Jaiak ordu beteko greba egingo du

Txintxarri Aldizkaria 2010eko ekainaren 25a

Ekainaren 29an Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, Greba Orokorra egiteko deia zabaldu dute ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek, baina sindikatu hauek ez dute jaietan den Lasarte-Oriako herrian eragozpenik edo okerrik eragin nahi eta herritarrek festatan jai egun nagusiaz gozatzeko aukera izan dezaten, dendari eta tabernariei proposatu diete ordu betez ixteko arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara bitartean. Hain juxtu 18:00etan Sorgin Jaien gunetik manifestazioa aterako da Madrileko Gobernuak burutu nahi duen lan erreforma berria salatzeko.

Langileriarentzat murrizketak ekarriko dituen Jose Luis Rodriguez Zapateroren lan erreforma berria bertan behera uzteko eskatuz ekainaren 29an Hego Euskal Herrian greba orokorra egiteko deia luzatu du euskal gehiengo sindikalak, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek, alegia eta CNTk ere bat egin du deialdiarekin. Dena den, sindikatuek kontutan izan dute Lasarte-Oria festatan dela, eta grebak San Pedro Egunean eragingo lituzkeen ondorio eta eragozpenak saihesteko deialdia aldatu eta ordu betez gelditzeko proposatu diete dendari eta tabernariei.
Sindikatuek, “Jaietan ere elkartasuna eta salaketa” izenburuarekin argitaratu duten oharrean adierazten dute, greba deitu duten sindikatuek jaietako egun nagusian honek izan ditzakeen eraginak saihestu nahi dituztela. Sindikatu hauek argi dute langileen galerak ostalari eta merkatariak ordaintzen ari direla eta beraz, “ez litzateke zuzena ostalaritza eta merkataritza kaltetzea aipatu egunetan”.

Ordu beteko greba

Horregatik diote, “ostalaritza eta merkataritzak bizi duen egoera zailaz jakitun eta Lasarte-Oriako jaietako egun handian gehiegizko kaltea saihestearren gonbidatzen zaitugu zure elkartasuna eta salaketa adieraztera ekainaren 29ko greban zure establezimendua ordu bete itxiz, 18:00etatik 19:00ak arte”. Beraz Sorgin Jaien gunetik arratsaldeko 18:00etan abiatuko den manifestazioak irauten duen bitartean ixteko eskatu dute sindikatuek soilik.
Sindikatuek argi dute, onartzen ari diren eta laster indarrean izango diren neurriek gizartean eta lan baldintzetan murrizketak ekarriko dituztela eta sektore orori bete betean eragingo diotela, baita oinarrizko kontsumoari ere: denak kaltetuko dituzte eta erosteko ahalmena apalduko da. “Oso garesti ordaintzen ari gara gutxi batzuen diruzalekeria eta horrexegatik eskatzen dizuegu elkartasuna azal dezazuen”.

Laguntzarik ez langileari

Diru publikoa banketxeei eman zaien bitartean langileen baldintza kaxkarrak salatzen dute sindikatuek: “Behartsuenak, langileak, pentsiodunak, merkataritza txikia, ostalaritzako autonomoak... une zailak bizitzen ari dira. Gizartearen gehiengoa nork bere ahaleginez bizitzeko aurrera ateratzen duen jendeaz osatua dago. Gaur egungo egoeran, milaka pertsonek galdu dute lana, edo bestela, baldintza kaskarragoetan egin behar izango dute lan. Pentsioek eta soldatek behera egin dute, iraizpena merkatu da, lan baldintzek okerrera egin dute, baina, hala ere, BEZak gora egin du, argindarra garestitu da... Espekulatzaileek, bankuek, finantza erakundeek eta klase pribilegiatuek eragin zuten krisia; diru publikoarekin bankuak erreskatatzen eta onbideratzen dira, baina ez langileriarentzat, ez eta zuretzat ere, ez dago erreskaterik edota laguntza publikorik. Alderantziz, langileria ari da ordaintzen krisialdia” salatu dute sei euskal sindikatuek.
Guzti honengatik eta ostalaritza-merkataritza ere krisiaren eraginak jasaten ari dela kontuan harturik, Lasarte-Oriako egun handian, San Pedro egunean, denda eta tabernak zabalik izango dira arratsaldeko 18:00ak arte eta 19:00etatik aurrera ere bai. Sindikatuek ordu bete ixteko erabakia hartu dute. •