Erdi Aroko giroan murgilduko da Lasarte-Oria asteburu honetan

Txintxarri Aldizkaria 2010eko uztailaren 16a

Santa Ana eta San Joakin eguna, uztailaren 26a, hurbiltzen doa. Egun horretako ospakizunak prestatzen hasi dira eta aurten berrikuntza bat dakar.
Izan ere, aldaketen urtea den honetan, Santa Anako artisau azoka Erdi Aroko azoka bilakatu da, EAB Imagen y Comunicación enpresaren eskutik.

Azoka

Asteburu honetan, azoka berezi honek Dorre parkea eta Brigitarren plaza hartuko ditu eta Lasarte-Oriako eremu horrek denboran atzera egingo du, Erdi Arora, hain zuzen ere.
Arabiar azoka, tabernak, postuak, haurrentzako txokoa eta artisauen lana zuzenean ikusteko aukera egongo da asteburu honetan. Gainera, guztia girotzeko kale ikuskizunak eta musika egongo dira azokako kaleetan zehar.
Azoka larunbata eta igandean egingo da, goizez 11:00etatik 14:30etara eta arratsaldez, 18:00etatik 22:30etara.

Kaleko ikuskizunak

Asteburuan zehar, arestian aipatu bezala, hainbat kaleko ikuskizunek eta musikak girotuko ditu azokako kaleak,
Larunbatean, 12:30ean, hasierako pregoia Errege familia berezi batek eta udal ordezkariek egingo dute.
Errege familia hori larunbateko kale ikuskizunen protagonista izango da. Argi ibili, erregearen oinordekoaren bila ibiliko baitira larunbatean azokara hurbiltzen direnen artean.
Igandean, berriz, izaki mitologikoak eta elizako hainbat pertsonai xelebre ibiliko dira azoka kolorez, musikaz eta algaraz beteaz.
Honetaz gain, azpimarragarria da, larunbata gauean, egingo den ikuskizuna, Akelarrea.
Honetan sua eta piroteknia batuko dira egunari amaiera ikusgarria emateko.

Postuak

Erdi Aroko azoka honek 60 postu izango ditu eta Dorre parkea eta Brigitarren plaza artean banatuko dira.
Denetarik aurkitu ahalko da bertan, janaria, xaboiak, bitxiak, eskuz egindako produktuak, sendabelarrak...
Eta hainbat artisauek lana nola egiten duten ikusteko aukera paregabea izango da, haur eta helduentzat. Batzuetan gainera, ikusleek parte hartzeko aukera izango dute.
Udalak jakin arazi digunez, herriko artisauek ere parte hartuko dute bertan eta haien produktuak ikusi eta erosi ahalko dira.

Haurren txokoa

Etxeko txikiek ere, primeran egoteko aukera dute haientzat bereziki jarritako txokoan.
Bertan, milaka gauza izango dituzte egiteko. Arrantzan egin, dametan edo xakean jokatu, minigolfean edo bola jokoan ibili...
Honetaz gain, torneo berezietan parte hartzeko aukera izango dute azokara hurbiltzen direnek, hala nola, zaku lasterketan, arku-tiroan edo zaldi gaineko zinta.
Gainera, haurren txokoan, Erdi Aroko magoaren ikuskizuna izango dute bi egun hauetan, 12:00ak eta 20:00ak aldera.
Eta Erdi Aroko zaldiko-maldiko batean igo ahalko dira azokara hurbiltzen diren haur eta gaztetxoak.
Bestalde, haurrek azoka era berezian ikusteko aukera izango dute, poney baten gainean.
Azokako antolatzaileek jakin arazi dute, zaldiko-maldikoa, ponyen paseoa, tailerrak eta musika azokako ordutegian soilik egongo direla.