Guneak bere garrantzia duelako maitasun osoz landua izan zen hasiera hasieratik eta espero dugu herritar guztiok hori nabaritzea.
Jai herrikoiak herriko erdigunetik alde batera geratu dira aurtengoan, baina argi dugu urte bateko kontua izan behar duela eta datorren urtean, herriko lanak amaitu bezain bizkor, herri erdira itzuli behar dugula.
Datorren urtean 10 urte beteko dira Sorgin Jaiak sortu zirela REM zenaren magalean. Honela herritar guztiei dei egiten diegu urtean zehar antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko eta datorren urteko jaiak guztion artean antolatzeko.
Hala ere pasa berri diren jaiak baloratzeari ekingo diogu, argi ilunak ageri baitira zeruan.
Ahaztuak
Ezin dugu aitzakiarik jarri, ezin dugu barkamenik eskatu, baina argi eta garbi adierazten dugu ez zaituztegula ahaztuko.
Aurtengo zuziria botatzerakoan oholtzan jende asko falta zen, altxamendu faxistaren biktimak asko direlako gure herrian, eta beraiei eskaini nahi izan genien aurtengo lehen txalo zaparrada. Guretzako ohore bat delako zuen hurbiltasuna nabaritzea.
Baina lehen aipatu bezala, jende ugari falta zen oholtza gainean eta beraiei hitzezko lehen muxua.
Gazteak
Sorgin jaiak zer litzateke gazterik gabe. Hemen bigarren muxua, pintatu, txosna altxa, josi, musika jarri, zerbitzatu, janaria egin, kafe goxoak eman, garbitu, jaso, gorde, hitz egin, dantzatu, ... Amai ezina.
Dudarik gabe gure herriak pozik egoteko hainbat motibo izan baditu, eta horietako bat gazte jendearen indarra da. Biba zuek.
Ordutegia
Txosnetan dena berandu!!! Saiatu izan gara dudarik gabe ordutegia betetzen, egitarau beteari ordurik ordu lotzen, baina batzuetan ezin eta besteetan eskutik joandako kontuak.
Datorren urtean egunari 30 ordu eskatu beharko dizkiogu bestela alfer alferrik gabiltza.
Honela barkamenak eskatu Sorgin Dantzako kide guztiei, zer zen hura, alde batean Gabirikoak dantzan eta bestean Sorgin Dantzakoak. Bi lekutan egon nahi eta ezin.
Bizilagunak
Lagun izaten jarraitzen dugu ezta? Errepidea moztuta, gauean musika eta zarata non nahi. Mila esker erakutsitako pazientzia dela eta, uste dugu gurekin batera jaietan gozatu izana. Muxu bat bizilagun guztiei.
Mila esker
Mila esker, bertan parte hartu duzuen elkarte eta pertsona guztiei, zerrendatzen hasi gaitezke, baina zerrenda amaigabea da. Zikiroko giroa, oilaskoen usaina, dantzarien iaiotasuna, irrien lagunak, kafe pizgarrien beharra, kontzertuetako alaitasuna, parte hartze nabarmena, goitik behera eta behetik gora egitea posible dela erakutsi duzuenak, antzerkirik gabeko mundua tristea delako, rumba, ska eta trikitia, umeen danbor jokoa, lokalen aniztasuna, erritmo eta errima jokoak eta zuek, denak, txosnan eskean edo lanean ibili zaretenok eta oholtzan kantuan alaitasunez ibiliak. Mila esker guztiei.
Argiak
Greba orokorra herrian, modu nahiko berezian landu behar izan genuen, guk gure aldetik goizean zehar itxia mantendu genuen gunea, eta arratsaldean manifestazio jendetsua abiatu zen herriko karriketan barrena. Herri langilearen borrokaren aldean kokatzen garelako inolako duda izpirik gabe.
Beste argi izpi bat Udalak nahi izan ez zuen ikurrinak ekarri zigun. Gurean ongi etorria izan da dudarik gabe.
Euskara ere nagusi izan da gunean, euskaraz gozatzeko aukera izan dugu sorgin gune osoan zehar.
Gu ez gara udalaren egitaraua epaitzen hasiko, baina euskararen presentzia sorgin gunera murriztu da eta horrek kezka larria piztu digu.
Espero dugu honen joera aldatzea eta euskararen eremua herri osora zabaltzea.
Ilunak
Eguna iluntzen saiatu ziren Ertzaintzaren hiru patruila. Arratsaldeko lauak pasa berri zirela, Ertzaintzaren hiru patruila iritsi ziren sorgin gunera ziztu bizian, bertan lau pertsona identifikatu zituzten eta ondoren eskuz eginiko Euskal Presoak etxera zioen maindire zatia handia ostu zuten.
Ondoren, txosna barrura sartu, inongo baimenik gabe, eta bertan beste banderola bat eta amnistia jartzen zuen beste bi banderola lapurtu zituzten.
Ekintza honen aurrean Sorgin Jaiek bere haserrea eta identifikatuak izan ziren lagunei babes osoa eskaintzen die.
Honetaz gain, lapurtuak izan ziren gauza guztiak lehen bait lehen itzultzeko eskaera egiten dugu. Presoen gerturatzea eskatzea ez da ilegala, ilegaltasuna presoak beraien herritik mila kilometrotara izatean datza.
Azpimarratzeko kontua da, Sorgin Jaiek herriko diru publikotik 0 euro jasotzen dituela eta bere aurrekontua 23.000 eurotik gorakoa dela. Herriko jai parte hartzaileak antolatzeko sekulako sakrifizioa egin behar izaten dute herritarrek.
Hau ez da pozteko kontua, argi dago auto finantziatzeko gai garela, baina herriko dirua guztiona dela izaki, zer pentsatua ematen du.
Azken egunean, Sorgin Jaietako ordenagailua eta pantaila lapurtuak izan ziren. Lapurreta honek ekonomikoki baino gehiago moralki min handiagoa ematen digu.
Hau da Sorgin jaiek eginiko gogoeta, datorren urtean 10 urte ospatuko ditugu.
Animo, muxu asko eta aupa zuek. Beti bezala, herritik eta herriarentzat.