Jose Antonio Mercerok 1987an martxan jarri zuen orkestra eta 1989an, zuzendariak uztea erabaki zuen...
Guk instrumentu guztiak genituen eta denon artean aurrera egitea erabaki genuen.
Norbaitek egin behar zituen zuzendari lanak eta ni jarri nintzen ideia askorik izan gabe.
Nolakoa izan zen hasiera?
Zaila izan zen, oso gogorra niretzat, musika-kultura gutxi nuelako.
Baina ez nuen abestiak lortzeko zailtasunik, Mercerok moldatutako abestiak genituelako. Gainera, bere alabarekin harremanetan jarri eta partitura gehiago eman zizkigun, batzuk gerora nire aldaketaren bat izan dutenak.
Beti abesti berak ez jotzeko, errepertorio berri bila hasi ginen.
Zuzendari lana, ez da lan makala. Zure kasuan, abestiak moldatu behar dituzu akordeoirako, ezta?
Abesti berria dagoenean, entzun egin behar dut, partiturak aurkitu, moldatu. Loaldiari orduak kentzea da.
Baina zortea dut, horretarako taldeko kideen laguntza dut. Doinuak aukeratzen eta bertsio egokia aurkitzen laguntzen didate, gero nik moldaketa egiten dut. Beti ere, jatorrizko doinua eta akordeoi orkestrak duen soinu-ezaugarriak kontuan izanik.
Zein da Zero Setteren arrakastaren sekretua?
Gure arrakastaren %95a astero egiten dugun lana da. Lana ez da kontzertuan egiten, astero egiten da entsegutan. Lan jarraitua da.
Horretarako, egitaraua aurretik prestatu behar da, zenbait hilabetetako aurreikuspenarekin.
Orkestran hasieran guztiak Lasarte-Oriakoak ziren, zein da egungo egoera?
Lehen orkestra herriko jendeak osatzen zuen. Mercerok zuen akademiako jendea zen eta akordeoi jole ugari zegoen herrian.
30 partaide baino gehiago izan dira noizbait orkestran, egun hogei bat gara. Tamalez, gero eta akordeoi ikasle gutxiago dago.
Deba, Elgoibar, Mendaro, Andoain, Usurbil, Hernani, Urnieta, Donostia eta herriko jendea dago egun taldean.
Jende berria etorri da eta taldearen alde egin dute.
Oso harro nago horrelako akordeoi taldea zuzentzeaz eta batez ere, akordeoi jole profesionalak ez direnen taldea 23 urtez mantendu delako eta kalitatezko lana eginez.
Hala ere, gonbita egiten diet eremuko akordeoi joleei, asteazkeneko entsegutara hurbildu daitezen taldea ikustera.
Zure zuzendaritzapean lehiaketa askotan parte hartu du orkestrak...
Lehiaketak bi ahoko ezpata dira. Prest joan behar zara, zein estilotako lehiaketa den jakin, derrigorrezko obra dagoen jakin...
Ausartak izan ginen eta zuzendari bezala bi urte neramatzala, Madrilgo Reina Sofiara joan ginen eta guretzat sorpresa ederra izan zen irabaztea.
Horren ostean, hainbat sari lortu ditugu, Torrelavegakoa behin baino gehiagotan, atzerriko zenbait...
Horretaz gain, kontzertu ugari eskaini ditu orkestrak...
Baina bolada txarrak ere izan ditugu. Hainbesteko lana egin eta kontzerturik ez eskaintzea ez da ona taldearentzako.
Aurten, esate baterako, lau eman ditugu eta kontent gaude. Izan ere, 2009an, Lasarte-Oriatik aterako ez ginela pentsatzen baikenuen.
Zortea izan dugu, Zumarragan, Leonen eta Elgoibarren kontzertuak izan ditugu eta Alkoholiko Anonimoen jaialdian parte hartu dugu.
Leongo kontzertuan, adibidez, 500 pertsona bildu ziren gu entzuteko eta sarrera ordainduz. Eta horrek ematen du lanean jarraitzeko gogoa.
Akordeoi jaialdia martxan jarri zenuten eta errotzen doan jaialdia da, ezta?
Hortaz ere, harro nago. Izan ere, deigarria da, Lasarte-Orian akordeoi jaialdia sortzea.
Udalaren laguntzaz noski. Haien laguntza ekonomikorik gabe ez litzake posible izango. Lan handia da guztia antolatu eta taldeak ekartzea.
