"Lasarte-Oriako komertzioak etorkizun beltza dauka”

Txintxarri Aldizkaria 2010eko uztailaren 16a

Hamar urte baino gehiago igaro dira Aterpea elkartea Lasarte-Orian sortu zenetik. Helburua, herriko denda guztiak batzea eta euren arteko elkartasuna bultzatzea. Eskakizunak bideratzeko taldeak indar gehiago dauka, eta hori argi daukate. Komertzioak egun bizi duen egoeran ere leku izaten laguntzen dio.

Gutxitu diren arren, egun 29 denda gelditzen dira Aterpea merkataritza elkartearen barnean. Hauetako bat Nogues jostundegia dugu. Herrian geratzen den komertzio zaharrenetarikoa, ez baldin bada zaharrena. 65 urte dira jada herrian atean zabaldu zituenik. Herriaren bilakaera, industrializazio, merkatal gune handien sorrera... gauza ugari ikusi dituzte euren dendetatik bai Gabriel Nogues aitak, eta baita Gabriel Nogues semeak ere. Gu azken honekin elkartu gara.

Zenbat urte darama Nogues jostundegiak Lasarte-Orian?
Nire aitak egun 90 urte ditu eta jostundegia gudatik bueltan ireki zuen, 25 urte inguru zituela. Beraz, 65 urte darama Nogues dendak herrian. Beti gizonezkoen arropak saltzen espezializatuak.

Traperia etxea bezala ezagutzen da, oraindik ere?
Egun jende helduak bakarrik ezagutzen du horrela, gainerakoak Nogues denda bezala ezagutzen dute.
Nire aita goian bizi da oraindik eta eraikina aldatu bada ere, kokaleku bera mantendu dugu.

Zure aitak bizitza erdia egin du negozio honetan, nola hartu zuen jubilazioa?
Betiko lana izan du joskintza, eta bai, faltan botatzen du. Egunero birritan edo hirutan agertzen da hemendik, galtzak, oihalak... ukitzen ditu. 90 urte izan arren oso osasuntsu dago.

Egin dezagun historia pixka bat, nola iritsi ziren Noguestarrak Lasarte-Oriara?
Nire aitaren aitona Kataluniarra zen, Leridakoa. Mikelete bezala iritsi zen Euskal Herrira, Ernioko magalera. Bertan, kobratzeko iraganbide bat zegoen, eta bera kobratzaile moduan lanean ibili zen.
Hor lanean zegoela, inguruko emakume bat ezagutu eta ezkondu ziren.
Euren ogibidea, gurdia oihalez bete eta baserrietan saltzea izan zen. Euren semeak, ogibide berarekin jarraitu zuen baina jada Lasarte-Oriako eremuan. Eta nire aita hemen jaio zen.

Noiz sortu zen jostundegia?
Nire aita gaztetan Iruñeako Salesianoetara bidali zuten joskintza ikastera. Bere arrebetako batek alkandorak neurrira egiten zituen eta nire ustetan, hari ikusita hasi zen joskintzan. Hona etorri eta Nogues Jostundegia sortu zuen, 25 urte zituela.

Berak arropak neurrira egiten zituen, egun horrekin jarraitzen duzue?
Ez, egun ez ditugu neurrira egiten. Orain dena industrializatua egiten da. Orain dela urte ugari utzi nion jostun izateari. Ekonomikoki ez zen bideragarria, lan asko zen kobratzen genuenarako. Gainera trajeak egiten nituenean dendari ezin nion behar adina atentzioa eskaini. Beraz, dendarekin jarraitu eta joskintza utzi nuen.

Zein erosle mota dituzue?
Normalean bezero finkoak dira gureak, bizitza guztikoak. Hau da, neurrira egindako trajeekin hasi zirenak eta gero dendan erosten jarraitu dutenak. Usurbildik, Billabonatik, Andoainetik etortzen dira bezeroak, baina normalean Lasarte-Oriako jendea izaten dugu Nogues dendan.

