08 Zakurrei eta jabeei erakusten

Txintxarri Aldizkaria 2010eko uztailaren 8a

Arrakastaz burutu zen ostegun eta ostiralean Lasarte-Oriako Udalak zakurren jabeentzat antolatu duen ikastaroa. Helburua, zakur jabeak hezi eta zakurren artean izaten diren arazo eta iskanbilak saihestea izan da. Bi egunetan zakurren jabeei aholkuak eman dizkiete zakurrek jokabide zuzena izan dezaten, gero zakurren artean arazorik izan ez dadin, hau da, kalean edota parkeetan gurutzatzen edo elkartzen direnean elkarrekin hartu-eman egokia izan dezaten.
Udalak kexak jaso ditu zakurrak parkeetan dabiltzalako eta zakurren artean izaten diren borrokek sortzen dituzten eragozpenak direla eta. Hortik abiatuta eta zakurren jabeak kontzientziatzeko helburuarekin antolatu dute ikastaroa, Gurutze Irisarri Udal Teknikariak adierazi digunez.
Udala zuzenean jarri zen harremananetan zakurren jabeekin eta hauei bidalitako gutunak erantzun ona izan du. 30-40 lagun inguru izan ziren osteguneko hitzaldian eta ostiraleko topaketa praktikoan.
Ostiralean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Atsobakarren, zakurren jokabideak aztertu eta jabeek zein jarrera hartu behar duten erakusten aritu ziren Jon Azpiroz zakur hezitzailea eta Irungo "Mi Noble y Fiel Amigo/Nire Adiskide Zintzo eta Leiala" elkarteko Manuel Villar eta Maria Riesgo zakur-etologoak, hau da, animalien portaera aztertzen jakitunak.