Udaletxeko balkoian ikurrina jartzerik izan ez zutenez Sorgin Jaien Gunean jarri zuten larunbat eguerdian bertan Sorgin Jaien txupinazoa baino lehen.
Hain juxtu, alkateari Sorgin Jaiak baztertzeko asmoa zuela leporatzen diote, bestalde, baina "estrategiak" huts egin diola uste dute ezker abertzaleko zinegotziek: "Sorgin Jaiak taldeak partida irabazi dizu. Zure estrategiaren barruan, talde hau herriko bazter batean zokoratzea zen helburua, eta ez duzu lortu. Inork baino hobeto dakizu, Zaballos jauna, talde hau egiten ari den lana oso ona dela (hauek bai jai partehartzaileak), eta pixkanaka pixkanaka programa ofizialari gaina hartzen ari zaiola eta hori ezin duzue jasan, ez zuk eta ez herri honetako askok".
Ezker abertzaleko zinegotziek uste dute alkateak derrigortuta azken momentuan "atzera egin" eta posible izan dela festa gunea frontoi berriaren aurrean jartzea. Aldiz, Sorgin Jaiak antolatu dituztenak zoriondu egin dituzte zinegotziek, "bide batez sorgin guztioi zorionak, egin duzuen lanagatik" diote salaketan.
Enfrentamendu bila
Ezker abertzaleko hiru zinegotzien ustez, "Zaballos jauna aurtengo festetan enfrentamendu bide bat bilatu nahian" ibili da "festak lehertzeko" helburuarekin eta ikurrina jartzera joan zirenean batzar aretoan zerbait gertatu ote zen galdetzen diote. "Badira hiru urte gure karguen jabe egin ginela eta Urchuegia andreari garbi esan genion, ez gentozela liskar eta enfrentamendu bila, gu lanera gentozela, eta zuri ere berdin diotsugu: ez zaitez gu zirikatzen hasi edo ibili, bide horretan ez gaituzu aurkituko eta".
Bestalde, zinegotziek alkatearen hipokresia salatzen dute ikurrina ez baina errealaren bandera jarri duelako balkoian: "guk ikurrina maite eta nahi dugu gure udaleko balkoian, eta hori lortzeko ahalegin guztiak egingo ditugu" diote eta itxurakeria-folklorismoak alde batetara uzteko eskatzen diote. "Gure herria oso plurala da (erreal zaleak, barça zaleak, madrid zaleak, athleti zaleak,...) mota askotako zaleak gaude, eta orduan zergatik errealaren bandera udaleko balkoian eta ez ikurriña?"
Euskara bazterturik
Euskarak aurtengo San Pedro jaietan izan duen tokia ere salatzen dute hiru zinegotziek: "programa ofizialean euskararen presentzia hutsaren hurrengoa izan da". Adibide batzuek ere aipatzen dituzte salaketaren oinarri gisa: Gauetako musika taldeetan 30.000 euro gastatu dira, baina ez da euskal talderik izan eta aldiz, bertso saio, Sorgin Dantza, Ttakunen egitaraua, Amalur taldea... hau da, euskara edo euskal kulturarekin lotutako ekitaldi guztietan, 4.773 euro.
Ana Urchuegiaren hitz batzuk gogoratu, eta berdin pentsatzen ote duen galdetzen diote Jesus Maria Zaballos alkateari. "Udaletik esfortzu handia egiten ari gara gure udalerriaren esparru guztietan euskararen erabilera eta garapena posible egiteko, baina bakoitzaren konpromisorik gabe arrakasta gutxituko litzateke". Aurreko alkateak azken Euskararen Maratoiaren hasierako hitzaldian esandako hitzak dira.
Joxe Goikoetxea, Itziar Iarza eta Txanpi Baztarrikak azpimarratzen dute "euskarak bitarte ekonomiko eta materialak behar dituela, baina ez hori bakarrik. Sinesgarritasuna, konplizitatea, gestoak... ere behar ditu, eta zuri-zuei hori dena falta zaizue, hitz polit asko eta folklorismo gehiegi. Lasarte-Orian jende asko dabil lanean eta lanerako irrikaz eta gogoz. Lana, konpromisoa, sinesgarritasuna... elikatu-goxatu egin behar dira, baina, bai lehen, eta baita orain ere, herri honetako agintarientzako (zuretzako Zaballos jauna) beste mundu bateko hitzak dirudite".
Lasarteoriatar askok egunero eta naturaltasun osoz euskaraz bizi nahi duenez, zinegotzi abertzaleek herriko agintariei eskatzen diete dagozkien alorretan hori ziurtatu dezatela.