Encinas, Somotoko Ikerketa Batzordeko lehendakariaren dimisioa eskatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2010eko uztailaren 9a

Somotora bideratu ziren laguntzak ikertzeko sortu zen Batzordeko hurrengo bileran Jose Angel Encinas Partidu Popularreko zinegotziak garapen-laguntzen Ikerketa Batzordearen presidente gisa dimititu dezala eta beste presidente bat hautatu dadila eskatuko dute EAJ, LOHP, Hamaikabat eta Ezker Abertzaleko zinegotziek. Hala jakin arazi zuten asteazkenean eskaini zuten prentsaurrekoan.

Aurrekariak

2009ko abenduaren 15ean laguntzen ikerketa batzorde berezia osatzea onartu zen Udal Batzarrean. Formalki urtarrilaren 18an eratu zen Batzordea eta bilera horretan, PSOE eta PPren bozkekin Encinas jauna presidente izendatua izan. “Inor ez ginen harritu, izan ere, zinegotzi horrek ez du inoiz interesik agertu garapen-laguntzen inguruan” adierazi dute oposiziokoek.

Argudioak

Oposizioko gainerako taldeek orduan izan zuten susmoa, “Batzordearen lanari trabak Batzorde barrutik bertatik sortuko zitzaizkiola” agerian jarri dela ere jakin arazi dute.
PPko zinegotziaren hainbat jokabide salatu dituzte, behar beste bilera-saio ez dituela deitzen, aitzakiak jartzen dituela bilerarik ez egiteko, bilerak zorrozki zuzentzen dituela eta hauetan nor agertuko den hark bakarrik erabakitzen duela, ez duela egoki ikusten gainbegiratzeko paperik eskatzea, gainerako zinegotziek egiaztatutako erabaki, dokumentu, zenbateko zehatz eta datuen aurrean berak ezjakintasuna, axolagabekeria eta nagikeria besterik ez duela erakusten,...
“Halako pertsona batek ezin du ikerketa batzordea zuzendu, ikertuak direnek apropos jarria baitago, bere utzikeriaz ikerketa noraezean alferrik galdu dadin,” adierazi du eta zera gaineratu: “itxurak gordez, baina ezer ez eginez denbora igarotzea besterik ez du lortu nahi, egia azaleratu nahi dugunok aspertzeko eta itxaropena galtzeko, batzordea denbora igaroz iraungitzen uzteko”.
Honetaz gain, batzordeko presidenteak batzordeko kide diren ezker abertzaleko zinegotziei tratu lotsagarria ematen diela salatu dute, “ez ikusiarena egiten du haiekin eta haien proposamenekin. Zenbaki batez deitzen die, ez haien izenez, eta gehienetan han ez baleude bezala jokatzen du”.
Hau guztiagatik, presidente berria ezartzeko eskaera egiten dute, ”lana bizkortu eta eraginkortzeko eta ikerketak, azterketak eta agerpenak denbora labur batean egin eta hartara laguntzen izan duten xedeari buruzko ondorio gardenak ateratzeko”.

Dokumentazioa

Era berean, batzordeko bilerak prestatzeko dokumentazioa, eta laguntza horiek gainbegiratzeko ardura zuten udal teknikarien txosten guztiak eskura ez dituztela aditzera eman dute oposizioko zinegotziek: “oraindik ez dugu eskatutako dokumentazio osoa jaso. Eta falta den informazioa Udalean ez dagoela adierazi digute,” jakinarazi dute.

Somotoko auditoria

Honetaz gain, Somotoko herrian auditoria martxan dagoela gogora arazi zuten salaketa jarri duten zinegotziek eta Udalari zuhurtziaz ez jokatzea leporatzen diote, “Gobernu taldeak erakusten duen jarrera ikasle txarren jarrera da, ikasturteko notak ezkutuan eduki oporrak igaro arte”.
Izan ere, ekainaren 15ean informe osoa bertan egon behar zuela jakin arazi dute. Gainera, azaldu dutenez, ikerketa Batzordeko kideek hiru dokumentu dituzte soilik eta ez dute oso argi nola sailkatu daitezkeen, “Gobernu taldeak informearen aurrerapen hutsak direla dio“ eta.
Auditoriako informazioa giltzarria izan daitekeela uste dute, horregatik, nahitaezkoa jotzen dute informea zinegotzien esku jartzea. Haien ustez, “ez baitago inolako aitzakiarik auditoriaren entrega atzeratzeko. Edo saihetsezina ikusten dutena atzeratu nahi al dute?”