Kolore kontuak

taxio-arrizabalaga 2010ko uzt. 16a, 02:00

Kolorez josiriko uda dugu aurtengoan, beltza nagusi bada ere. Beltza, bai. Gorriek, gorriz ahalik eta azkarren margotu nahi duten beltza. San Ferminetako pankarten moduko beltza. Langabezia. %19,7. Lan erreformak. Kaleraketen merketzeak. Prekaritatea. Ekainak 29. Udalbiltza. Auzitegi Nazionala. Gorriz eta horiz. Roja y gualda. Selekzioa. Garaipena. Hegoafrika. Naziotasuna. Batzuena, behinik behin. Nazioak. Selekzioak. Beltza.
Gorri eta hori gehiago ere badira. Ez lehenagokoen modukoak, ordea. Vermell i groc. Som una nació. Tenim el dret de decidir. Baita gorri, txuri eta berdeak ere. Nazioa gara. Autodeterminazioa. Koloreak. Beste askorekin batera. Hauek ere gorriz, gorri hutsez estali nahiekoak. Futbola. Opioa.
Kolore festa, beraz. Ezkutatu nahi badira ere. Berdea. AHT. Superportua. Erraustegia. Zubieta. Lila eta ortzadarraren koloreak. Erasoak. Eskubideen aldarrikapenak. Urdina. Abortoa. Eta arrosa. Telebista piztu besterik ez. Beltzak, zuriak, horiak… nahi adina, gure herrian bertan. Aniztasuna.
Gorriak laranja garaitu zuen. Orain, 600.000 eurona trukean bakoitzarentzat. Gure artean, beltzak nagusi izaten jarraitzen badu ere. Gorriz margotu nahi izan duten beltza. Prentsan. Telebistan. Interneten. Gure egunerokotasunean. Poltsikoa diruz beterik dutenek hondoko iluntasunari ez behatzeko gomendatzen jarraitzen dute hala ere. Por dios, la patria, el rey y la roja.