12 Udako txoko eta kanpaldiak ekintzez beteak

Txintxarri Aldizkaria 2010eko uztailaren 12a

Ikastola bukatu eta haurrek ez dute aspertzeko betarik Ttakun Kultur elkarteak, Udalaren laguntzaz, antolatutako Udako txoko eta kanpaldietan.

Udako txokoak

Udako Txokoak uztailaren 1ean hasi ziren. Landaberri-Garaikoetxeako eraikina eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Sasoetako eraikina umez bete dira hilabete bukaera arte, baina oraingoan haur eta gaztetxoei gozatzeko aukera iritsi zaie.
Izan ere, hamaika ekintza eta abentura biziko dituzte uztaila eta abuztuan.
Esate baterako, asteartean, San Fermineko txupinari aurre hartuz, Iruñeako jaien giroa bizitzeko aukera izan zuten txikienek Andatza plazan. Izan ere, eguraldia lagun, txupina eta entzierroa egin zuten bertan.
Ederki egin zuten lasterka gaztetxo gehienek zezen eta behiaren aurrean; txikienak, ordea, izkina batean geratu ziren begira.
Hau guztia, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Gora Sanfermin abestiak girotua egon zen.
Handienek, berriz, irteerak izan dituzte. Tolosako txotxongilo museoa ezagutu dute LH1ekoek, urte bete zaharragokoek Zelatun eta LH3 eta LH6 artekoek, Bertizko jaurerriko natur parkea.
Hauek gainera, lagun berriak egiteko aukera izan zuten, Urnietako udako txokoetako gaztetxoekin batera egin baitzuten txangoa.