Hiru hegaldietan iritsi ziren lehengo astean. Lehenengoan, uztailaren 8an Bilbora iritsitakoak, irailaren 7an egingo dute berriro euren jatorrizko herrialdetara.
Beste bi hegaldiek uztailaren 10an ekarri zituzten gainerako haurrak eta hauek irailaren 9a arte egongo dira gure artean.
Abdel ezin izan da etorri
Iaz, 7 haur izan ziren herrian, aurten 6 izango dira orotara, gainera guztiak errepikatzaileak dira.
Pasa den urtean, Abdel izan genuen Lasarte-Orian, baina aurten 13 urte bete dituenez ezin izan du Oporrak Bakean programan parte hartu. Izan ere, egitasmo honetan parte hartu ahal izateko, 12 urte baino gutxiago izan behar da “Saharako fronte polisarioak urte muga hori jarri zuen” azaltzen digu Txema Benitok, Sahara Herriaren Laguna elkarteko kideak. Hori horrela, Dahsalama, Ma-alinin eta Umujutharentzat azken urtean izango da hau.
Lau familia berarekin
Aurreko urtean, herrira etorri ziren gainerako 6 haurrak; Dalahi, Dahsalama, Brahim, Fahda, Umujutha eta Ma-alinin gurekin daude, berriro ere.
Aurreko urteko harrera familia berarekin egongo dira hauetako lau haur, beste biak familia berri batean egongo dira “gu aurten adibidez ezin izan dugu haurrik hartu lan kontuengatik,” aipatzen digu Txemak.
Ekintzak eta osasuna
Urtero bezala, ekintza ugariz betea datorkie uda Saharako haurrei. Helburua, denbora tarte txiki batez errefuxiatuen kanpamentuetatik ateratzea, bertako baldintza gogorretatik aldentzeko.
“Nazio Batuen laguntzen jaitsiera nabaritu dela aipatu zigun Sahararako lagun batek” esaten digu Txemak, “ospitaleetan oso material eta medikamentu gutxi dago” gaineratu zigun. Halaber, esperientzia, kultura, hizkuntza, ohitura berriak ikasteko aukera dute.
Honetaz gain, haurrei mediko azterketak egingo zaizkie, osasuntsuago hazteko aukera izan dezaten.
“Familia bakoitzak bere aldetik errekonozimendu mediku bat egingo die umeei eta gero Andoaingo Mugarik Gabeko Oftalmologoek Arantzazuko ospitalean errebisio bat doan egingo diete” azaldu zigun Xabier Lima, Lasarte-Oriako taldeko begiraleak.
Lasarte-Oria eta Andoain
Bi hilabetez egongo dira Saharar haurrak gure artean. Lehenengo hilabetean, Lasarte-Orian ibiliko dira. Eta bigarren hilabetean, Andoainen elkartu egingo dira bertako umeekin.
Ekintza eta txango ugari dituzte aurreikusiak. Lasarte-Oriako Udalak eta Sahara Herriaren Lagunek prestatuta, hilabete honetan igeriketa ikastaroa egingo dute.
Abuztuan Urnietako igerilekura, Aquariumera, Donostiara, hondartzara, Tolosako suhiltzaileak bisitatzera... ekintza ugari izango dituzte.
“Gure helburua ez aspertzea, gure ingurua ezagutzea eta gehienbat oporraldiez goza araztea da” aipatu zigun begiraleak. “Ez dizkiegu helburu finkoak markatzen, ordutegiz esan nahi dut, beraiei momentuan nahi dutena egiteko aukera ematen diegu,” gaineratu zigun.
Patata tortilla
Ma-alinin-entzat azken urtea da aurtengoa. Lau urte darama gure herria bisitatzen eta “patata tortilla eta indioilarra” du gustukoen. Bere jaioterrian babarrunak eta dilistak ditu menu nagusi bezala, beraz hemengo aniztasunarekin asko disfrutatzen du. “Mendia, hondartza, ura, igerilekua” asko gustatzen zaizkio eta gozatzen du.
Lasarte-Oriako Udalak ostegunean egin zien harreran Saharatik etorritako 6 haurrei motxila bana banatu zien. Irribarrea nagusi izan zuen Ma-alinin-ek, eta ekitaldia amaitzear zegoela “eskerrik asko opariak eman dizkiguzuenei” hitzekin agurtu zigun.
“Oso ume onak dira eta ematen diozunarekin gozatzen dute” azaldu zigun begiraleak.
Bere lehendabiziko urtea du Xabierrek begirale bezala. “Deigarria egin zitzaidan, bokadiloa jateko ordua iristean, atera eta denen artean banatzen dutela ” azaltzen digu. Kolektibitate kontzeptua oso garatua dute “ez hemen bezala, bokadiloa jaten jartzen duten aurpegi zoriontsua ikaragarria da.”