Jaialdia herriarentzat eta akordeoiarentzat publizitatea da. Era honetako jaialdi gutxi dago.
Gure esku balego, jaialdiak urte askoz mantenduko genuke, baina ez dakigu noiz arte egin ahalko den.
Herriko beste elkarteekin lan egiten duen taldea da Zero Sette Orkestra...
Bai, horrela da. Leonen, esate baterako, Amaia Caballeroren dantzariak izan genituen laguntzaile .
Erketz eta Albokarekin batera behin baino gehiagotan lan egin dugu.
Herrian maiz egin ditugu gauzak elkarrekin, baina badago jendea oraindik ezagutzen ez gaituena. Lehenengo aldia uste dut, Manuel Lekuona kultur etxeko inaugurazioan izan zela, orduan egin zen lehenengoz Eusko Irudiak.
Hogei urte hauetan, milaka bitxikeri izango dituzu gogoan, ezta?
Oroitzen ditudanetik, abenduaren 28 batean, Inuzente egunean gertatutakoa da bat.
Egun horretan bi kontzertu genituen, goizean kultur etxean eta arratsaldean, Artzai Onaren katedralean, ehungarren urteurrena ospatzen zelako.
Goizeko kontzertuan, Juantxiren laguntzaz, paperezko panpina jarri zidaten bizkarrean.
Orkestra zuzentzera atera eta jendea barrezka hasi zen. Nik ez nion garrantzirik eman.
Lehenengo abestiari hasiera eman eta beste zerbait jotzen hasi ziren. Ni mozten saiatu nintzen, ez nekien zer egin eta bat batean inuzenteen doinua jotzen hasi ziren.
Ama atera zen lore-sorta ematera. Gaixoak oso gaizki pasa zuen.
Aurki, Orkestraren 25. urteurrena ospatuko duzue. Hasi al dituzue prestaketak?
Batzorde bat dago horretan lanean. Ez dakit zer egingo den zehazki, asmo asko ditugu. Izan ere, 25 urte edozein taldek ez ditu egiten.
Hogei urte bete dituzu. Etorkizunari begira, beste horrenbeste egingo al dituzu?
Oso zail da hori erantzutea. Baina taldekideek akordeoia jotzen jarraitu nahi dutela erakusten badidate, nik ahal dudan guztia egingo dut taldeak aurrera egiteko.
Garrantzitsuena ez da zuzendaria, garrantzitsuena taldea da eta honekin aurrera jarraitzea.
Niretzat orkestra bizi erdia da, edo gehiago. Momentu batzuetan kezkak sortzen zaizkizu, besteetan “ezin dut gehiago” esateko gogoak jartzen zaizkizu, baina badago jendaurrera egitea nahi duena eta nik ere haiekin bat egiten dut momentu horietan.
Azkenean, indarren bateratzea da. Zuzendariak talderik gabe ez du ezer egiten eta taldeak zuzendaririk gabe ere ez. Oreka bilatu behar da eta guztiak alde batera egin.
Orkestrak jarraitu behar du, abesti berriak prestatzen, gauza berriak egiten...
San Pedro jaietan omenaldian jotzen du orkestrak...
Lehen, kontzertua ere eskaintzen genuen. Egun omenaldian gaude bakarrik.
Urtero, obra berak jotzen ditugu, jendea sartzean kalejira eta amaieran, Lasarte-Oriako ereserkia.
Horretaz gain, omenduak gustuko duen doinuren bat ere jotzen dugu. Horretarako, omenduaren gertuko norbaiten laguntza dugu.
Jaiekin jarraituaz, San Pedroetan parte hartzen duzu, ezta?
Ni lasartearra naiz. Beno, egia esan, Donostian nagoenean lasartearra naizela diot eta Lasarte-Orian nagoenean donostiarra.
Helduen danborradako batzordeko kide naiz eta jotzen ateratzen naiz. Danborradako afarian parte hartzen dut. Era honetara, kide guztiak batu eta taldea egiten saiatzen gara.
Horretaz gain, jaietan parte hartzen saiatzen naiz, herritik bueltaxka bat eman, ekintzak ikusi, etab.
San Pedro eguna era modu berezian bizi al duzu?
Bai, etxean egun berezia da. Nik jai hartzen dut eta ahal dudan gauzetan parte hartzen dut.
Goiz esnatu, omenaldian parte hartu, gurasoen etxean familia guztia bildu eta bazkaria egin.
Egun handia da. Gurasoak ez dira lasarteoriatarrak, baina hori erakutsi digute.