenaldia...
Herriaren esker ona berdin da zein adinarekin jaso. Oso pozik daude. Herriari oso lotuta egon dira eta herriak hori eskertzea poza handia eman die. Hala ere, oso urduri daude, beldur dira emango duten itxuraz.
Ikaragarrizko zurrunbiloa sortu da beraien inguruan, ez daude gauza hauetara ohituak. Argazkiak, elkarrizketak.. ez dute beraien burua honetan ikusten.
Hala ere, lasarteoriatarrei eskertu nahi diete, sorpresa oso polita eta hunkigarria izan delako beraientzat 2010eko sanpedrotako omenduak izatea.