65 urtez irekita, nola eragin zizuen merkatal gune handien irekierak?
Urbil jarri zutenean asko nabaritu zen herrian. Salmentak gutxitzeaz gain, herriko giroak ere gutxira egin zuen.
Neguan herria isolatuta geratzen da. Eguraldi txarra egiten badu, umeak hartu eta estalia dagoen Urbilera jotzen dute herritarrak. Han denetarik dute, eta oso ondo prestatua. Beraz, komertzioetaz gain, herriaren bizi soziala ere kaltetu du Urbilek .

Zenbat urte daramazkizu zuk dendan?
15 urterekin hasi nintzen ni joskintza ikasten. 18 urterekin soldaduska egiteko deitu zidaten eta beraz, ikasketak alboratu behar izan nituen.
Baina bueltan, 20 urterekin lizentziatu nintzen. Beraz, adin horrekin hasi nintzen hemen lanean, eta orain 59 urte baldin baditut, 39 urte daramazkit negozioan.

Nolako garapena izan du jostundegiak urte hauetan?
Hasierako denda eta egungoak ez daukate zerikusirik.
Lehen, jendea dendara hurbiltzen zenean denbora luzez iraungo zuen arropa erostea zuen helburu, modak ez zuten garrantziarik. Gainera, ekonomiari asko begiratzen zitzaion.
Hastapenetan bi arropa klase genituen. Batetik, alkandora eta galtza merkeak eta bestetik, kalitate handikoak.
Erosleak dendara sartzen zirenean eta eskatzen zutenean, iganderako arropa eta egunerokoa ezberdintzen zituzten.
Gaur egun jendea etortzen da oraindik egun berezietarako arropa eskatuz, baina gehienbat jende heldua izan ohi da. Jende gazteak, berriz, kalitate bereko arropa jartzen du asteko egun guztietan.
Egun gainera, jendeak oso ezberdin erosten du. Lehen, aipatu dudan bezala ekonomiari asko begiratzen zitzaion eta epe luzerako arropa nahi zuten erosleek. Gaur egun ez da horrelakorik ematen.

Eta herriaren garapena nolakoa izan da?
Antzinako Lasarte-Oriak ez dauka zerikusirik egungoarekin. Lehen, herrian lau etxe zeuden. Baina industriak eraikitzen hasi zirenean, esate baterako Michelin, jende ugari etorri zen hona bizitzera. Masiboki hazi zen eta herri txiki bat izatetik hiri handia izatera igaro ginen.

Bezero aldetik nabaritu zen?
Bai noski. Oso urte emankorrak izan ziren komertzianteentzako.
Denda gutxi zeudenez, geundenak etekin handiak lortu genituen.
Normalean, garai haietan jendeak aparteko ordu ugari egiten zituzten. Dirua egin eta aurreztea zuten buruan.
Guretzako urte oparoak izan ziren. Izan ere, dirua mugitzen zen.
Nik 22-23 urte nituen orduan eta denda jendez gainezka gogoratzen dut.

Urte ugari, historia handiko negozioa izan da zuena. Sei urte geratzen zaizkizu jubilaziorako, dendak aurrera jarraituko du?
Ez. Erretiratzen naizenean denda itxiko dugu. Ez daukat negozioarekin jarraitu nahi duen ondorengorik.

Pena, ez? Hainbeste urtez irekita egondako negozio bat itxi behar izateak...
Egungo egoerak horretara eramango ditu negozio familiar gehienak.
Zaila da komertzio hauetatik bizi ahal izatea merkatal gune handiak ireki zituztenetik.
Lasarte-Orian joera hori nabaria da. Aterpeak hastapenetan 50 bat komertzio zituen, eta egun 29 bakarrik gelditzen gara. Dendariak jubilatzen direnean, negozioa itxi egiten dute.
Etorkizun beltza ikusten diot herriko bizitza komertzialari. Lasarte-Oria lo egiteko herrian bihurtuko ez ote denaren susmoa hartzen hasi naiz.