Zakurrei eta jabeei erakusten

Txintxarri Aldizkaria 2010eko uztailaren 12a

Arrakastaz burutu zen ostegun eta ostiralean Lasarte-Oriako Udalak zakurren jabeentzat antolatu duen ikastaroa. Helburua, zakur jabeak hezi eta zakurren artean izaten diren arazo eta iskanbilak saihestea izan da. Bi egunetan zakurren jabeei aholkuak eman dizkiete zakurrek jokabide zuzena izan dezaten, gero zakurren artean arazorik izan ez dadin, hau da, kalean edota parkeetan gurutzatzen edo elkartzen direnean elkarrekin hartu-eman egokia izan dezaten.
Udalak kexak jaso ditu zakurrak parkeetan dabiltzalako eta zakurren artean izaten diren borrokek sortzen dituzten eragozpenak direla eta. Hortik abiatuta eta zakurren jabeak kontzientziatzeko helburuarekin antolatu dute ikastaroa, Gurutze Irisarri Udal Teknikariak adierazi digunez.
Udala zuzenean jarri zen harremananetan zakurren jabeekin eta hauei bidalitako gutunak erantzun ona izan du. 30-40 lagun inguru izan ziren osteguneko hitzaldian eta ostiraleko topaketa praktikoan.
Ostiralean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Atsobakarren, zakurren jokabideak aztertu eta jabeek zein jarrera hartu behar duten erakusten aritu ziren Jon Azpiroz zakur hezitzailea eta Irungo "Mi Noble y Fiel Amigo/Nire Adiskide Zintzo eta Leiala" elkarteko Manuel Villar eta Maria Riesgo zakur-etologoak, hau da, animalien portaera aztertzen jakitunak.
Aditu hauek ostegunean hitzaldi teorikoa eman zuten eta ostiralean bezperan azaldutakoa praktikan jarri zuten Atsobakarreko parkean. Hirurak dira zakurren trebakuntzan adituak, eta banan-banan aztertu zituzten Atsobakarrera hurbildu ziren jabe eta zakurren jokabideak. Zakurren erreakzioak nolakoak izaten diren, une bakoitzean zakurrek duten jarrerak zer esan nahi duen, eta beste hainbat egoera jorratu zituzten. Gurutze Irisarri udal teknikariak ukatu egin du bestalde Lasarte-Oriako Udalak une honetan zakurrak libre eramateagatik edota zakur-kakak ez jasotzeagatik "momentuz" isunak jartzeko asmorik duenik eta jabeak kontzientziatzearen bideari helduko diola azpimarratu zuen. Horixe izan da hain zuzen ere ikastaroa antolatzera bultzatu dituen arrazoia.
Ikastaroa eman zuten adituen esanei adi, Ingurumen Batzordeko buru Marisa Zubiri eta Martin Moreno zinegotziak ere Atsobakarren izan ziren ostiralean . •