Udala pozik Sanpedroen amaieran

Txintxarri Aldizkaria 2010eko uztailaren 2a

Aurtengo sanpedro jaiak ontzat jo ditu Lasarte-Oriako Udalak. Jesus Maria Zaballos alkateak positiboki baloratu ditu eta ekitaldi guztietan izan den parte hartze handia nabarmendu du. Sanpedroak asteburuan egiteko erabakiarekin erabat asmatu dutela adieraztearekin batera, egun hauetan ezusteko tamalgarririk ez dela izan goraipatu du.

Behin 2010ko sanpedroak amaituta, ohar bat kaleratu du Lasarte-Oriako alkatetzak, jaien inguruko "balorazio positiboa" jakinarazteko: "Prestatu ditugun ekintza eta ekitaldi guztietan parte hartzaile ugari bildu dira eta horregatik lasarteoriatar guztiei nire eskerrik beroena helarazi nahi diet. Hau horrela, aitortu beharra daukat jaiak asteburuarekin bat egiteko data aldaketa onuragarri eta arrakastatsua izan dela" adierazi du Jesus Maria Zaballosek zuzentzen duen Udalak.
Egitarauko ekitaldiak ahalik eta gehiena zaindu dituztela adierazi du Alkatetzak, "krisi ekonomikoa dela eta bizi dugun egoeraren ondorioz, nahi beste berritzerik izan ez badugu ere, egindakoa mimatzen saiatu gara. Horrela, helduen danborrada larunbatean jartzea erabaki genuen, ahalik eta herritar gehienek parte hartzeko aukera izan zezaten. Era berean, umeen danborrada igande goizera aldatzea erabaki genuen arrazoi berdinarengatik eta bero aurreikuspenenaren aurrean, haurrak ahalik eta erosoen izan zitezen ere bai".
Bestalde, alkateak goraipatu egin du "Lasarte Oriako herriak Brigitar Ama Agurgarriei egin dien omenaldia eta aitortza".

Langileei eskerrak

Era berean, batetik langileen ahalegina azpimarratu du Zaballosek, "bizitasun handiko egun hauetan langileek egindako zeregin eta ahalegina eskertu gabe ez dut utzi nahi" adierazi du eta herritarrak ere zoriondu ditu ez delako zoritxarreko gertakaririk izan: "Hiritarrei ere eskerrak, sanpedroetan ez delako ezustekorik izan. Honen harira, lerro hauek baliatu nahi ditut, Andoaingo patroiaren festatan bertako neska gazte batek jasandako erasoa gaitzesteko eta aldi berean, biktimaren sendiari elkartasuna adierazteko ere bai".

Barkamenak

Era berean, jaiek egun hauetan ezbehar edo eragozpenen bat sortarazi dien pertsona guztiei barkamenak eskatuz eta hurrengo urteko sanpedroak aurtengoak bezain onak edo hobeak izan daitezela opatuz bukatzen du alkatetzak jaien balorapena: "Jada prestatzen ari garen 2011ko sanpedroak aurtengoen berdinak edo oraindik hobeak izango direla espero dut" dio bukatzeko Jesus Maria Zaballos alkateak.