Munduko Kopako bigarren proban urrezko domina eskuratu du Maialen Chourraut-ek

Txintxarri Aldizkaria 2010eko uztailaren 12a

Maialen Chourraut lasarteoriatarrak ekainaren 26-27ko asteburuan Seu d’Urgellen ospatutako Munduko Kopako bigarren proban urrezko domina eskuratu zuen emakumezkoen K-1 mailan. 99.65 segundoko denborari esker lortu zuen gure herriko kirolariak domina.
Elena Kaliska, olinpiadetan bi aldiz txapeldun izan den eslovakiarra, garaitzea lortu zuen finalean Atletico San Sebastian taldeko kirolariak. Finalaurrekoetan hortxe hortxe ibili bazen ere, azken proban 108 ehuneko atera zizkion eta hirugarrenari, Fionna Pennie britainiarrari, aldiz, 110 ehuneko.

Entrenamendu lekuan

Seu d’Urgell ondo ezagutzen du lasarteoriatarrak. Donostian slalom praktikatzeko leku aproposik ez dagoenez, Seu d’Urgell-eko ur mugituetan entrenatu eta probak prestatzen baititu. Kontent ikusi zitzaion Chorraut-i Munduko Kopa lehen aldiz irabaztea lortu baitu.

Laugarren postua

Munduko kopako hirugarren proba pasa den asteburuan, uztailaren 3-4an ospatu zen Augsburg-en, Alemanian.
Maialenek laugarren postua lortu zuen, lehenengoarengandik 376 ehunekoetara. Oraingo honetan ez du podium-a igotzerik lortu, baina, oso hurbil ibili da lasarteoriotarra.
Augsburg-era joan baino lehen Chourrautek argi zeukan bertan aurkituko zituen ur mugimenduak ez zirela ohikoak eta berarentzat egokiak izango. Gainera, ur horietan arraunean ondo arituta ere, orain arte zailtasun handiak izan ditu postu ona eskuratzeko. Dena den, laugarren izan da azken proban, podiumetik oso hurbil, alegia.

Europako sariketan ondo

Lehenengo postua lortu zuen Maialenek bestalde ekainaren 4ean Europako txapelketako lehenengo itzulian. Bratislavan ospatutako proba honetan txapelketa honetako finalaurrekoetarako txartela lortu zuen. Baina ezin izan zen finala jokatu euria egin eta kanalak urez gainezka egin zuelako.