[i]Arramazka[/i] Lasarte-Oriako taldearen diskoa laster izango da kalean

Nerea Eizagirre 2010eko ekainaren 25a

2009an,[i] Hatortxu Rock[/i] jaialdian [i]Karratua borobila da[/i] bezala aurkeztu zuten beren burua, baina Aroa eta Aitzol anai-arrebek orduan azaldu ziguten moduan proiektu berri bat zen. Proiektu berri hori, [i]Arramazka[/i], aurrera atera eta urte beteko lanaren ostean osatu duten diskoa aurkeztuko dute laster. Beraiekin solasaldia izan dugu eta diskoari eta beste hainbat gairi buruz aritu gara.

Mezu bat, bizipen bat, sentsazioa baten... adieraztea, hori da, Arramazka taldeak bere musikaren bitartez egin nahi duena. Aurki kalean izango dute bere lehenengo diskoa.

Zer da Arramazka?
Aitzol- Arramazka musikari bezala gure ibilbidearen garapena izan da. Karratua borobila da proiektuaren aurrerapauso naturala.

Nolakoa izan zen hasiera?
Aroa- Hasiera oso esperimentala izan zen. Hatortxun jo genuenean ez genuen izenik, Karratua borobila da izenarekin aurkeztu genuen geure burua.
Musika egiteko eta gozatzeko gogoz ginen, eta horretarako prest zegoen lagun taldea bildu genuelarik, horri ekin genion buru-belarri. Gustura ari gara.

Urte beteko lanaren ostean, diskoa grabatu duzue, ezta?
Ai.- Prozesua bizia izan da, apirilean hasi ginen grabatzen eta ekainaren erdialdera amaitu dugu, hainbat buruhausteren ondoren; estudioko arduradunari ordenagailua matxuratu zitzaion eta prozesua hilabete atzeratu behar izan genuen, K estudioa Iruñean dagoelarik, hara joan etorrika-ibiltzea...gogor bezain aberasgarria izan da.
Abestiak prest zeuden, eta kide aldaketak izan genituen taldean. Baxu joleari Williri beste talde batekin, Laiarekin, jotzeko aukera sortu zitzaion eta baxujole gabe geratu ginen. Musika eskolatara deitzeari ekin genion eta Isra, Alegiko baxu jolearekin lanean hasteko aukera sortu zitzaigun.
Pizgarria izan zen taldearentzat. Lanerako gogo handia duen gaztea da, musika gure moduan sentitzen duena, edozer gauza egiteko prest dagoena.
Ar.- Musikalki oso txukuna gainera.
Ai.- Diskoa orain arteko bide guztien bateratzea izan da. Oso gustura grabatu dugu eta irrikaz gaude uztailaren 1an eskuartean izateko.

Nola sortu zen diskoaren ideia?
Ai.- Hasieran, taldearen funtzionamendurako, genituen lau abestiak grabatzea ona izango litzatekeela pentsatu genuen, grabaketa etxera eraman eta kantak landu ahal izateko.
Ar.-Hainbat tokitara bidaltzeko ere behar genituen. Bartzelonako Euskal Etxean, esate baterako, zer jotzen genuen jakiteko zerba it eskatu ziguten. Gero sortu zen diskoaren ideia.
Ai.- Abesti horiek grabatuak izaki, jendeari entzuteko eman eta interneteko atarian jarri genituen edonoren eskuragai. Jende asko sartu zen entzutera, erantzuna oso positiboa izan zelarik.
Honen ondoren eta 10 kantutako errepertorioa sortu genuela ikusita, besteak grabatu eta lan luze moduan aurkeztea erabaki genuen.

Sorkuntza prozesua aipatu duzue, nolakoa da Arramazka taldearena?
Ai.- Letrak normalean Aroaren esku izaten dira. Musika sorkuntza prozesua, Goiku eta nire artean egiten dugu. Besteen lana hori janztea izaten da, osatzea.

Eta nolako hizkiak dituzte zuen abestiek?
Ar.- Hurbil sentitzen ditudan gaiak, barrua mugitzen didatenak... azaltzen saiatzen naiz.
Hitzekin jolastea gustuko dut eta egoera bat ez dut modu esplizitu batean azaltzen. Jolastea, metaforak erabiltzea atsegin dut, hizkuntzak ematen dituen hitz jokorako aukerak erabiltzea.
Abesti guztiak edonorenak egitearen magia hori asko gustatzen zait. Abstrakzioarekin, esaldiei bi zentzu emanez edo eta ironia erabiliz.
Ai.- Idazteko era kriptikoa baina zuzena da. Adierazi nahi duguna, ez da askotan besteek ulertzen dutena. Ez ditu gaiak esplizituki aurkezten, era abstraktuago batean baizik.
Ar.- Nolabait ere poetikoagoa, metaforak etab. landuaz.

