Lasarteko KELAN ELEKTRONIKA enpresak, Uztaila bukaeran lantokia ixteko asmoa azaldu du.
Bertako langileek azken bi urteetan, ERE ezberdinak pairatu dituzte eta euren egoera benetan kaskarra da momentu honetan, langabezia prestazioa ia amaitua baitute.
Horrelako kasuak ohikoak egiten ari zaizkigu. Krisia aipatu eta horrelako kasuak inoren errua izango ez balira bezala begiratzen ditugu. Baina beti dago erantzuleren bat. KELANen kasuan, bat baino gehiago.
KELANen itxiera, ongi planifikatutako itxiera bat izan da. Dena Lasarte-Oriako Udalean hasi zen, honek arau subsidiarioak aldatuta, lantokia dagoen industria gunean (garai bateko Ipirangan) etxeak egiteko baimena eman zuenean.
Hortik aurrera, KELANeko nagusiek enpresak ixten aditua den abokatua kontratatu zuten, eta orduan hasi ziren enpresa egoera jasangaitz batera eraman duten jokabideak: nahitako gestio txarra, eskaeren beherakada, eta azkenik EREak.
Bitartean KELANeko nagusiek, trikimailu legalak erabiliz lantokiaren jabetza, beraiek pertsonalki azaltzen ez diren elkarte baten eskutan laga dute. Langileekiko sortu litezkeen zorrei beraiek aurre ez egiteko eta Udalak eskura jarri zien "pelotazoaren" etekin guztiak arazorik gabe jasotzeko.
Beraz bai hemen badaude erantzuleak. Alde batetik eta nagusienak, KELANeko arduradunak beraien zabarkeria eta diru-goseak sortu baitu egoera.
Baina beste aldetik Lasarte-Oriako Udalak ere badu bere erantzukizuna. Etxeak eraikitzeko behar ase ezin horrek, gauza asko eraman ditu aurretik herrian, oraingo honetan 12 lanpostu eta beste hainbeste langile kale gorrian utziz. Ez al du Lasarte-Oriako Udalak ezer esateko gai honetan? Edo beste askok bezala "krisia" egingo du erantzule aurpegia zuritzeko?
Lasarte-Oriako LAB