“Pirritx eta Porrotx-en bideoei esker euskara ikasten ari naiz”

itxaso-moreno 2010ko uzt. 9a, 02:00

Ba al dakizu zuk Lasarte-Oriako tabernetan Keler garagardoa edaten duzunean, nori esker den hori? Alex banatzaile kubatarra ezagutzen duen jende asko dago, seguru. Duela bost urte hasi zen herriko tabernetan banatzaile bezala, eta egun ezagun eta lagun ugari egin ditu herrian.

Duela zortzi urte, Kuba, bere jaioterria utzi eta Euskal Herrira hurbildu zen Alex eta Keler garagardo markaren banatzailea da duela bost urtez geroztik Lasarte-Oria, Usurbil, Urnieta eta Oreretako tabernetan. Herri hauetan aritzen da eta azken urteotan, jende ugari ezagutu du herrian, eta etxe bila zebilenean, Lasarte-Orian hartzea pentsatu bazuen ere, azkenean, bere emaztearen herrira jo du, Donostiara, Antiguora hain zuzen ere.

Zerk bultzazu zintuen Euskal Herrira etortzera?
Egia esan sorpresa bat izan zen. Gaur egun nire emaztea dena Kuban ezagutu nuen. Euskal Herrian bizi zela kontatu zidan, eta egia esan nik ez nekien lurralde hori non zegoen ere. Bera hemengo kontuak esaten hasi eta toki hau ezagutzeko irrika piztu zitzaidan.
Kubatik ateratzea oso zaila denez, lagun batek Austriara gonbidatu ninduen eta hortik etorri nintzen hona. Hemen ezkondu eta Antiguon bizi naiz orain, nire emaztea antiguotarra da eta.

Ze izan zen Euskal Herrian gehien harritu zintuena?
Hasieran, guztia. Dena zen berria niretzako, baina menturaz oso gogoko dut gauza berriak ikastea.
Dena den, dituzuen kirolak asko harritu ninduten; harria altxatzea, pelota... Jendearen izaerak ere asko harritu ninduen. Hasieran oso lotsatiak ematen duzue, baina langa hori apurtuz gero, erabat ezberdinak zarete, irekiak.

Komentatu digute euskara eta euskal kultura asko maite dituzula!
Pilo bat. Gertatzen dena zera da, oso alferra naizela, eta oraindik ez dudala euskara ikasi. Zortzi urte daramazkit hemen, bada denbora eta jada euskaraz mintzatu beharko nuke.
Etorri eta berehala euskaltegian sartu nintzen, baina urte betez egon nintzen soilik. Gainera, kalean euskaltegian baino gehiago ikasi dut.

Jakingo duzu esaldi edo hitzik?
Hitz eta esaldi asko ezagutzen ditut, baina abestietan agertzen direnak ditut gustukoenak. Benito Lertxundi, Mikel Laboa edo Ken Zazpikoen letrak asko gustatzen zaizkit.
Euskara zaila da, urduri jarri eta blokeatu egiten naiz. Baina orain, bi urte eta erdiko nire semeari esker asko ikasten ari naiz.
Pirritx eta Porrotx gogoko ditu eta euren bideoak egunero ikusten ditugu, jada buruz dakizkit, eta horrekin asko ikasten ari naiz. Umeari esker egunero hitz edo esaldiren bat ikasten dut.

Garagardo banatzailea izanik lasarteoriatarrek asko edaten dutela esango al zenuke?
Bai, beno... normal. Gehien harritzen nauena jubilatuen kasua da. Krisian gaudenez, tabernak jeitsi egin dira, baina jubilatuen kasuen mantendu egiten da.

Ze iritzi duzu Lasarte-Oriaz herri bezala?
Oso ona. Etxebizitza bila hasi nintzenean hemen ibili nintzen begira. Herri hau asko gustatzen zait.
Jende asko ezagutzen dut gainera, tabernetan nagoenean ia ez didate lanik egiten uzten. Oso gustura nago hemen, oso ondo tratatzen naute, askotan ondoegi esango nuke. Oso irekiak zarete hemen.

Lasarte-Oriatik gustatzen zaizun zerbait?
Orokorrean, jendea. Herri aktiboa da, irekia eta denetarik du. Lasarte-Orian lasai-lasai bizitzeko aukera izango nuke.
Euskal Herrira etorri nintzenean, hasieran kalera ateratzeko beldur nintzen, baina ateratzeko pausua eman, eta orain primeran nago. Falta zaidan bakarra euskara ikastea da.
Hizkuntzak ikasten hastea gogoko badut ere, ez dut ezta bat amaitu. Baina euskararekin berdina ez gertatzea espero dut.
Hasieran errusiar hizkuntza iruditzen zitzaidan euskara, baina gero eta argiago daukat: orain jartzen banaiz ikasiko dut. Ez da posible, bi urte eta erdiko ume bat daukat, eta nik baino gehiago daki!

Euskaraz mintzo zara, nola ikusten duzu egoera?
Ni joaten naizen leku guztietan euskara entzuten da maiz. Nik jakin ez arren, solasaldietan sartzen saiatzen naiz, eta gero zaila dut sartu naizen nahaspila horretatik ateratzen.

Lotsatia zarela aipatu duzu, baina ez duzu ematen...
Agian nire aurpegiagatik izango da. Jendeak ezagutu gabe agurtu egiten nau. Beti irribarretsu nago, eta izan daiteke horregatik, jendea niregana hurbiltzen da. Ni tipo normal bat naiz, ez naiz berezia sentitzen. Normala, jende guztia errespetatzen dut.

Sarri ikusten zaitugu herritik, nola banatzen duzu?
Zonaldeka. Astelehenetan Viña del Mar kafetegian, asteartean tren geltoki inguruko tabernetan eta ostegunetan Usurbilen. Ia Lasarte-Oria osoan banatzen dut, taberna gehienetan ibiltzen naiz.

Non edaten da gehien?
Ilargi, Intxausti, Obelix, Siglo XXI eta Jalgin. Jaietan gehiago noski. Festatan dena agortzen da. Krisia dagoen arren, jaietan kontsumoak gora egin du, ondo edaten da Lasarte-Orian.

Ze iritzi duzu herriko jaietaz?
Ez naiz askotan etorri, baina asko gustatzen zaizkit. Giro ona dago, eta ondo pasatzeko dituzuen gogoak ondo islatzen dira. Jai politak dira sanpedroak.