Iaz, Itsasoaren alaba dokumentala aurkeztu zuten Donostiako zinemaldian eta aurten bi pelikula eramango dituzte: Sagarraren Denbora, Alfonso Etxegarai eta Kristiane Etxaluz: 25 urte deserritik itzultzen eta Debekatua Dago Oroitzea. Saturrarango Kartzela.
Biak pelikulak dokumentalak dira, lehenengoan, 25 urte Euskal Herritik kanpo deportaturik daraman Alfontso Etxegarai eta bere bikote Kristiane Etxaluz-en bizitza eta harremana kontatzen da eta bigarrenean, 1937 eta 1944 artean Saturraraneko hondartzako kartzelan eduki zituzten bi mila emakumeren baldintza kaxkarrak.
Itsasoaren alaba
Ostegunean, 2009ko Itsasoaren alaba filma eskaini zuten. Bertan, Haizea Goikoetxearen asmoa eta hilabete batzuetako jardun edo ariketa kontatzen da: bi urte zituen GALek bere aita Mikel Goikoetxea Txapela hil zuenean eta aitaren oroitzapen batere ez badu ere, 25 urte geroago aita eta bere ingurua nolakoak ziren jakingo du pixkanaka aita ezagutu zutenen ahotik.
Asteartekoa ere dokumental zirraragarria izan zen. Urte osoa eman dute Josu Martinez eta Txaber Larreategi zuzendariek dokumentala prestatzen, 2009ko apiriletik duela gutxi arte eta hainbat ordutako grabaketa dokumental hunkigarri bihurtu dute.
Sagarraren denbora gutxi gorabehera ordubeteko filmean, banaturik bezain elkarturik bizi den bikotearen bizitza kontatzen da.
25 urte daramatza deserriratua, deportatua, Alfontso Etxegarai bizkaitarrak. Egun Afrikako Sao Tome irlan bizi da. Kristiane Etxaluz-ek hilabete batzuk Sao Tomen igarotzen ditu, Afrikan, eta beste batzuek iparraldeko Domitxine jaioterrian, Europan. Bikotearen bizitza eta harremanak kontatzen ditu dokumentalak eta une batzuetan gutun erromantikoen garaian bizi direla dirudi.
Tartean ageri dira Lemoizeko zentral nuklearraren aurkako Alfontsoren borroka, Ipar Euskal Herrian errefuxiatu izan zen garaia, GALen erasoak, deportazioa, torturak, eta Kristianen kasuan, errefuxiatuekin izan zuen harremana edota hilabete batzuetako kartzelaldia.
Unerik beldurgarriena Etxegarai Ekuadorren deportaturik zutenean polizia espainiarrek Euskal Herriko zulo batengatik galdezka bortizki torturatu zuten unearen kontaketa da.
Zuzeneko azalpenak
Josu Martinez zinema zuzendaria eta Kristiane Etxaluz Kultur Etxean izan ziren asteartean pelikula ikusi zutenei azalpenak emateko.
Kristiane Etxaluz xuberotarrak, kontatu zuen bi zuzendariak izan ez dituzten haurrek ematen duten goxotasuna eman diela eta asko saiatu direla biak beraien istorioa kontatzen. "Goxo handi bat izan da, Alfontsorendako irri egiteko parada izugarrizkoa, ikusten nuelarik Josu eta Txaberrekin zozokeriak erraten, pentsatzen nuen bazirela 25 urte ez zuela horrela irri egin, eta jakin ezazue hori izugarrizkoa dela".
Bestalde, Etxaluzek aipatu zuen beraiei gertatua zabaltzeko egin dutela filma, "baita ere jendearekin konektatzeko, baina ahal bazen arimetatik arimetarat heltzeko".
Transmisioa
Josu Martinez zuzendariak ere oso hurbileko sentitu dituela adierazi eta gero, filma egiteko arrazoi nagusiak aipatu zituen: "lehendabizi uste dugulako hau transmititu behar zela; Kristiane, Alfontso eta egoera berean dauden beste hainbaten istorio eta bizipenak ezagutarazi behar zirela, urte askotan ezkutuan egon direlako eta guk kontatzen ez baldin baditugu, ez Txaber eta biok, baizik eta hurbil sentitzen ditugunok, ez dituelako istorio hauek inork kontatuko edo agian okerragoa dena, beste norbaitek kontatuko ditu beste modu batera, gizatasuna ere ukatuz, hau da, guk Kristiane eta Alfontsorengan aurkitu duguna erakutsi gabe, baizik eta telediarioetan askotan entzuten dugun beste zerbait..."
Josu Martinezek horrelako istorioak jasotzen jarraitzeko asmoa duela aipatu zuen filma ikustera hurbildu zirenen aurrean. Bere ustez, "aldi berean ariketa hau guztiok egin beharko genuke, guztiok daukagu eta inguruan jende baliotsua. Ez du kamerarekin izan behar, baizik eta elkarri entzunez eta elkar ezagutuz..." Momentuz Josu Martinezek Itsasoaren alaba dokumentala egin zuen iaz, aurten “Sagarraren denbora” egin du Txaber Larreategirekin batera eta trilogia ixteko preso baten bizipenei buruzko hirugarren bat egiteko asmoa aipatu zigun. Iaz Itsasoaren alaba bezala, Sagarraren denbora Donostiako Zinemaldian izango da eta Biarritzekoan ere izango dela espero dute.
Josu Martinezek adierazi zuenez, beraientzat ere “esperientzia oso goxoa” izan da filmaren grabaketa: “Alfontso eta Kristiane ezagutu ditugulako, oso hurbileko sentitu ditugulako. Azken finean benetan pertsona bereziak, ezagutzea merezi dutenak. Niri plazer handia ematen dit, Alfontso eta Kristiane ezagutu eta nik sentitu dudana, beste batzuei transmititzen saiatuz, beste batzuei ezagutzeko aukera emanez” adierazi zuen aurreko asteartean Kultur Etxean.
Dokumentala ikustera joan zirenei filmari buruzko iritzia edo "kritika" Alfontsori sagarrarendenbora@gmail.com helbidera bidaltzeko eskatu zien, "eta agian jasoko duzue erantzun bat itsasoaren beste aldetik. Dokumentala ikusi duzue eta ikusi duzue oso eskuzabalak direla".
Okendo Zinema taldeak antolatu du Udako zinema egitaraua Gite-Ipes eskaini diren bi filmeak ekoizi dituen erakundearen laguntzarekin.