Udako txoko eta kanpaldiak ekintzez beteak

Txintxarri Aldizkaria 2010ko uzt. 12a, 02:00

Ikastola bukatu eta haurrek ez dute aspertzeko betarik Ttakun Kultur elkarteak, Udalaren laguntzaz, antolatutako Udako txoko eta kanpaldietan.

Udako txokoak

Udako Txokoak uztailaren 1ean hasi ziren. Landaberri-Garaikoetxeako eraikina eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Sasoetako eraikina umez bete dira hilabete bukaera arte, baina oraingoan haur eta gaztetxoei gozatzeko aukera iritsi zaie.
Izan ere, hamaika ekintza eta abentura biziko dituzte uztaila eta abuztuan.
Esate baterako, asteartean, San Fermineko txupinari aurre hartuz, Iruñeako jaien giroa bizitzeko aukera izan zuten txikienek Andatza plazan. Izan ere, eguraldia lagun, txupina eta entzierroa egin zuten bertan.
Ederki egin zuten lasterka gaztetxo gehienek zezen eta behiaren aurrean; txikienak, ordea, izkina batean geratu ziren begira.
Hau guztia, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Gora Sanfermin abestiak girotua egon zen.
Handienek, berriz, irteerak izan dituzte. Tolosako txotxongilo museoa ezagutu dute LH1ekoek, urte bete zaharragokoek Zelatun eta LH3 eta LH6 artekoek, Bertizko jaurerriko natur parkea.
Hauek gainera, lagun berriak egiteko aukera izan zuten, Urnietako udako txokoetako gaztetxoekin batera egin baitzuten txangoa.

Mendigorria

Bestalde, larunbatean uztailaren 3an, udaleku itxiei hasiera eman zitzaien.
Lasarte-Oriako 75 bat gaztetxo autobusa hartu eta Nafarroako Mendigorria herrixkara egin zuten.
Bertan, gaztetxoenek Denboraren makina programa egingo dute jokoez, tailerrez eta ekintzez betetakoa, hala nola, pringe eguna edo malabaren tailerra.
Helduenek, aldiz, Erronka Xtreme programa dute. Honen barruan, lau eguneko irteera egin dute txirrindaz eta inguruko Larraga eta Oteiza herriak ezagutu dituzte.
Atzo, berriz, guztiek Senda Vivara txangoa zuten. Ziur primeran pasa zutela, bai haurrek, baita begiraleek ere, bertako atrakzio, animali eta ikuskizunekin.
Eta ezin ahaztu, etxeko igerilekuan egingo diren jokoak eta bertan igaroko dituzten momentuak.

Kanpaldiak

Kanpaldi ibiltariari dagokionez, uztailaren 3an, Heletan burutu zen Euskal Herria Zuzenean jaialdiara joan ziren.
Bertan, goizean, gogor egin zuten lan eta arratsaldean, Berri Txarrak, Zea Mays edo Bizardunak taldeen kontzertuak ikusteko aukera izan zuten gazteek.
Aste honetan zehar, Bidarrai eta Baigorri inguruak ezagutu dituzte eta eskalada egiteko astia ere izan dute.
Orain, Baztango bailaran dabil taldea eta Elizondo dute helmuga.
Etxera bueltatzeko gutxi falta zaie, baina ekintza ugari dituzte oraindik egiteko kanpaldi berezi hauetan.