“Euskararekin Lasarte-Oria irabazle”

Txintxarri Aldizkaria 2010eko uztailaren 16a

Aterpea merkatarien elkarteak, Deco 42 tapicerías dendak, Eztiphoto estudioak, Labe-goxo okindegiak, Michelin kontsumo kooperatibak eta Lasarte Parafarmaziak euskara plangintza integrala jarri dute abian. Lagunak elektrizitate dendak eta Xule fisioterapia zentroak aldiz ziurtagiriaren hitzarmena sinatu dute. 2010eko plangintza eta ziurtagiriak sinatzeko ekitaldia asteazkenean egin zen kultur etxean eta Iñaki Mugica Euskara Batzordeko lehendakari bezala estreinatu zen.
“Euskararekin, zeu irabazle” leloa darabil Udalak aspalditik eta horixe da euskara plangintzak martxan jartzearen abiapuntua. Mezuarekin bat egin eta zerbitzua euskaraz ere emanaz bezero batzuen aitorpen eta esker ona jasotzen dutela. Asteazkenean Kultur Etxean euskararen erabileraren aldeko hitzarmena sinatu zutenak kontuan izanik, guztira 67 establezimendu eta enpresa dira Lasarte-Orian euskara plana daukatenak.
Batzuk euskaraz zerbitzua ematen hasteko bidean jarri dira eta besteak jada zerbitzu osoa euskaraz emateko gai direnez, Euskara Ziurtagiria erregulatzeko hitzarmena sinatu zuten.
Udalak, herritarren eskubideak babestu eta legeak dioena bete arazteko, laguntza ematen die prest daudenei euskararen erabilera normalizatzeak eskatzen dien lan karga arintzen, besteak beste, aholkularitza, itzulpengintza edota enpresaren irudia-errotulazioa elebitan jartzeko diru laguntzetan.

Erabaki garrantzitsua

Ekitaldian, Iñaki Mugica, Lasarte-Oriako alkateorde eta Euskara Batzordeko lehendakari berriak enpresen kalitatearekin lotu zituen hitzarmenak batetik, bere jarduera tokiko hizkuntzan eskaintzeak dakarkien hobekuntza aipatuz, eta bestalde, zera aipatu zuen, legeak herritarrei harreman komertzialetan bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko eskubidea aitortzen diela.
"Lasarte-Oriako Udalaren helburuetako bat da aurrekoa gauzatzen laguntzea" esan zuen eta zerbitzu osoa bi hizkuntza ofizialetan emateko gauza izan daitezen Udalak enpresei eskaintzen dizkien laguntzak aipatu zituen.
"Gaur sinatzen duzuenok oso erabaki garrantzitsua hartu duzue eta etorkizunari aurrea hartuta ari zarete hizkuntza gaiak egunean jarriz. Horrela jarraituz lortuko duzue herriko biztanle askoren begirunea eta haietako asko zuen bezero izatea" esan zien hitzarmenean parte hartu zutenei.
Hauen izenean Lourdes Sarasola Michelin kooperatibaren zuzendaritzako kideak hitz egin zuen, zerbitzua euskaraz emateko duten borondatea eta zailtasunak nabarmenduz eta langile batzuk euskaraz ez badakite ere jarrera ona dutela aipatuz. Udalarekin elkarlanean asko aldatu gabe pausu handiak eman dituztela esan zuen, ez dela zaila eta bezeroarekin askotan gertutasuna lortu dutela.
Bukatzeko Marifer Gorostizak, euskara teknikariak hartu zuen hitza Lasarte-Orian euskaldun baino erdaldun gehiago dagoela aitortuz: "errealitatea hori da, baina egia da gero eta euskaldun gehiago dagoela, eta “euskarekin zeu irabazle” esaten dugunean benetan esaten dugula, sinetsita, badagoelako bezero potentzial bat, euskaraz hartuz gero eroso sentitzen dena.