Grabazioa eta ekoizpena zuen esku joan al da?
Ai.- Alberto Porresen Iruñeako estudioan grabatu dugu diskoa. Alberto soinu arkitektoa da, urte asko daramatza lanean eta Nafarroako talde gehienak bere estudiotik paseak dira, Kerobia, Hesian, Barricada...
Oso soinu txukuna atera digu, gure lehentasuna hori zelarik, soinu aldetik lan txukun bat grabatzea.
Honen osteko, ekoizpen lana, Goiku eta bion esku egon da.
Asteak daramatzagu honetan. Hainbat entzunaldiren ostean, hurrenkera egokia topatu dugulakoan gaude, eta oraintxe bertan Iruñeako Copysanen izango da gure lehen lana kopiak egin eta egin!
Uztailaren 1a jo dugu lana kaleratzeko eguntzat. Inongo jabetza eredurik gabe kaleratuko dugu lana, sorkuntza era unibertsal eta herrikoi batean ulertzen dugulako.

Kontzertuak ere eskaini dituzue, grabazioarekin batera...
Ai.- Horrela da. Astebururo nonbaiten jotzen dihardugu, astean zehar diskoaren zehaztapenak erabakitzeko biltzen gara, entseatzeko...urte mugitua izan da musika aldetik 2010. hau guretzat.
Urte hau definitzeko hitza Arramazka da, urte honetan egin duguna hori izan da.
Ar.- Ez da berdina, kontzertua edonon eman eta etxera joatea edota, azken hilabetetako moduan, ia astebururo kontzertua izatea.
Horrek asteburu osoa taldekoekin makinatzen, gauzak prestatzen egotea esan nahi du, berriro jam sesioak egin, udan entseatzeko geratu, etab. Taldea kuadrilaren pareko fenomeno bat bihurtzeraino.

Zuen abestietako bat Panoptikoa Antzerki eta dantza astean erabili zuten...
Ar.- Poz handia sortu digun esperientzia izan da dantza taldeak gure abestietako bat erabiltzea.
Emanaldia ikustera joan eta hamabi gazte gure abesti batekin dantzan ikustea momentu ahaztu ezina izan zen.
Eskerrak eman nahi dizkiegu lan honetan aritu diren gazte guztiei eta hauek bideratzen aritu den Maider Oiartzabali.
Gainera, herriko jaietan emango dugun kontzertuan, Panoptikoa kantua zuzenean eta dantzaz lagunduta ikusteko aukera izango duzue bertaratuko zareten guztiek.

Honetaz guztiaz gain, maketa lehiaketa ezberdinetara aurkeztu duzue zuen eskaintza...

Ai.- Lehenengo aukera Euskal Herria Zuzenean jaialdiko maketa lehiaketa izan zen. Jaialdian parte hartzeko aukera moduan ikusi genuen eta lau abestiak bidali genituen.
Horrekin batera, Donostiako maketa lehiaketa ere garai berean zenez, hara ere aurkeztu genituen kantuak. Lasartekoa apurtxo bat beranduago izan zen.
Donostikoan finalean sartu gara eta hemengoan herriko saria irabazi dugu, beraz, gustura!

Zer suposatzen du herriko sariak Arramazkarentzat?
Ai.- Ekonomikoki, diskoa grabatzeko erraztasun bat izan da. Lasarte-Orian zeuden taldeak ikusi eta saria etxeratzeko aukera genuela ikusi genuen.
Herriko taldeek beren proiektu puntualak aurrera ateratzeko modu egokitzat jotzen dugu honelako lehiaketen dinamika, baina Lasarten dagoen kultur eta zehazki musika sorkuntzari erreparatuz, uste dugu askoz eraginkorragoa litzatekeela diru hori proiektu integral batean erabiltzea, denon onurarako izango den zerbaitetan.
Adibidez, hainbeste urtetan eskatzen ibili arren, herrian oraindik ez dago taldeek entseatuko duten azpiegitura txukunik, herrian antolatzen diren musika jaialdiak ez dira laguntzen... uste dugu Lasarten badela musikan inbertitzen den dirua era emankorragoan kudeatuko lukeen musikari taldea.
Hau horrela zergatik ez den gertatzen beste batzuei galdetu beharko diezu, guk ez baitugu ulertzen.

Diskora bueltatuz, aurkezpena egingo al duzue?
Ai.- Diskoko doinuak entzuteko aukera 29an Isla plazan izango den kontzertuan izango duzue.

Beraz hemendik, aurrera diskoaren aurkezpena, kontzertuak...
Ai.- Deituz gero, gu jotzeko prest.
Hasiera batean diskoa gure inguruan mugitzen saiatuko gara, inguruko herrietan etab. Gure emanaldietan ere eskuragai izango dituzue, hala nola, Trinitate Plazan uztailaren 10ean, Araian 17an... interneten dugun atarian www.myspace.com/arramazka, lana doan eskuratzeko aukera izango du hala nahi duenak.
Horretan arituko gara udara osoan zehar, musikarekin gozatu eta Euskal Herriko bazterrak ezagutuz!