Ttakun Elkarteak aurten ere hainbat ekitaldi antolatu ditu Sanpedrotan

Txintxarri Aldizkaria 2010eko ekainaren 25a

San Pedro jaiak ate joka daudela eta, Ttakun Kultur Elkarteak 2010erako antolatutako egitaraua luzatzen dizue. Herriko jaietan, parte hartu nahi izanez gero, aukera paregabea duzu, ez dago aitzakiarik. Programa zabala da, eta guztiontzat prestatua.

Kantujira

Bigarren aldiz egingo da Kantujira Lasarte-Orian jaien barruan. Xumela abesbatzak gonbidapena egin nahi die abestea gustatzen zaien herritar guztiei. Errepertorioa oso ezaguna izango da, abesti tradizionalak abestuko dira batez ere.
Hitzordua jaien lehenengo egunean, larunbatean, goizeko 11:30ean izango da Sagardotegi kalean. Ordu eta erdiz herriko kaleetan zehar kantuan aritzeko aukera paregabea.

Haurren herri-bazkaria

Ekainaren 28ko eguerdian, haurrak martxan ipiniko dituzte Ttakuneko begiraleek, haurrentzako herri bazkaria antolatu baitute. Urte ugari dira jada bazkari hau antolatzen dela, aurtengoa bederatzigarren edizioa izango dugu.
Lehenik eta behin 13:30ean hasiko da haurren kalejira, Ola kalean eta Atsobakar auzoan bukatuko da.
Bederatzi eta hamabi urte bitarteko gaztetxoentzat antolatutako bazkaria, 14:00ak aldera hasiko da. Aurtengo menua iazko berdina izango da: makarroiak, gazta, tomatea eta postrerako... sorpresa.
Bazkaldu ondoren Asterix eta Obelix jolasa egingo dute. Amaitzeko eta udarako beroa uxatu nahian, 15:00ak aldera ur-jolasekin hasiko dira. Beste hainbat jolasen ondoren, Busti Blai ur-jaiari emango zaio hasiera. Hau dugu haurrei gehien gustatzen zaien jaia: etxez etxe joatea, balkoipean ipini eta ura botatzeko eskatzea.
Beraz, badakizue, animatzen zareten guzti-guztiak zaudete haurren herri-bazkarira gonbidatuta. 9-12 urte tartean baldin bazaude, animatu zaitez!

Sorgin-Dantza

Aurten ere Sorgin-Dantzaren desfilea festetako lehenengo egunean izango da, ekainaren 26an, larunbatean hain zuzen ere. Ekitaldia arratsaldeko 17:30ean hasiko da Oria auzoan. Bertan dantzatu eta gero, desfilea 18:00ak aldea abiatuko da erdigunerantz.
Bidean zehar ere zenbait lekutan dantzatuko dute: Orian bertan, Biyak Bat zaharren egoitzaren aurrean, Sorgin-Jaien gunearen ondoan eta azkeneko Udaletxearen parean. Aurten lehenengo aldiz, haurren zortzikotea aterako da. Eta zortzikote berri honetako bi dantzarik irakurriko dute pregoia azken dantza hasi aurretik.

Zikiro afaria

Sorgin-Dantzaren ekitaldia amaitu ostean, urteroko herri-afaria, hau da, zikiro afaria izango da Sorgin Jaien gunean (frontoi berriko pareko aparkalekuan) iluntzeko 21:00etan. Aurreko urtean 200 pertsona inguru bildu ginen zikiroa jatera, eta aurtengorako ere beste horrenbeste izatea espero dugu. Nahi duzuen guztiok txartelak salgai izango dituzue Jalgin eta Ttakunen 20 euroen truke. Festa giro euskaldun eta alai batean afaldu ondoren, afaloste girotua izango da Laiotz taldearen eskutik, hankak pittin bat arinduz festei hasiera ona emango zaie.

Sagardo dastatzea

San Pedro egunean, berriz, sagardo dastatzea izango da. Ekitaldi hau iaz bezala Villa Mirentxuko atzealdean egingo da, trinketeko frontoiaren ondoan. Arratsaldeko 18:00etan hasi eta 20:00ak bitarte luzatuko da. Herriko sei baserrietako sagardoa eskainiko da probatzeko: Sollanekoa, Buenabistakoa, Tellerikoa, Zubillagakoa, Larrekoa eta Zaltzatekoa. San Pedro egunean etxean geratzeko aitzakiarik ez da, beraz, aurtengoan ere.
Gainera, sagardoarekin batera Aterpea elkarteko kideek sardinak erreko dituzte eta Amalur taldeko trikitilariak izango dira gurekin batera giroa alaitzeko asmoarekin eta bertara hurbiltzen direnak dantzan jartzeko gogoarekin.

Bertso-saioa

Urtero egiten den San Pedroetako bertso-saioa izango da herriko patroiaren egunean.
San Pedro jaiak 2010 egitarauaren barnean eta San Pedro egunean, ekainaren 29an, izango da bertso-saioa kulturetxeko auditorioan gaueko 22:30etik aurrera. Sarrera 5 eurotakoa izango da eta aurrez hartzea komeni da. Ekitaldiaren antolatzailea Ttakun Kultur Elkarteko Bertso-Eskola izango da urtero moduan, helburu jakinarekin, herriko jaietan ere bertsozaletasuna zabaltzeko asmoak bultzatzen du bertso eskola saioa antolatzera.
Aurreko urteetan bezala aurten ere sei bertsolari izango dira kantuan: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Patxi Etxeberria, Jon Maia, Ane Labaka eta Amaia Agirre. Gaiak jartzen berriz, Unai Muñoa arituko da.
Esan beharrik ez dago goi-mailako bertsolariak izango direla kulturetxeko oholtza gainean, ez dute, beraz, aurkezpen handirik behar.

Musika Jalgin

Jaiak girotzen hasteko, kontzertua izango da Jalgi kafe-antzokian ekainaren 25ean, ostiralean. Oreindik eta Lauroba taldeek joko dute 23:00etatik aurrera.

Ondo pasa San Pedrotan

Ttakun Kultur Elkarteak, berriz ere, San Pedro jaietarako ekitaldi ugari antolatu ditu. Guztiek izaten dute arrakasta handia, eta aurten ere horrela izatea espero da. Prestaketa lanak aurreratuta daude, eta eguraldiak laguntzen badu, guztiok hauetako edozein ekitalditan primeran pasatzeko aukera izango dugu.