09 Rikardo Ortega EBko zinegotzia kargu guztietan ordezkatua izan da

Txintxarri Aldizkaria 2010eko uztailaren 9a

San Markoseko Mankomunitateko ordezkaritza, Euskara batzordeko lehendakaritza eta Eskola kontseiluko ordezkaritza dira atzoko Udalbatzarrean Rikardo Ortega EBko zinegotziari kendutako karguak.
Egun hauetan, Rikardo berak komunikabideei jakin arazitakoa, baieztatu zen Udalbatzarrean.

Ordezkoak
Honela, San Markoseko ordezkari berria Martin Moreno dugu eta Euskara batzordeko presidente berria, Iñaki Mugika.
Eskola Kontseiluan, Rikardoren lekua institutuko mahaian Marisa Zubirik hartuko du. Kontseilu honetan, beste aldaketa bat ere egin zen, Landaberri-Garaikoetxeako mahaian, Iñaki Mugikaren lekuan Martin Moreno egongo dela.

Rikardoren salaketa
Egun hauetan komunikabideetan agertu den bezala, EBko zinegotziak bere ordezkapenaren atzean beste arrazoi batzuk daudela salatu zuen atzo.
Besteak beste, Goiegi Gorako hotelaren arau ordezkatzaileen aldaketaren edo aurrekontuen bozkak aipatu zituen Rikardok.
Gainera, errausketa planta eta atez atekoari dagokionez PSOE-EEk, EAJ-k eta H1!-ek haien zuzendaritzen aurrean makurtzen direla aipatu zuen. Eta aurreko batzar batean, EAJ-k San Markoseko ordezkaritza zergatik mantentzen zuen galdetu zueneko momentua erakarri zuen. Orduan, alkateak bere kudeaketa positiboa zela erantzun zuen. Ordudanik, “niri dagokionez ez da ezer aldatu,” aipatu zuen Rikardok.