Santa Ana eguneko ospakizunen antolaketa abian

Txintxarri Aldizkaria 2010eko uztailaren 15a

Santa Ana parodia guk ezagutzen dugun bezala, 60 urte beteko ditu aurten, uztailaren 26an, eta dagoeneko Ttakun Kultur Elkartea murgilduta dago Santa Ana Eguneko ekitaldien antolaketan.
Ohitura denez, Brigitarren Komentuko mezarekin hasiko dira Santa Ana eguneko ospakizunak 11:00etan. Ondoren, Ttakunek antolatutako luncha dastatu ahalko da Brigiten plazan eta eguerdian, Santa Ana Karkabaren aurrean agurra dantzatuko dute Erketz Dantza Taldeko dantzariek.

Parodia musikala

Baina eguneko ekitaldirik garrantzitsuena eta sonatuena gaueko 22:30ean hasiko den Parodia da eta aurten ere Santa Ana eguneko parodia Isla plazan egingo da, Zumaburun, Okendo plazan lanak egiten ari baitira oraindik.
Berrikuntzarik aipagarriena aurtengoan parodia musikala izango dela da eta azken urtean herrian gertatutako kontu garrantzitsuenak errepasatuko dira, hala nola, TDTa, Alkate aldaketa, herriko jaiak... baina antolatzaileek ez dituzte datu gehiegi zehaztu nahi, sorpresak ez zapuzteko.
Aurten gidoigintza lanetan Pablo Barrio, Idoia Garzes, Jokin Ayerregarai eta Martin Anso aritu dira.
Parodian parte hartuko duten guztiek (berrogei aktore inguru, dantzariak, musikoak,...), laurogei lagun inguruk, afari ederraz gozatuko dute Saustatxo elkartean.
Bapo afaldu ondoren, 21:30ean Andatza plazatik irten eta, Parodia iragarriz, desfilea egingo dute guztiek herriko kaleetan zehar Isla plazaraino.
Aurten ere Okendo plazan lanak egiten ari dira eta Santa Anako Parodia Zumaburuko Isla plazan antzeztuko da.

Omenaldia

Baina antzerkia egin baino lehen, omenaldia egiten da urtero. Aurten Exikio Perez izango da omendua. Exikiok hainbat eta hainbat urtetan herrian antolatutako ekitaldi eta festak grabatzen jardun baita.
Omenaldiaren ostean, antzerkia izango da nagusi Isla plazako oholtzan. Santa Ana eta San Joakin, Basajaun, epailea eta abokatuak akusatuei egotzitako karguak entzun eta epaia emango dute. Ea akusatuak libratu edo erretzen dituzten!

Entsaioak

Herritarren batek parte hartuko nahi balu Santa Ana Parodian, ongi etorria izango da eta horretarako Ttakuneko bulegotik pasatzea besterik ez du (Geltoki kalea 4), telefonoz deitu 943 371448 zenbakira edo kultura@ttakun.com helbidera mezu bat bidali.
Parodiako entsaioak Manuel Lekuona kulturetxean izango dira uztailaren 19tik 23ra arratseko 19:00etatik 21:00etara.