Langileriarentzat murrizketak ekarriko dituen Jose Luis Rodriguez Zapateroren lan erreforma berria bertan behera uzteko eskatuz ekainaren 29an Hego Euskal Herrian greba orokorra egiteko deia luzatu du euskal gehiengo sindikalak, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek, alegia eta CNTk ere bat egin du deialdiarekin. Dena den, sindikatuek kontutan izan dute Lasarte-Oria festatan dela, eta grebak San Pedro Egunean eragingo lituzkeen ondorio eta eragozpenak saihesteko deialdia aldatu eta ordu betez gelditzeko proposatu diete dendari eta tabernariei.
Sindikatuek, “Jaietan ere elkartasuna eta salaketa” izenburuarekin argitaratu duten oharrean adierazten dute, greba deitu duten sindikatuek jaietako egun nagusian honek izan ditzakeen eraginak saihestu nahi dituztela. Sindikatu hauek argi dute langileen galerak ostalari eta merkatariak ordaintzen ari direla eta beraz, “ez litzateke zuzena ostalaritza eta merkataritza kaltetzea aipatu egunetan”.
Ordu beteko greba
Horregatik diote, “ostalaritza eta merkataritzak bizi duen egoera zailaz jakitun eta Lasarte-Oriako jaietako egun handian gehiegizko kaltea saihestearren gonbidatzen zaitugu zure elkartasuna eta salaketa adieraztera ekainaren 29ko greban zure establezimendua ordu bete itxiz, 18:00etatik 19:00ak arte”.