Rikardo Ortega EBko zinegotzia kargu guztietan ordezkatua izan da

Txintxarri Aldizkaria 2010eko uztailaren 9a

San Markoseko Mankomunitateko ordezkaritza, Euskara batzordeko lehendakaritza eta Eskola kontseiluko ordezkaritza dira atzoko Udalbatzarrean Rikardo Ortega EBko zinegotziari kendutako karguak.
Egun hauetan, Rikardo berak komunikabideei jakin arazitakoa, baieztatu zen Udalbatzarrean.

Ordezkoak

Honela, San Markoseko ordezkari berria Martin Moreno dugu eta Euskara batzordeko presidente berria, Iñaki Mugika.
Eskola Kontseiluan, Rikardoren lekua institutuko mahaian Marisa Zubirik hartuko du. Kontseilu honetan, beste aldaketa bat ere egin zen, Landaberri-Garaikoetxeako mahaian, Iñaki Mugikaren lekuan Martin Moreno egongo dela.

Rikardoren salaketa

Egun hauetan komunikabideetan agertu den bezala, EBko zinegotziak bere ordezkapenaren atzean beste arrazoi batzuk daudela salatu zuen atzo.
Besteak beste, Goiegi Gorako hotelaren arau ordezkatzaileen aldaketaren edo aurrekontuen bozkak aipatu zituen Rikardok.
Gainera, errausketa planta eta atez atekoari dagokionez PSOE-EEk, EAJ-k eta H1!-ek haien zuzendaritzen aurrean makurtzen direla aipatu zuen. Eta aurreko batzar batean, EAJ-k San Markoseko ordezkaritza zergatik mantentzen zuen galdetu zueneko momentua erakarri zuen. Orduan, alkateak bere kudeaketa positiboa zela erantzun zuen. Ordudanik, “niri dagokionez ez da ezer aldatu,” aipatu zuen Rikardok.

Udalaren erantzuna

Lasarte-Oriako alkateak, “Rikardoren ordezkapena, honengan genuen konfiantza gutxitzen joan delako da,” adierazi zuen Rikardoren salaketei erantzunez.
Alkateak aipatu zuenez, nahiz eta gobernu akordio hautsi Rikardok postu batzuk mantendu ditu, “akordio puntualak egiteko atea irekia utzi baitzuen.”
Baina, alkateak azaldu duenez, Gobernu taldearentzat gai garrantzitsuak zirenen aurrean Rikardok izan duen jarrera ez da egokiena izan, Goiegiko-Ibarrako promozioko pleguetan, esate baterako. Horregatik, karguetatik kentzea erabaki du Lasarte-Oriako talde sozialistak, “ez baitago kanpoko presiorik eta San Markoseko gehiengoan aldaketarik ez delako egongo.”