Lasarte-Oriako Udaleko funtzionario eta beste langileen lan-baldintzak arautzen dituen esparru edo eremua aldatzeko proposamena onartu zen.
Honen bitartez, Gobernu taldeak enpresa komitearekin negoziatu eta gero, udaleko langileek Udalhitz hitzarmarekin bat egiten dute.
EBko Rikardo Ortega eta LOHPko Isabel Prieto zinegotziek bozkan abstentzioaren alde egin zuten.
Aurretik sinatutako hitzarmena bete behar dela azpimarratu zuten biek. Eta Rikardok gainera kezkak ditu: “Estatuak esku artean duen dekretua onartzean, ea zer gertatzen den akordio honekin”. Alkateak “dekretua onartu arte itxaron behar da eta orduan, ikusiko da,” esanaz erantzun zion Ortega jaunari.
Ezker Abertzaleko zinegotziak, aldiz, pozik agertu ziren langileen ordezkariekin hitz egin eta akordiora iritsi izanagatik.
Aparkalekua Zumaburun
Ohizko batzarra izanik, alderdiek galderak eta eskaerak egiteko aukera izan zuten eta alkateak argibide eta erantzun ugari eskaini behar izan zituen.
Horrela, LOHPko zinegotziaren galdera bati erantzunez, Lasarte-Oriako alkateak Zumaburuko oinezko eremuetan gauez aparkatzeko baimena eman nahi duela jakin dugu, “eremu horretan dauden lanak bukatzen direnean”.
Aurrekontua
Bestalde, gobernu taldeak 2010 aurrekontua iraila edo urrian aurkeztu beharrean, 2011koa prestatzeko asmoa du. EAJ eta LOHPko zinegotziek bat egin zuten proposamenarekin.
Jesus Zaballosek 2010eko aurrekontuen dokumentuak kontu-hartzaileen eskuetan daudela eta hauek memoria egin behar dutela jakitera eman zuen.
“Zenbakiak bat badatoz, 2010eko aurrekontua aurkeztuko dut. Horrela ez bada, 2011koarekin hasiko naiz. Izan ere, nire ustez, aurrekontua beharrezkoa da udalak aurrera egin dezan,” adierazi zuen.
Zabor bilketa sistema
Gobernu taldea atez ateko bilketa sistemaren aurka dagoela argi geratu dela aipatu zuen Rikardo Ortegak.
Honela, bostgarren edukiontzia jartzeko proiekturik ba al dagoen galdetu zuen.
Izan ere, herria legetik kanpo dagoela gogoratu zion alkateari, “legearen arabera, materia organikoa bildu beharko luke.”
Alkateak bostgarren edukiontziari buruz oraindik ez duela pentsatu onartu zuen.
Sistema telematikoa
Isabel Prieto, LOHPko zinegotziak herritar baten galdera eta eskaera eraman zuen Udalbatzarrera, zerbitzu telematikoen erabiltzaile kopurua eta hauen bitartez, Udal Musika eskolako aurrematrikula eta matrikula egiteko aukera egotea.
Alkateak Udaleko zerbitzuak hobetzen saiatzen direla adierazi zuen. Ezin izan zituen datuak eman, baina herritar guztiek Internet ez dutela gogoratu eta horretarako, WIFI puntuak eta kioskoak jartzen ari direla gogoratu zuen.
Argibide eta eskaera ugari
Honetaz gain, ezker abertzaleko ordezkariek udaltzainen akordioa nola dagoen galdetu zuten. Jesus Maria Zaballos alkateak udaltzainen ordezkariekin hitz egin ostean, hauek Udaleko langileak direla adostu eta Udaletxeko hitzarmenaren barruan daudela jakin arazi zuen.
Era berean, Euskara batzordera doazen PSOE-EEko ordezkariak euskaraz jakin edo ulertzen dutenak izan daitezela eskatu zuten ezker abertzaleko zinegotziek: “Euskarari garrantzia eman nahi badiozu eta sinesgarritasuna edo konfiantza lortzeko bederen” adierazi zioten alkateari.
Batzordeetako bileretara PSOE-EEk izendatutako zinegotziak joan ezin badira, ordezkoak joaten direla erantzun zuen alkateak.
Bestalde, Kirol batzordean, Loidi Barrengo frontoia zergatik itxi den galdetu eta erantzunik izan ez zutenez, ezker abertzaleko ordezkariek udalbatzarrera eraman zuen galdera hori.
“Dakizuenez, Loidi Barreneko pilotalekua bi faseetan eraikiko da. Lehenengoa bukatu zen eta orain hasi da bigarrena. Honetan, pilotalekuko argiteria, padeleko pista eta rokodromoa egingo dira,” erantzun zuen Zaballosek.
Rikardo Ortega EBko zinegotziak San Pedro jaiak hasi baino lehen txosnen kokalekuaren inguruan egondako tirabirei buruz galdetu zuen, duda tekniko edo legalik egon ote zen alegia.
Alkateak tirabirarik ez zela egon azaldu zuen, “txosna haiek eskatutako lekuan jartzeko asmoa zegoen, Loidi-Barreneko frontoiaren aurrean. Baina haiek leku aproposa ez zela jakin arazi zidaten eta errepidean egin zen azkenean. Gurekin behintzat ez dute kexarik”.