Ola kalea itxiko da gaur, saneamenduko lanen hirugarren fasea dela eta

Txintxarri Aldizkaria 2010eko uztailaren 12a

Lasarte-Oria eta Usurbil udalerrien saneamenduko intertzeptore orokorreko lanak direla eta, gaurtik aurrera Kale Nagusitik Ola kalerako sarrera itxita aurkituko dugu.
Lan hauetako hirugarren faseari ematen zaio hasiera gaur eta gutxi gorabehera bi hilabetez egongo da eremu hori itxia.

Zirkulazioa

Era honetara, Ola kaleko mozketa dela eta, zirkulazio aldaketak egongo dira gaurtik aurrera Zumaburu eremuan.
Zumaburu auzorako sarrera elizaren ondotik izango da eta auzoaren irteera Erribera kaletik. Zumaburu kalean kotxeen zentzua aldatu egingo da, beraz.
Kalean zentzuarekin gertatzen den bezala, garajeen sarrerak eta irteerak ere zentzuz aldatzen dira. Orain arte sarrera zena irteera izango da eta irteera zena, sarrera.

Proiektua

Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak sustatutako proiektua da hau eta garrantzi bereziko lana izango da udalerriarentzat.
Honi esker, Loiolako araztegiarekin konektatuko da herriko saneamendu sarea eta, ondorioz, Oria ibaira ez da isurketarik egingo.

Fase ezberdinak

Herritarrei ahalik eta gutxiena jasanarazteko eta irtenbideak eman ahal izateko, lau fase independentetan ekiten ari da proiektua.
Lehenengo fasea eta bigarrena amaitu dira eta hirugarrenari ematen zaio gaur hasiera.
Era berean, alkatetzak barkamena eskatu nahi du sortu daitezkeen eragozpenengatik eta bizilagunen laguntza izango duelakoan dago.